Zuhaitzak bilakatu dira Iruñeko Zangoza karrikako lur azpiko aparkalekuaren aurkako borrokaren ikur. Iruñeko udal gobernuaren aldaketak bazter utzi du proiektu hori, eta hiriburuko Zabalguneko bizilagunek lasaitua hartu dute, Zangoza kaleko arbolek zutik segituko baitute. Halere, zuhaitzen aldeko aldarria ez da oraingoa, eta Nafarroa basoberritzeko grinaren adibide dira Zuhaitzaren Besta eta Zuhaitzaren Kofradia; zuhaitzen aldeko lehendabiziko besta 1897. urtean egin zuten, Tuteran; Zuhaitzaren Kofradia, berriz, Iruñean sortu zuten, 1925ean. Ingurumenaren aldeko aspaldiko esperientzia horien berri jaso du Ricardo Gurbindo Gil burlatarrak liburu batean: La Fiesta y la Hermandad del Árbol. Primeras experiencias ambientalistas en Navarra (Lamiñarra, 2023).
Gurbindok Iruñeko Udal Artxiboan egiten du lan, eta han badu aukera etnografiarako duen zaletasunak pizten dion jakin-mina asetzeko. Gai batzuen eta bertzeen inguruko bilaketek eman zioten Zuhaitzaren Kofradiaren berri, eta, gaia jorratuz, Zuhaitzaren Bestaren ingurukoak ere jasotzen hasi zen. «Nire hasierako asmoa zen pare bat artikulu idaztea. Baina David Mariezkurrenarekin hizketan [Lamiñarra argitaletxeko arduraduna], liburua idazteko aukera sortu zen», kontatu du Gurbindok.
Zuhaitzaren Kofradiak 1934an antolatutako zuhaitzen inguruko ilustrazio lehiaketako irudi bat. JOSE ESPERT CLIMENT
Espainiako Estatuan zehazki, Bartzelonan eta Madrilen egin zituen Zuhaitzaren Bestak lehen urratsak. «Baso ingeniariek sustatu zuten, XIX. mendearen bukaeran. Garai hartan, egur asko mozten zen, eta basoen egoerak kezkatzen zituen ingeniariak». Nafarroan, Santiago Arnal irakasleak eman zion lehen bultzada Zuhaitzen Bestari. Tuteran ospatu zuten, aurrenekoz, 1897an, eta hurrengo urtean, berriz, Faltzesen. XX. mendeko lehen urteetan, herrialdeko bertze herri anitzetara zabaldu zen ekinaldia. «Zuhaitzaren Festari esker, milaka zuhaitz landatu zituzten herrialdean», nabarmendu du Gurbindok. «Haietako anitz zutik dira oraindik».
Ereindako hazi bat
Iruñean 1922an egin zuten, lehen aldiz. «Kostatu egin zitzaien; udalbatzak festa egitea onartu arren, ez zuten egiten. 1922ko festa Arrotxapean egin zuten». 1927ra arte ospatu zuten Iruñeko Zuhaitzaren Besta. Zuhaitzaren Kofradia 1925ean sortu zuten, eta 1936ko kolpe militarra gertatu arte segitu zuen Iruñea basoberritzeko urratsak egiten. Ezbakan eta Beloson zuhaitzak landatzeko lanak sustatu zituzten, bertzeak bertze. Gurbindok uste du ingurumenaren aldeko hazi bat erein zutela.
«Zuhaitzaren Festari esker, milaka zuhaitz landatu zituzten herrialdean; haietako anitz zutik dira oraindik».RICARDO GURBINDO GIL
Idazlea
Kofradiaren sorrerak eta erakunde horrek egindako lanak hasieratik eman zioten atentzioa Gurbindori. «Iruñeko Udalaren Zuhaitzaren Bestaren inguruko jarrera epelak eragin zuen kofradia abian jartzea, nire ustez. Askotariko jendeak egin zuen bat erakunde horretan, baina uste dut sektore politiko eta ideologiko jakin batekin lotura estua izan zuela. Primo de Riveraren diktaduraren garaian, Euskal Zentroa itxi zuten, abertzaleei jazarri zitzaizkien, eta antolakuntza politikorik gabe gelditu ziren. Zuhaitzaren Kofradia eta Euskararen Adiskideak elkartea urte berean sortu ziren, eta uste dut beste modu batera antolatzeko espazioak izan zirela. Pablo Artxanko edo Humbelino Urmeneta izan ziren kide, besteak beste».
36ko gerrak zapuztu zituen kofradiako kideen asmoak. Kofradiaren ekimenez eta zuhaitzaren bestetan landatu zituzten arbol anitzek, ordea, zutik jarraitzen dute.