«Pozarren» agertu dira kazetarien aurrean; pozarren, asteartean, otsailaren 27an, Gijongo (Espainia) Feten nazioarteko antzerki jaialdian parte hartzeko aukeratu dituztelako, eta pozarren, Nafarroako antzerkigintzaren lagin bat herrialdeko mugetatik kanpo aurkezteko aukera izanen dutelako. Yarleku konpainiako Eva Azpilikueta eta Laura Villanuevak 104. haurra izena duen obra aurkeztuko dute —lehendabizikoz, Nafarroatik at—; Estefania de Paz Asinek, berriz, Olvido Flores bere azken lana.
Haur eta gazteentzako antzerki lanen jaialdi bat da Feten. «Erakusleiho eder bat da aktoreontzat, gure lana erakusteko aukera ematen baitigu. Ate bat da gure obrak Nafarroatik at aurkezteko», nabarmendu dute Azpilikuetak, Villanuevak eta De Paz Asinek.
Estefania de Paz Asin aktorea, ‘Olvido Flores’ bere obrako argazki batean. ESTEFANIA DE PAZ ASIN
Yarleku konpainia hirugarrenez ariko da aurten Feten jaialdian; aurretik, Yulen uhartea eta Etxerik txikiena aurkeztu ditu Gijonen. Iazko aldian, hain zuzen, Eva Azpilikuetak sari bat jaso zuen azken obra horri esker. Estefania de Paz ere Gijonen izan zen iaz, eta hura ere saritu egin zuten; Argako erregina aurkeztu zuen bertan, Remigia Etxarren funanbulista iruindarrari buruzko bere obra.
Gizarte gaiak
104. haurra obraren bidez, haurren esplotazioaren auzia jorratu dute Yarleku konpainiako aktoreek, Jokin Oregiren zuzendaritzapean. «Gizarte gaiak jorratu ohi ditugu gure lanetan, uste baitugu antzerkia ez dela bakarrik ikus-entzuleak entretenitzeko», nabarmendu du Eva Azpilikuetak. Feten jaialdian aurkeztuko duten obran, hain zuzen, umezurztegi batean nork adoptatu zain dauden bi neskato dira protagonista. Zentro horretako 104. haurra da bietako bat, Mar, eta, bertzea, Celeste, haren laguna. «Lanak bien arteko adiskidetasuna ere jartzen du erdigunean», azaldu dute aktoreek. Hilaren 27an aurkeztuko dute Gijonen; 16:30ean eginen dute lehen emanaldia, eta 18:30ean bigarrena.
Yarleku konpainiaren ‘104. haurra’ obrako une bat. YARLEKU
Egun berean ariko da Estefania de Paz Asin, eta hark ere bi emanaldi eginen ditu: 10:30ean eta 13:00etan. Olvido Flores obran Italiako Anastasini zirkuko kideen historia jaso du aktoreak: Lodosan hil zituzten konpainiako kide gehienak, 1936ko uztailean. «Haien memoria jaso nahi izan dut. Zirkuko artista bainaiz ni ere», erran du aktoreak. Anastasinitarren istorioak liburu batean jaso ditu, eta Gijonen aurkeztuko du gaur. Iruñean, martxoaren 27an eginen dute aurkezpena. Reikiavik etxeak argitaratu du. Anastasinitarrek zirkuaren munduan jarraitu dute, eta De Pazek iragarri duenez, 2025eko uztailaren 18an Nafarroara itzuliko dira, «1936an amaitu ezin izan zuten funtzioa erakustera».