«Etxeari bultzada bat eman nahi diogu, auzo guztietara ailegatu»

«Etxeari bultzada bat eman nahi diogu, auzo guztietara ailegatu»

Lan handiko eguna izanen da gaurkoa Iruñeko Emakumeen Etxean, Agoitz karrikako bederatzigarrenean: han eginen dute bat hiriburuko emakume anitzek, arratsaldeko Martxoaren 8ko manifestaziora elkarrekin joateko. Emakumeen Etxeak 2019. urteko urrian ireki zuen atea, eta, geroztik, topagune eta gogoetarako leku bilakatzeko egin du lan. Maria Malo Brutau da lehendakaria (Valladolid, Espainia, 1976).

Urrian bost urte beteko ditu Iruñeko Emakumeen Etxeak. Nolakoa izan da orain arteko bidea?

Kontent gaude orain arte egin dugun bidearekin, baina gogorra izan da, egia erran. 2019ko urrian inauguratu genuen, eta, gure lehendabiziko programazioa prest genuenean, pandemia etorri zen. Dena moldatu behar izan genuen egun batetik bertzera online egiteko. Konfinamendua amaitu zenean ere, kostatu zitzaigun anitzek zuten beldurrari aurre egitea. Etxe ondoko lorategia erabiltzen hasi ginen, eta horrek arnasa eman zigun.

Topagune izateko jaio zen etxea; ari da lortzen?

Emakumeen Etxeak emakumeak ahaldundu nahi ditu, eta topagune bat izan nahi du gogoeta eta eztabaida sustatzeko gurutzatzen gaituzten zapalkuntza guztien inguruan. Atea ireki genuenetik, gora egin du Emakumeen Etxea erabiltzen duten elkarteen kopuruak; 238 inguru dira egun; hirurehun ekinaldi baino gehiago egiten ditugu urtean, eta 3.000 pertsona inguru bildu. Pandemia betean zaila izan zen neurtzea etxeak emakumeak biltzeko izan zezakeen ahalmena, baina orain ikusten ari gara gora egin duela erabiltzaile kopuruak. Gorabeherak izan ditugu, eta orain etapa berri batean gaude: etxeari bultzada bat eman nahi diogu, hiriko auzo guztietara ailegatu, egiten duguna ezagutu dezaten txoko guztietan. Administrazioaren bultzada ere beharko dugu.

Bultzada zertarako, zehazki?

Etxeko zenbait espazio hobetzeko eta egokitzeko.

Mistoa da Emakumeen Etxearen kudeaketa: izen bereko elkartearen eta Iruñeko Udalaren esku dago. Nolakoa da harremana?

Zorte handia izan dugu, eta martxan jarri zenetik, Iruñeko Udalak beti egin du bat gure proiektuarekin. Udaleko taldeek interes handia izan dute hasieratik, eta eskertzekoa da. Udalean aldaketak izan dira, baina agintari guztiek egin dute proiektuaren alde, eta teknikariak ere anitz inplikatu dira gure eguneroko lanean. Espazioak moldatzeko beharraz mintzatu gara orain udalarekin, eta adi entzun gaituzte. Gure beharrak ezagutu nahi dituzte.

«Zorte handia izan dugu, eta, martxan jarri zenetik, Iruñeko Udalak beti egin du bat gure proiektuarekin. Udaleko taldeek interes handia izan dute hasieratik, eta eskertzekoa da»

Askotarikoa da mugimendu feminista, eta askotarikoa, oro har, egungo gizartea. Erronka bat da aniztasun hori islatzea Emakumeen Etxearen egunerokoan?

Hori da gure lan ildo nagusietako bat, hain zuzen ere. Emakumeen Etxea espazio publiko bat da, askotarikoa. Berdintasunaren alde lan egiteko toki bat da; topagune bat ere bai, etxera etortzen diren eta era autonomoago batean lan egiten duten elkarte feministentzat. Elkarrekin egin behar dugu gogoeta berdintasunaren aldeko politikak nola bultzatu asmatzeko. Gurea proiektu intersekzional bat da, belaunaldi guztietako emakumeek sustatua.

Nolakoa da gazte eta ez hain gazteen arteko elkarlan hori?

Adin guztietako emakumeak daude gurean. Hasieran, etortzen ziren emakume gehienak ziren 35 urte baino gehiagokoak. Azken urteotan, baina, emakume arrazializatuen elkarte anitzek egin dute bat gurekin, eta elkarte horiei esker emakume gazte anitz sartu dira Emakumeen Etxean; emakume lesbianen eta bisexualen kolektiboak, bereziki, jende gazte anitz ekarri du proiektura, 30 urte baino gutxiagoko jende gazte anitz.

Dekumas elkarteko kidea ere bazara zu; emakume zis eta trans lesbianen eta bisexualen elkarte bat da, hain zuzen. Noiz eta zertarako sortu zenuten?

Etxea ireki baino urtebete lehenago sortu genuen. Gure helburua da kirolaren eta kulturaren bidez emakume zis eta trans lesbianei eta bisexualei ikusgaitasuna ematea. Ohartu gara emakume gazteen artean behar hori are nabarmenagoa dela.

Zergatik?

Ikusi dugu emakume gazte anitzek hagitz barneratua dutela homofobia eta bifobia, eta ikusgai jartzeko beldur handiagoa dutela. Elkartea sortu genuenean, uste genuen 35 urte baino gehiagoko emakumeek izanen zutela sareak ehuntzeko behar handiagoa, eta belaunaldi gazteagoak ahaldunduago egonen zirela. Egia da emakume gazte anitz ahaldunduta daudela, baina sektore batzuetan hori gertatzea ez da hain erraza; elkartean badira emakume migratuak, errefuxiatuak, sexu orientazioagatik sorterritik alde egin behar izan dutenak, eta horiek tresna gehiago behar dituzte ahalduntze prozesu horretan laguntzeko. Horretaz ohartu gara, eta tresna horiek sortzeko ari gara lanean.

«Etxea ireki baino urtebete lehenago sortu genuen Dekumas. Gure helburua da kirolaren eta kulturaren bidez zis eta trans emakume lesbianei eta bisexualei ikusgaitasuna ematea»

Martxoaren 8a da gaur; zer asmo duzue Emakumeen Etxean?

Martxoaren 8aren ingurukoak koordinakundeak antolatzen ditu, eta guk ekinaldi horiekin eginen dugu bat. Bigarrenez, halere, bat egiteko gune bilakatuko gara: nahi duena guregana etor daiteke 16:00etatik 19:00etara, kartelak prestatzeko eta pankartak idazteko; hemendik elkarrekin abiatuko gara manifestaziora. Aurten, gainera, Emakumeak Kantuz saioa antolatu du talde batek etxean, lehen aldiz. Helburua da elkartzea, askaria hartzea, eta elkarrekin ateratzea karrikara aldarrikatzera.