«Ondare immaterialaren transmisioan egin dugun beste urrats bat da». Hitz horiekin azaldu du Gaizka Arangurenek, Labrit Ondare Immaterialeko zuzendariak, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin egindako hitzarmena. Beste gauza batzuen artean, Nafarroako ahozko memoria biltzea eta zabaltzea da Arangurenen helburua. Hitzarmenari esker, 2009tik sortutako ikus-entzunezko material etnografiko guztia Navarchivo.com orrian —Nafarroako ondare materiagabearen webgunea— ikusgai dago. Orain arte, soilik trailerrak zeuden eskuragai.
Arangurenen arabera, belaunaldien arteko transmisioa «geroz eta urriagoa» da, eta aitatxi-amatxiak eta gurasoak «geroz eta denbora gutxiago» egoten dira bilobekin eta seme-alabekin: «Gizartea eta familia eredua aldatuz doaz». Transmisioa «zeharkakoa» dela ere nabarmendu du; hau da, pantailaren bidez jasotzen dela: «Pantailak edukiz beteta daude, eta, guk ez baditugu gure inguru hurbileko edukiekin betetzen, transmititzeko gaitasun handia duten eduki sortzaileen edukiekin beteko dira».
Labrit etxeak Gaz Kalo ijitoen elkarteen federazioarekin egindako Palabra gitana (ijitoen hitza) dokumentala grabatzeko lanetan. LABRIT-GAZ KALO
Horregatik, tokian tokiko bizipenak bildu, eta pantailetara eramaten saiatzen dira. Materiala jasotzen duten herri guztietan, bilaketaren aurkezpena egiten dute, eta «jendetza» elkartu ohi da: «Horrek esan nahi du interesa egon badagoela, baina ez dugula sistematizatu tokian tokiko iruditegiak transmititzeko lan egonkor bat». Horretan ari dira azken urteetan.
Herriak du hitza
Herri bakoitzak finantzatzen du proiektua, eta herriak erabakitzen du nortzuk izanen diren herriko memoriaren kontatzaileak. Horretarako, «oso definituta» dagoen prozesu bati jarraitzen diote. Lehenik, Labritek ahozko memoria biltzeko proposamena egiten die udalei. Finantzaketa lotzen duenean, bilera bat egiten dute, erabakitzeko zein pertsonak osatuko duten hautatutako taldea. Ostean, aztertzen ari diren herriko biztanleei azaltzen diete zer egin nahi duten, eta grabaketak egiten hasten dira. «XX. mendeko bigarren erdiko bilakaera soziala, ekonomikoa, politikoa eta kulturala kontuan hartuz, herria ahalik eta hobekien islatuko duten pertsonak biltzen saiatzen gara».
Behin material guztia jasotzen dutenean, «interesgarriena» hautatzen dute, eta herriari erakusten diote. «Prozesuari esker saihesten dugu jendeak atzera egitea», azaldu du Arangurenek. Atzera ez egin arren, zaharrenei kostatu egiten zaie kontatzeko zerbait dutela onartzea: «Guretzat bizitza oro altxor bat da».
«Pantailak edukiz beteta daude, eta, guk ez baditugu gure inguru hurbileko edukiekin betetzen, transmititzeko gaitasun handia duten eduki sortzaileen edukiekin beteko dira».GAIZKA ARANGUREN Labrit etxeko arduraduna
Adinak ez ezik, sexuak ere eragina izaten du jendea elkarrizketatzerakoan. Arangurenek erran duenez, antropologo gehienak emakumeak dira, eta horrek «asko» laguntzen du emakumeak elkarrizketatzeko orduan.
Arangurenek duela hamabost urte sinatu zuen lehen hitzarmena NUPekin; orduan, Euskokultur fundazioan lan egiten zuen. «Euskara bizirik zegoen lekuetan fundaziotik jaso ziren istorioak, eta gainerakoa Labritetik jasotzen ari gara», azaldu du. Xedea da Nafarroako biztanleen istorioen %1 biltzea: «600.000 lagun inguru badaude, 6.000 bizitza istorio dira». Istorio bakoitzeko hiru ordu inguruko grabazioa egiten dute: «Izugarria da».