Tafallara bidean, Cordovillan gelditu da Teresa Etxarri (Iruñea, 1994). Albaitaria da, eta Gurevet proiektua jarri zuen martxan, duela bi urte: furgoneta bat atondu, eta albaitari ibiltari bilakatu zen, zerbitzua herriz herri eramateko asmoz. Mezkiritzen bizi da, eta Pirinioetako herrietan hasi zen lanean, hain zuzen. Orain, bertze hainbat eskualdetara ere mugitzen da.
Mezkiritzen bizi zara.
Bai, hangoa dut familia, eta ikasketak amaitu bezain pronto herrira joan nintzen. Egunero mugitzen naiz handik lanera joateko.
Herrian gelditu nahi duzu?
Bai. Nik Pirinioetan gelditu nahi dut, eta, ni bezala, bertzeak ere gera daitezela nahi dut.
Asmo horrekin eskaintzen duzu zure zerbitzua?
Bai. Hori da arazoetako bat Pirinioetan, zerbitzuak falta direla. Nik nire esku dagoena eskaini nahi izan dut, eta helburu garbi batekin: ez dezatela gehiago ordaindu behar zerbitzu hori jasotzeagatik. Batzuek erraten didate batetik bertzera joateko egiten ditudan kilometroak ere kobratu beharko nituzkeela, baina ni saiatzen naiz, adibidez, eremu batean ditudan bisitak elkartzen, herritarrek gehiago ordaindu behar izan ez dezaten hiriburutik urrunago dagoen eremu batean bizitzeagatik.
Bokazioz zara albaitari?
Bai; bertzela, nekez egin daiteke lan hau. Nik beti izan nuen argi albaitari izan nahi nuela.
Pirinioetan aritzeko sortu zenuen Gurevet proiektua. Nola hasi zen?
Ia lau urtez aritu nintzen Mutiloako klinika batean. Kontua da lanaldia bukatuta, herrira itzuli, eta beti joan behar nuen lagunen edo ezagunen baten txakurra edo katua artatzera. Kobratu gabe, lanean ari nintzen. Azkenean, autonomo gisa hastea erabaki nuen. Hasieran, Pirinioetan, baina berehala egin nuen handik kanpo ere aritzeko urratsa.
Martxan jarri zinenean, zer-nolakoa izan zen herritarren harrera?
Beharra bazela agerian gelditu zen. Albaitariak ibiltzen dira Pirinioetan, baina, batez ere, baserrietako eta haztegietako animaliak artatzen dituzte. Etxean bizi diren animaliak ere bai, baina bakarrik oinarrizko kontuetarako. Hutsune nabarmen bat bazen, behar handi bat. Etxean bizi diren animaliak gero eta gehiago zaintzen ditugula uste dut, eta albaitariek gero eta zerbitzu osoagoa eskaini behar dute.
«Etxean artatzen ditudanean, animaliak bizi diren espazioan ikus ditzaket, eta horrek ere ematen dit informazioa»
Zure albaitari klinika ibiltaria da, furgoneta batean mugitzen baitzara. Behar duzun guztiarekin?
Furgoneta bat behar nuen, baina ez edozein, barruan zutik egoteko aukera izan behar bainuen. Cederna Garalurren eta Gu Pirinioa programaren laguntza bat jaso nuen, eta Baztan Bidasoa etxeko anbulantzia zahar bat erosi eta egokitu nuen. Hor aukera dut animaliak artatzeko eta ebakuntza txikiak egiteko. Horretarako prestatu dut.
Eta non ibiltzen zara?
Erriberara ez naiz ailegatzen, baina Pirinioetatik kanpo herri anitzetara joaten naiz; Tafalla eta Lizarra ingurura, bertzeak bertze. Iruñera ere bai. Animaliak etxetik ez ateratzeko deitzen naute. Katuak artatzeko ere anitz deitzen naute, katuentzat zailagoa izaten baita etxetik ateratzea. Albaitaririk ez duten herrietakoek eskertzen dute gehien ni herriz herri mugitzea. Ameskoara, adibidez, anitz joaten naiz.
Animaliak etxean artatzeak badu abantailarik?
Bai. Herrian albaitaririk ez bada, Iruñera edo ondoko bertze herri handiago batera mugitu behar dutenek autoz eraman behar dituzte txakurrak edo katuak arta ditzaten, eta egoera horrek urduritzen ditu txakur eta katu anitz. Etxean artatzen ditudanean, gainera, animaliok bizi diren espazioan ikus ditzaket, eta horrek ere ematen dit informazioa, kasu anitzetan, izan dezaketen gaitzari buruz. Txakurra edo katua klinikara eramaten dutenean, animaliak anitzetan saiatzen dira euren sintomak ezkutatzen, zaurgarri ez agertzeko.
Kontent zara klinika utzi eta herriz herri joateko egindako urratsarekin?
Bai. Hilaren 11n bi urte beteko ditu proiektuak; bi urte dira jada furgonetarekin batetik bertzera ari naizela. Orain nire ahizpa hasiko da nirekin lanean, gainera. Laguntza behar dut bisitak antolatzeko eta administrazioaren arloko lanak egiteko, eta ahizpa ariko da horretan.
Zerbitzu ibiltariak aukera bat dira herrien husteari aurre egiteko?
Nik baietz uste dut, zerbitzuak herritarrengana hurbiltzeko modu bat dira. Herri txikiek anitz eskertzen dituzte.