«Bada garaia: arrazakeriari stop». Lantokian eraso arrazista bat sufritu duela salatu duen emakumearenak dira hitzak, eta Iruñean erran ditu, otsailaren 14an, Nafarroako Lan Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean. Nafarroako SOS Arrazakeriak eta LAB sindikatuak elkarretaratze bat egin dute gune horren aurrean, salatzeko Nafarroako Lan Ikuskaritzako arduradunek auziari emandako erantzuna «lotsagarria» dela.
Salaketa jarri duen emakumeak Iruñeko Erruki Etxean sufritu du azken eraso arrazista; zehazki, eraso islamofobo bat izan dela nabarmendu du SOS Arrazakeria erakundeko Flavia Navarretek, buruzapiarekin lan egitea galarazi baitiote. Navarretek kontatu du langileak zer salatu duen: «Grupo One enpresaren bidez joan zen Erruki Etxera, gaixo baimena hartu zuen bertze langile bat ordezkatzera. Egin beharreko lanaren berri jaso eta gero, zahar etxeko langile batek erran zion ezin zela buruzapiarekin aritu, Erruki Etxeko arauen arabera debekatua baitago buruzapiarekin lan egitea. Langileak erantzun zion ezin zuela kendu zapia, baina Erruki Etxekoek ez zuten atzera egin».
Gertatutakoaren berri jaso eta gero, SOS Arrazakeriak eta LAB sindikatuak Nafarroako Lan Ikuskaritzara jo zuten, emakume langilearen eskubideak urratu zituztela salatzera. Bi erakundeok, gainera, nabarmendu dute Erruki Etxeko erasoa ez dela bakarra izan, eta aurretik ere, Cordovillako Morea merkataritza gunean lanean aritu zenean, buruzapia kentzeko agindu ziotela.
Auzitara jo dezala
Enpresen jarrera kritikatu dute SOS Arrazakeriak eta LABek, baina elkarretaratzea Nafarroako Lan Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean egitea erabaki dute, uste baitute «hagitz larria» dela langileen eskubideak babesteko ardura duen erakunde horrek erabaki izana Erruki Etxean gertatutakoa «ez ikertzea». Lan Ikuskaritzak auzitara jotzeko erran dio, zehazki, erasoa salatu duen langileari.
«Erran dutena erabat arrazista da, nortasunaren inguruko ikurrak segurtasunik ezaren edo arriskuaren gisako estereotipoekin lotu baitituzte».
FLAVIA NAVARRETE Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeko kidea
«Lan Ikuskaritzak zilegitasuna eman dio enpresak buruzapia erabiltzea galarazteko erabili duen argudioari», salatu du Navarretek. Izan ere, Navarretek azaldu duenez, Iruñeko Erruki Etxeko arduradunek garbi utzi dute buruzapia erabiltzea galarazteko arrazoia ez dela erlijiosoa: «Arrazoia da zahar etxeko egoiliarren lasaitasuna ez urratzea. Erruki Etxeko arduradunen hitzetan, buruzapia erabiltzen duen pertsona bat ikusteak egoiliarrak aztora ditzake», kontatu du Navarretek. «Legez kanpokoa da langileak erlijioagatik baztertzea; ondorioz, bertze arrazoi hori aipatzen dute, erran dutena erabat arrazista dela ohartu gabe. Erran dutena erabat arrazista da, nortasunaren inguruko ikurrak segurtasunik ezaren edo arriskuaren gisako estereotipoekin lotu baitituzte», erantsi du.
LAB sindikatuak eta Nafarroako SOS Arrazakeriak Nafarroako Lan Ikuskaritzaren aurrean islamofobia salatzeko egindako elkarretaratzea, otsailaren 14an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Hitza Iruñeko Erruki Etxeko arduradunekin harremanetan jarri da: «Ez dugu deus errateko», erantzun dute.
LAB sindikatuko ordezkariek nabarmendu dute «hainbat bazterketa eta zapalkuntza mota» nahasten direla eraso arrazista salatu duen emakumearen auzian: «Ez da kasualitatea emakumea, migratzailea eta musulmana izatea. Gure gizartean, baldintza txarrenak eta prekarioenak dituzten lanak eskaintzen zaizkie emakume migratzaileei», erran du sindikatuko kide Arantxa Ordoñezek.
LABek «neurri eraginkorrak» hartzeko eskatu du, lan zentroetan eraso arrazistarik gerta ez dadin. Nafarroako Lan Ikuskaritzak duen ardura nabarmendu du Ordoñezek, batetik, eta, bertzetik, neurri politikoak ere eskatu ditu, «patronalak migratzaileen eta herritar arrazializatuen bizitzak prekarizatzen» jarrai ez dezan.
Ez epaitzea
«Ez dagokio gure sindikatuari hijaba erabiltzeko arrazoiak epaitzea edo interpretatzea. Auzi honen oinarriari erreparatu behar diogu: badute lan egiteko eskubidea, eta buruzapia ezin da izan langile bat baztertzeko, mehatxatzeko edo kaleratzeko arrazoi», erran dute LABeko kideek. Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeko arduradunek ere mezu hori jarri nahi izan dute erdigunean: «Ez dagokigu guri, ezta erakundeei edo gizarteari, epaitzea edo eztabaidatzea emakume musulmanek buruzapia erabiltzeko zer arrazoi dituzten; emakumeon oinarrizko eskubide bat da euren erlijio askatasuna eta euren nortasuna adieraztea, eta enpresa batek baztertzaileak diren debekuak jartzeko izan dezakeen eskubidearen gainetik dago».
«Ez da kasualitatea emakumea, migratzailea eta musulmana izatea. Gure gizartean, baldintza txarrenak eta prekarioenak dituzten lanak eskaintzen zaizkie emakume migratzaileei».
ARANTXA ORDOÑEZ LAB sindikatuko kidea
Nafarroako SOS Arrazakeriak Nafarroako Lan Ikuskaritzako arduradunei eskatu die atzera egin dezatela, eta buruzapia erabiltzea galarazi dioten langilearen auzia ikertzen jarrai dezatela. Galdegin dute, gainera, lantokietan protokoloak ezartzea, langileak jatorriagatik, kulturagatik edo etniagatik baztertzen badituzte, eraso horiek salatu eta ikertu ahal izateko. Erakunde publiko guztiei lan esparruko arrazakeriaren aurka egitea dagokiela nabarmendu dute SOS Arrazakeriako kideek.
Martxoaren 15a da Islamofobiaren Aurkako Eguna, hain zuzen. Nazio Batuen Erakundeak 2022an ezarri zuen nazioarteko egun hori, musulmanen aurkako gorrotoari, aurreiritziei eta jazarpenari aurre egiteko asmoz.