Xamurtasunarekin identifikatzen da gehiago lehena, eta furfuriarekin bigarrena, baina biek behar dituzte xamurtasuna eta furfuria. Hurrenez hurren, Elisa Coll (Madril, 1992) idazlea eta La Furia (Cascante, 1983) rap kantaria dira. Iruñeko Harrotu LGTBI udal zerbitzuak antolatuta, Fantasia, furfuria eta etorkizuna: queer sormen prozesuak eta euren botere eraldatzailea eta berrizendatzeko boterea izeneko solasaldian parte hartu dute Iruñeko Kondestablearen jauregian —urtarrilaren 25ean—. Artea sortzeko abiapuntuez, erreferenteez, espazio berriez, ziurtasunik ezaz eta beldurrez solastatu dira, besteak beste.
Lehenik, nondik abiatzen diren eta zein baldintzatan sortzen duten aztertu dute. Sortzeko lekuak erreferenterik gabeko leku «ilun» gisa deskribatu ditu La Furiak, eta raparen historiari erreparatu dio adibide bat emateko. Nabarmendu du lehenengo disko editatua 1970eko hamarkadan sortu zela, eta emakume batek egindakoa, aldiz, 1980ko hamarkadan: «Horrek esan nahi du hamar urte behar ditugula lekuetara iristeko». Horri lotuta salatu du arautik kanpo daudenentzat «zailagoa» dela zenbait espaziotan sartzea: «Leku bateko atea jotzen dugunean, ez dagoenez inor gure zain, ez digute atea irekitzen. Hortaz, lagunei deitzen diegu, eta hamar urteren ostean, atea botatzen dugu».
Bat egin du horrekin Collek, eta, azpimarratu duenez, patriarkalak izateaz gain, sortze prozesuek lotura handia dute lotsarekin: «Zerbait sortzen dugunean, ikusgai jartzen gara; horregatik, gutako askok sentitzen dugu hor egoteko dena akademiatik eta ikuspegi intelektualetik landu behar dugula».
Sortzeko orduan kontuan hartu beharreko beste faktore bat denbora da, eta, La Furiaren ustez, denborak harreman zuzena dauka diruarekin: «Jende prekarioak ez badu denborarik, hau da, ez badu dirurik, nork sortuko du? Zer musika entzungo dugu? Gauza eraldatzaileak sortzen dituztenek ezin badute, burua zaborrez beteko digutenek sortuko dute».
Elisa Coll eta La Furia, Iruñeko Kondestablearen jauregian, urtarrilaren 25ean egindako saioan. IÑIGO URIZ / FOKU
Horregatik, eremu propioak sortzeko premia dagoela nabarmendu dute. Halere, Collek uste du zenbait dinamika erreproduzitu daitezkeela espazio berri horietan: «Batzuetan kostatu egiten zait espazio batzuetan ez egotea, nitaz ahaztuko diren beldur naizelako».
Horrekin batera, erabakiak hartzen diren lekuetan ere egon beharra dela uste du La Furiak. Horretarako sortu du Mimosa Bulegoa. Proiektuaren helburua da arte eta kultura feminista sustatzea: «Gure historia sortu behar dugu, eta aldi berean erabakiak hartzen diren lekuak dinamitatu».
Horizontaltasunaren bila
Bata bestearen ondoan eserita daude, eta erreferente dira bata bestearentzat. Collek, esate baterako, La Furia miresten du sortzen dituen kantengatik eta lan egiteko moduarengatik: «Ahoa zaintzaz betetzen zaigunean, La Furiak benetan jartzen du zaintza erdigunean». Beste liburu batzuen artean, Resistencia bisexual: Mapas para una disidencia habitable (Erresistentzia bisexuala: disidentzia bizigarri baterako mapak) liburua idatzi du Collek, eta «beharrezkoa» eta «lagungarria» izan delako erreferente dela dio La Furiak. Horrez gain, lan egiteko moduagatik ere: «Batzuk furfuria erabiltzen dugu lan egiteko tresna gisa, eta oso polita da ikustea beste batzuek xamurtasuna erabiltzen dutela. Hortik ere sortzeko beste bideak ezagutu daitezkeelako».
Nabarmendu dute norbait mirestea «polita» izan daitekeela, baina ez direla erreferenteak idealizatu behar. «Gertuago ditugun erreferenteak eta horiekin harremanak sortzeko modu horizontalagoak bilatu behar ditu», esan du Collek. Gaineratu du «on gehien» egin dioten erreferenteak hain justu idealizatu ez dituenak direla.
«Leku bateko atea jotzen dugunean, ez dagoenez inor gure zain, ez digute atea irekitzen. Hortaz, lagunei deitzen diegu, eta, hamar urteren ostean, atea botatzen dugu».
LA FURIA rap abeslaria
Erreferenteetatik, sorkuntza prozesuetatik ikasitakora egin dute jauzi, eta Collek esan du lotsa galtzeko lagungarri izan daitezkeela: «Lotsa ematen diguten gauzak egin behar ditugu, gauza bat egiten hasten garenean inoiz ez baita bikaina». Esate baterako, hasieran, zerbait sortzen zuenean zaila egiten zitzaion egindakoa ingurukoei erakustea, ez zelako «perfektua». Orain, berriz, beste leku batetik sortzen duela dio: «Lagunei bidaltzen dizkiet testuak haien iruzkinak entzun nahi ditudalako, eta bakoitzak jakingo duelako zer esan hobetzeko».
Collek esandakoa eskertu du La Furiak, kostatu egiten baitzaio kanta bat kaleratu baino lehen ingurukoei erakustea: «Oraindik ez nago puntu horretan, eta ziurrenik jende asko nirekin identifikatua sentituko da, sentsazio indibiduala baino gehiago kolektiboa baita».
«Gertuago ditugun erreferenteak eta horiekin harremanak sortzeko modu horizontalagoak bilatu behar ditu».
ELISA COLL Idazlea
Lotsa kendu soilik ez, artearen bidez gauza «asko» eraldatu daitezkeela kontatu du La Furiak: «Errealitatea kontatu eta salatu dezakegu, nik furfuriarekin egiten dudan bezala, edo errealitatea sortu dezakegu fantasiaren bidez». Gaineratu du batak besteari laguntzen diola: «Ziurrenik, batzuetan eraldatzeko beharra izanen dut, eta Elisak, kexatzeko beharra». Elkar besarkatuz amaitu dute solasaldia.