Iraungitzeak onik irteteko

Iraungitzeak onik irteteko

Egutegitik harago, badaude urtea hasteko beste hainbat modu; ondorioz, helmuga zein abiapuntua izanen den eguna guk geuk ere aukera dezakegu. Hori dela eta, gaurko eguna, hasieraren eta amaieraren arteko gatazkaren konponbideak ukiezina izaten jarraitzen duelarik, ziklo eta eraldaketa feministako urtemuga bezala hartu nahi izan dut.

Urtea hasi zenetik nekatuta sentitzen dut neure burua, jendaurrean lan egiten dut eta gabonak, niretzat, bat-bateko galde-erantzunei eta begiradei bizkarra emateko aukera paregabea izan ziren. Urtearen hasierarekin batera, ordea, oholtza elkarbanatzeko eta egoera horiei guztiei aurre egiteko momentua iritsi zenean, erakusleiho batean egonen banintz bezala ikusi nuen neure burua eta han egoteko motibazio falta adierazi nuen. Ordutik, sentipen hori beste okasio bakar batean bihurtu dut perpausa; izan ere, lehenengoan, entzuleak propio ez duen eskumenez, nire giza harremanetarako gaitasuna zalantzan jarri zuen, eta bigarrenean, nekea zereginei eman diezaiekedan erantzuna izatetik ibilkera geldotuko didan zama izatera igarotzeak beldurtu ninduen.

Zazpi etxeko herrian gutako asko galduta gauden honetan, Mikel Elkoroberezibarren Lotsa ere patriarkala da erreportajeak eta Ane Eslavak eta Uxue Reyk zuzendutako Berria FM podcast feministak arestian aipatutako nekea nekadura soilik ez dela ikusarazi zidaten. Ez hori bakarrik, hori ulertzearekin batera, ikusi nahi ez nituen aldamioek neure gorputzean beste hainbat egitura ere atxiki dizkidatela atzeman ahal izan nuen.

Izan ere, erreportajea irakurri eta aipatutako saioa entzun ondoren, Orotariko Euskal Hiztegian, jakin-minez, beste hizkuntzetan sintaktikoki femeninoan egituratzen den lotsa hitza bilatu nuen. Klik. Ondoren, bilaketan lekukotasun ugari agertu eta horiek gaingiroki begiratzen eta irakurtzen nenbilelarik, ez zitzaidan kasualitatea iruditu J.J. Mogelen (1816) «Jangoikuak iraatsi eutseela emakumei beraarizko modestija edo lotsa modu bat munduko peligrubak gitxiuteko» edo M. Atxagaren (1963) «Lotsa galdu dute, emakumearen lorerik ederrenetakoa» antzeko lekukotasunak aurkitzea. Alde batetik, euskal gizartean, beste gizarteetan bezala, zimenduak guztiz patriarkalak direlako, eta bestetik, lotsa, gurea izatetik ez delako sekula funts berean eurena izatera igaro.

Bai, lotsak geure kontrolpean ez dauden alderdiak kontrolatzen saiatzera bultza gaitzake, lotsak existitzen ez den baina lor dezakegula sinetsarazi diguten perfekzionismorako nahia garatzea errazten digu, lotsak nekea dakar eta, bai, noski, lotsak geure izana eta okupatzen dugun espazioa baldintza dezake. Horregatik, ez da kasualitatea aurreko lekukotasunetan lotsa agertzea, biek, ziur aski, orain aipatutako perfekzionismoari eta espazioari erreferentzia egiten baitiete.

«Lotsa emozio izatetik jokabide izatera igaro da, eta jokabide horrek, zalantzarik gabe, boterean oinarritutako harremanak sendotzen ditu»

Lotsa emozio izatetik jokabide izatera igaro da, eta jokabide horrek, zalantzarik gabe, boterean oinarritutako harremanak sendotzen ditu. Halaber, ez da harritzekoa isilpean eta muturreko kontrolarekin funtzionatzen duen ez-emozio hori genero, sexu, jatorri, klase eta gorputz zehatz batzuetan ohikoa izatea. Horregatik, ez da harritzekoa nekea hitza geure arteko elkarrizketetan etengabe agertzea.

Urtea hasteko hainbat modu daude, eta gaur egun, gurean, iraungitze-data batek bai aroei ongietorria emateko baita indarrak berritzeko ere balio dezake. Hortaz, oxala, gaurko eguna helmuga baino gehiago irteera-lekua izanen balitz eta lotsa berriz emozio zein zirrara bilakatuko eta gaurko eguna lokatzez blaituko bagenu.