Euskararen kontrako mezu batzuek zalaparta sortu dute: Orkoiengo alkateak «pribilegiotzat» jo du, eta Eguesibarko hautetsi batek «gorrotoarekin» lotu. Erasoen gainetik, herritarrek euskararen erabilera sustatzeko proiektuak sortu dituzte, han eta hemen.
Inposizioa, pribilegioak eta gorrotoa
Orkoiendik eta Eguesibartik zabaldu dituzte euskararen kontrako azken mezuak: herriotako zenbait hautetsik egin dute hizkuntzaren aurka. Eguesibarren, PPko zinegotzi Inma Mujikak urtarrilaren 31ko udaleko osoko bilkuran errandako hitzek sortu dute azken zalaparta. Ez zen izan bat-bateko adierazpen bat, Korrikari diru laguntza emateko mozioaren eztabaidaren harira, idatzita eraman baitzuen euskarari buruz erran zuena: «Anitzetan galdetu diot nire buruari euskara zergatik ez den hizkuntza erakargarri bat jende anitzentzat, eta erantzuna beti izan ohi da bera: aspaldi perbertitu zutelako, tresna politiko bilakatuz. Euskarak terrorismoaren urteak baino ez dizkit gogora ekartzen, gorrotoarekin lotzen baitugu, ez elkartasunarekin. Egun, gure arteko ezberdintasunak nabarmendu egiten ditu».
Joseba Orduñak zuzenean entzun zituen Mujikaren hitzok, Eguesibarko herriko etxean. Zinegotzia da hura ere (Geroa Bai), eta Mujikak urtarrilaren 31ko osoko bilkuran errandakoak «haserrea eta pena» eragin ziola nabarmendu du: «Izugarria da erran duzuna; atzera eginen duzula espero dut. Zure hitzek gure nortasunari egiten diote eraso. Hemen bukatzen da gure arteko harremana». Mujikak ez du atzera egin, eta haserre jarraitzen du Orduñak. Osoko bilkuran erran zuena berretsi du: «Euskararen kontra egin zuen, zuzenean, hizkuntzaren kontra. Idatzita eraman zuen euskara beretzat gorrotoaren hizkuntza dela; hori uste badu, zer harreman izan dezakegu?», galdetu du zinegotziak.
Euskaldun «pribilegiatuak»
Urtarrilaren 31koa ez da izan euskararen inguruko eraso bakarra Eguesibarren. Eguberrietan ere, Xuriñe Peñas alkateak (UPN) euskaldunen «pribilegioak» aipatu zituen, abenduko bestetarako udalak antolatutako ekinaldien harira. EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen, euskara hutsean bi ekinaldi bertzerik ez zegoelako, eta horien %70 gaztelaniaz zirelako. Hain zuzen ere, horri buruz mintzatu zen alkatea. «Euskaraz egiten dut, dakizuenez —gaztelaniaz aritu zen—, baina uste dut euskaraz ez dakitenak baztertzen dituztela euskarazko ekinaldiek. Euskaraz dakitenak joan daitezke gaztelaniazko eta euskarazko ekinaldietara, eta gaztelaniaz dakitenak bakarrik hizkuntza horretan egiten dituztenetara».
Orkoiengo Euskaltzaleak taldeko kideak sinadurak biltzen, euskararen ordenantza alda ez dezaten. IÑIGO URIZ / FOKU
Inposizioaren diskurtsoa pribilegioen mezu bilakatu dute. Eta argudio bera erabili zuen Orkoiengo alkate Alejandro Lopezek (PSN), urtarrilaren 18ko osoko bilkuran: «Ludoteka bat dugu, eta badira zerbitzuak gaztelaniaz eta euskaraz; euskaldunak joan daitezke gaztelaniazko kontuetara, baina gaztelaniaz egiten dutenak bakarrik gaztelaniazkoetara. Ez gara eskubideez ari, pribilegioez ari gara».
Orkoiengo alkatearen hitzek badute testuinguru jakin bat: udala euskararen ordenantza aldatzeko bidean da. Asmo horrek herriko euskaltzaleen haserrea eragin du, eta horregatik, Orkoiengo Euskaltzaleak izeneko plataforma sortu dute, euskararen ordenantza alda ez dezaten. «Orkoiengo euskararen ordenantza 2009. urtekoa da. Orduko udaleko talde guztiek onartu zuten. Oraingo udal gobernuak nabarmen aldatu nahi du, eta edukiz hustu», salatu du plataformako kide Ainhoa Otaegik. Oraingo testuak jasotzen du udalean euskara eta gaztelera erabiliko direla; testu berriak, baina, euskara «ahal den heinean» erabiliko dela dio. Gainera, euskara ezinbertzekoa ez den udaleko lanpostuetan ez da merezimendua izango. Orkoiengo Udalak hilaren bukaeran eginen du ordenantzari buruzko osoko bilkura.
Elkarte bat sortu
Otaegik garbi du euskararen aurkako erasoak ez direla oraingo kontua, baina onartu du Orkoiengo alkatearen hitzek «harritu» egin zutela. Ordenantza aldatzeko asmoak herriko euskaldunak eta euskaltzaleak batu dituela nabarmendu du, halere. Lanean ari dira: manifestazio bat egin zuten urtarrilean, eta, gaur, Nafarroako Parlamentura eramanen dituzte ordenantza aldatzeko asmoen kontra abendutik jasotako sinadurak. Parlamentuan agerraldia eginen dute, gainera. Whatsapp bidez sortutako plataforma elkarte bilakatzeko aukera ere aztertzen ari dira.
Hizkuntza, elkarren berri izateko tresna
Gaztelania eta euskara ez dira Nafarroan entzun daitezkeen hizkuntza bakarrak; eta euskara ez da herrialdean mintzatzen den hizkuntza gutxitu bakarra ere, azken hamarkadetan herrialdera ailegatu diren pertsona migratzaileek euren hizkuntzak ere ekarri baitituzte. Euskara ardatz duen proiektu bat da Iruñeko Laba, eta Gazteluko plazan duen egoitzan, hain zuzen, euskararekin batera, bertze hizkuntza batzuk entzun daitezke, Ongi etorri Iruñera egitasmoari esker. Labak eta Lantxotegi elkartearen Kabia proiektuak sortu dute, gazte migratzaileak euskarara eta herrialdean jaiotakoak migratzaileon hizkuntzetara eta errealitatera hurbiltzeko asmoz. Herrialde bereko bizilagunek elkarren berri izateko.
Lantxotegi eta Labako kideak, pertsona migratzaileak euskarara hurbiltzeko programaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU
Labaren eta Kabia proiektuaren lehen hartu-emana iaz gertatu zen; Kabiak ginkana bat antolatu zuen, proiektuan parte hartzen duten gazteek —migratzaileak eta herrialdean jaiotakoak— Alde Zaharreko elkarteak ezagutzeko. Labak parte hartu zuen, eta orduan hasi ziren mamitzen harremana estutzeko bertze zerbait antolatzeko asmoa. «Ginkanaren bidez harreman polita sortu zen Labaren eta Kabiaren artean; ohartu ginen gazte migratzaile askok ez zutela euskararen berri, baina jakin-mina laster pizten zela; amazigeraz hitz egiten dute Kabian aritzen diren batzuek, eta hori ere hizkuntza gutxitu bat denez, lotura bat sortu da euskararekin», azaldu du Labako kide Iratxe Legarrak.
Bortzirietan, ‘Solasean’
Elkarlanean aritzeko gogoak Ongi etorri Iruñera proiektua sortu du. Otsailaren 2an egin zuten aurkezpen saioa, Laban. Lehen saio hori baliatu zuten egunerokoan oinarrizkoak diren hainbat hitz eta esaldi ezagutzeko; hitz eta esaldi horiek euskaraz, amazigeraz, arabieraz eta woloferaz landu zituzten, gaztelania zubi hizkuntza gisa hartuta. «Hiztegitxo bat osatu genuen, poltsikoan eraman dezaten, kafe bat eskatzera doazenean euskaraz egin ahal izateko». Maiatzaren 24ra bitarte, beste lau saio eginen dituzte. Trasmisioaz, gastronomiaz, harremanez eta kirolaz ariko dira saio horietan. «Migratzaileak eta hemen jaiotakoak ari gara batera, elkarrizketa bat sortzea baita gure asmoa, elkar ezagutzeko, eta nork bere esperientzien berri emateko», erantsi du Legarrak.
Bortzirietan ere, elkar ezagutzea dute helburu Solasean egitasmoko kideek. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak sortu zuen, duela bospasei urte, euskararekin zailtasunak dituzten haurrak laguntzeko asmoz. Ikasturtearekin batera jarri zuten martxan oraingo aldia; Maiana Sein Arburua eta Arantxa Larrañaga dira arduradunak. Beran ordu eta erdiko bi saio egiten dituzte, astelehen eta astearteetan, eta Lesakan bertze bi, asteazken eta ostegunetan.
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako Solasean programako haurrak, jolasean. BORTZIRIETAKO EUSKARA MANKOMUNITATEA
Solasean programan 8 eta 12 urte bitarteko haur eta nerabeek parte hartzen dute; herrialdean jaiotakoak dira gehienak, eta herrialdera ailegatu berriak, berriz, gutxi batzuk. «Hemen jaio direnek kanpokoak dituzte gurasoak, eta, ondorioz, etxean ez dute euskaraz aritzeko aukera», erran du Larrañagak.
Aukera hori eskaintzea da Solasean programaren helburua. Ez hori bakarrik: Bortzirierako haurrek elkar ezagutzea nahi dute. «Euskararen bidez, gure kulturaren eta ohituren berri ematen diegu; baina aukera dugu bertze herri batetik heldu diren haurren kultura eta ohiturak ezagutzeko ere», azaldu du Seinek.
Solasean ez dute bakarrik gelan garatzen. «Karrikara ateratzen gara, bertze haurrek, dendariek eta abarrek jakin dezaten haurrok badakitela euskaraz, ikasten ari direla, haiei ere euskaraz egin diezaieten lehendabiziko hitza».