Ixabel Etxeberriak (Urruña, Lapurdi, 1960) hitza hartu baino lehen, Nafarroako Ganbera Abesbatzako Heptameron emakumeen taldeko kideak bilakatu dira protagonista, Nafarroako Liburutegiaren egoitzan: kantuz girotu dute Margarita, Nafarroako erregina (1492-1549) izenburuko liburua aurkezteko Nafar Ateneoak antolatutako ekitaldia. Etxeberriak idatzi eta Euskaltzaindiak argitaratu du lana; egileak haren nondik norakoak kontatu ditu Iruñean —martxoaren 7an—, Margarita Angulemakoa nor izan zen azaltzeko.
Heptameron abesbatzak eskainitako piezak eta Ixabel Etxeberriaren hitzak uztartuz antolatu dute liburuaren aurkezpena. Abeslariek Margarita Angulemakoaren garaiko piezak kantatu dituzte, eta Etxeberriak Nafarroako erreginaren urratsen berri eman du; diplomaziaren esparruan eta Nafarroako gortean egin zituen lanak nabarmendu ditu egileak, bai eta kulturaren arloan garatu zuen lana ere. Margarita Angulemakoari buruzko liburuan, hain zuzen, Nafarroako erreginak idatzitako antzezlan eta gutun batzuk euskaratu ditu Etxeberriak.
Margaritak idatzitako lanen artean Heptamerona da ezagunena, eta lan hori euskaratzen ari dira Booktegi eta Nafarroako Ateneoa, hain zuzen ere. 72 eleberri laburrek osatutako lan bat da Heptamerona, eta 1558. urtean argitaratu zuten lehendabizikoz. Etxeberriak, halere, antzezlanei eta gutunei egin die so, batez ere. Gutunak Margaritaren eta haren alaba Joana Albretekoaren artekoak dira: «Lekukotasun ona dira ikusteko zeinen hurbila zen bi emazte horien arteko harremana; luzaz aritu ziren elkarri idazten. Margaritaren anaia Frantzisko I.ak hartu zuen Joanaren ardura hura txikia zenean, eta Joanaren gurasoek [Margarita eta Enrike Albretekoa, Margaritaren bigarren senarra] aukera gutxi izan zuten alabaren bizitzari buruz erabakitzeko. Horregatik, haien arteko gutunak oso inportanteak izan ziren amarentzat eta alabarentzat».
Jean Clouetek egindako Margarita Angulemakoa Nafarroako erreginaren erretratua. NAFARROAKO HITZA
Antzezlanen bidez, bertzalde, Margaritaren sentimenduak uler ditzake irakurleak, Etxeberriak nabarmendu duenez. Anaiaren heriotzak eragindako pena islatu zuen antzezlan horietako batzuetan, hain zuen. «Bertze bi gai ohikoak dira Margaritaren testuetan: maitasuna eta eritasunaren aitzinean dugun jarrera», erantsi du Etxeberriak, eta garbi erran du testu horien bidez Margarita «orainarekin» lotzen dela.
Emakume jantzia
Frantzisko, Margaritaren anaia, Frantziako errege izendatu zuten 1515ean. Margaritak haren ondoan egindako «lan diplomatikoa» aipatu du Nafarroako erreginari buruzko liburuaren egileak, eta lan horren ondorioz Europan izan zuen «ospea» nabarmendu. Frantziako eta Espainiako erregeen arteko gerrek markatu zuten Margaritak egin beharreko lana, neurri handi batean. Neraceko jauregia (Okzitania) ere nabarmendu du Etxeberriak: «Han biltzen zen Nafarroako gortea. Antzerkia eta literatura lantzen zituzten han. Babesleku bat izan zen ideia berriak ekartzen zituztenentzat».
Izan ere, emakume jantzia izan zen Margarita. Luisa Savoiakoa ama arduratu zen Margaritaren eta haren anaiaren heziketaz. Heldu ahala, kulturari atxikirik jarraitu zuen Margaritak, gainera. Idazlea zen, humanista, eta Elizaren erreforma protestantea bultzatu zuen: «Ez zuen inoiz hautsi Eliza Katolikoarekin, baina ideia berriak jasotzeko prest izan zen. Ideia berri horiek, hain zuzen, literaturaren bitartez plazaratu zituen», zehaztu du Etxeberriak. «Heptamerona lanaren bidez, jendea gogoeta egitera deitu zuen, Elizaren ustelkeria salatzera», erantsi du egileak.
«Ez zuen inoiz hautsi Eliza Katolikoarekin, baina ideia berriak jasotzeko prest izan zen. Ideia berri horiek, hain zuzen, literaturaren bitartez plazaratu zituen».
IXABEL ETXEBERRIA Idazlea
Bere bizitzako azken urteetan bakartuz joan zen Margarita; 1549an zendu zen. Margaritaren testuak ikertzen segitzeko beharra nabarmendu du Ixabel Etxeberriak; batez ere, Nafarroako erreginaren antzezlanak. «Heptamerona da Margaritaren lanik ezagunena, baina ez da bakarra. Testu profanoak ere idatzi zituen, eta haietako anitz garaikideak dira oraindik. Anitz dago ikertzeko». Etxeberriaren liburuak balio du Margaritaren lanetan sakontzeko, hain zuzen. Euskaltzaindiak argitaratu du, Euskaltzainak izenburuko bildumaren barruan, Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzarekin.