Sara Txibite (Tutera, 1961) Nafarroako Osasun Mentaleko kudeatzailea da, azarotik. Osasun mentala artatzeko paradigma aldatzen ari dela uste du, baina nabarmendu du, halere, zenbait urrats egitea «zaila» dela.
Gero eta gehiago hitz egiten da osasun mentalari buruz. Ona da?
Inportantea da, baina uste dut garbi ulertu behar dugula osasun mentala ez dela bakarrik gure departamentuaren ardura. Osasun mentalak departamentu guztiak inplikatu beharko lituzke, eta gure bizitzaren arlo guztiak, era berean. Bizitzeko toki egoki bat ez baduzu, baliabide ekonomiko nahikorik ez baduzu, edozein osasun arazo baduzu, zaila da buruko osasun on bat izatea.
OMEk berak nabarmendu du gizarteko pertsonarik pobreenek eta zaurgarrienek dutela osasun mentaleko arazoak izateko arriskurik handiena.
Hala da, eta herritarren oinarrizko beharrak bermatzen ez baditugu, gure lana ez da eraginkorra izanen.
Pandemiak osasun mentalean izan duen eragina anitz aipatzen da. Inflexio puntu bat izan da?
Eragin handia izan du zaharrengan, batetik, eta haurrengan eta gazteengan, bertzetik. Haurrei eta gazteei bereziki eragin die, taldeak, lagunek, eskolak eta kaleko giroak garrantzi handia dutelako haien nortasunaren garapenean. Pandemiak etxean bakartu zituen haur eta gazteok.
«Antsietateak, estresak eta depresioak gora egin dute gazteen artean. Elikadura nahasmenduek ere nabarmen egin dute gora, batez ere nesken artean»
Zer ondorio zehatz izan ditu bakartze horrek?
Antsietateak, estresak eta depresioak gora egin dute. Elikadura nahasmenduek ere nabarmen egin dute gora; batez ere, nesken artean. Pandemiak izan du eragina, baina ez da kontuan hartu beharreko elementu bakarra. Ezkutuan zegoen errealitate bat agerian uzteko ere balio izan du osasun krisiak.
Profesionalak falta direla onartu duzue. Zer asmo duzue egoera horri aurre egiteko ?
Egia da psikologoak, psikiatrak eta erizainak falta ditugula. Uste dut lantalde handi bat dugula, baina egia da ezin diegula behar guztiei aurre egin. Halere, kontua ez da bakarrik baliabideak izatea, kontua da baliabide horiek ongi antolatzea. Lan eredua ongi definitzea, alegia. Hasi gara orain arteko eredua aldatzeko urratsak egiten; bertzeak bertze, oinarrizko arretarekin elkarlana sustatuz. Arazo anitz maila horretan konpon daitezke. Gure asmoa da arlo komunitarioa sustatzea, hau da, auzoetan eta herrietan dauden zerbitzu komunitarioekin elkarlan hori sustatzea. Uste dut oinarrian elkarlan hori behar dugula, osasun mentaleko zerbitzuetan bakarrik guk artatu beharreko pertsonak artatzeko.
Nor artatu beharko zenukete zuek?
Batetik, mendekotasun batekin lotutako nahasmenduak hobeki artatu behar ditugu; artatzen ditugu, baina adabakiak jarrita, anitzetan. Bertzetik, guri dagokigu, batez ere, nahasmendu larriak artatzea.
Sufrimendu psikosoziala duten pertsonak ari dira ahalduntzen. Eredu aldaketa bat eskatu dute, pertsonak eta giza eskubideak erdigunean jartzeko. Prest zarete?
Paradigma aldaketa baten aurrean gaude, martxan da, eta guk aldaketa horren alde egin nahi dugu. Pertsona jarri behar dugu erdigunean, eta pertsonarekin adostu tratamenduak eta erabaki guztiak. Gure lan taldeetan osasun mentaleko arazoak izan dituzten pertsonak sartzen ari gara, hain zuzen, urratsak egin ahal izateko.
Nafarroako Osasun Mentaleko kudeatzaile Sara Txibite, Iruñeko bere bulegoan. IÑIGO URIZ / FOKU
Erresistentzia bada profesionalen artean?
Guk paradigma aldaketa baten alde egin dugu. Formakuntza landu beharko dugu ere profesionalen artean, biomedikuntzaren eredua atzean utzi ahal izateko. Ulertu behar dugu Mejoranak, Perro Verdek eta gisako elkarteek anitz dutela errateko.
Elkarri laguntzeko agente bilakatzeko formakuntza sustatu dute elkarteok, Burgosko (Espainia) Unibertsitatearekin batera. Zer deritzozu?
Sinergiak sortu nahi ditugu trebatzen ari diren pertsona horiekin lan egin ahal izateko. Poliki egin nahi dugu aurrera, baina haien laguntza nahi dugu; bertzeak bertze, profesionalak trebatzeko. Bertze proposamen bat egin diegu: parte har dezatela laster abian jarriko dugun talde komunitario batean. Talde horrek karrikan eginen du lan, nahasmendua duten eta osasun zerbitzuetan ez dauden pertsonekin.
«Hori da guk dugun helburua: inor ez lotzea, eta inor ez ospitaleratzea bere borondatearen kontra»
Osasun mentaleko zentroetan egoteko aukera aldarrikatu dute ere elkarri laguntzeko agenteek. Bide hori zabaltzeko prest zarete?
Aurrerago, akaso. Eredua bat-batean aldatzea zaila da, baina ari gara urratsak egiten.
Urratsetako bat da aurretiazko erabakien planifikazioa egin ahal izatea. Zer aukera ematen ditu tresna horrek?
Planifikazio hori egiten duenak idatzi eta erregistratu egiten du krisi une batean zer-nolako arreta jaso nahi duen.
Loteslea da?
Ez. Gizartea sentsibilizatzeko lehen pauso bat da.
Aspalditik duzue inor ez lotzeko helburua, baina oraindik ez duzue bete. Zergatik?
Lanean ari gara, baina zaila da. Inor lotzen ez duten tokietan zer tresna erabiltzen dituzten ikusi beharko genuke.
Zergatik ez duzue hori egiten?
Ospitaleratze Psikiatrikorako Unitateen egiturak berak ez du errazten bide horretan urratsak egitea.
Egitura aldatu beharko da, beraz?
Akordio programatikoan jasota dago unitateak berritzea. Helburu horixe dugu guk: inor ez lotzea, eta inor ez ospitaleratzea bere borondatearen kontra.