«Zaila bada ere, heriotzaren beldurra kenduta zabalagoa da bizitza»

«Zaila bada ere, heriotzaren beldurra kenduta zabalagoa da bizitza»

Heriotzarekin izan zuen esperientzia batek hausnartzera bulkatu zuen Nere Erkiaga (Lekeitio, Bizkaia, 1973), eta, tanatologia ikasi ostean, Hil arte bizi programa sortu zuen 2022an. Geroztik, herriz herri ibili da, «heriotzaren gainean ditugun eskubideak» plazaratuz eta fenomeno horren inguruko tabuak apurtuz. Erkiagak azpimarratu du tailerrak ez direla egokiak doluan daudenentzat. Lesakako Koskontako bideko aretoan izan zen ostegunean, apirilaren 11tik maiatzaren 2ra eginen duen tailer multzoa aurkezten. Tokiak mugatuak izanen dira, eta apirilaren 8ra arte ematen ahal da izena, udal bulegoetan.

Zertan datza Hil arte bizi tailerra?

Heriotzaren inguruko kontu praktikoak lantzen dira, bi ildo nagusitan. Batetik, norbanakoak eta komunitateak heriotzaren aurrean dituen eskubideak ikasten dira, ondoren, erabakiak hartzeko ahalmena praktikan jarri ahal izateko. Halaber, gizartean erroturik dagoen heriotzarekiko beldurra deseraikitzeko ariketak egiten dira. Bestetik, osasun arloari dagozkion erabakiak jorratzen dira, baina Lesakan ez ditut horiek landuko, oraingoz behintzat.

Ez da dolua gainditzeko tailer bat, beraz. 

Ez. Uste dugu heriotzaz hitz egitea doluaz hitz egitea dela, baina heriotza kontzeptu askoz zabalagoa da. Heriotzaz hitz egin behar da doluan ez gaudenean ere.

Zergatik?

Ni aditua naiz heriotzaren pedagogian, ez doluaren interbentzioan; pedagogia hori egin behar da doluan ez gaudenean. Izan ere, doluan gaudenean oso sentibera gaude, ez gaude indartsu; ez da kontu praktikoez mintzatzeko unea. Halaber, gaizki egindako dolu bat badugu, onena da adituei laguntza eskatzea.

Zer eskubide ditugu heriotzari dagokionez?

Asko dira, eta ezezagunak, gainera. Erradioaktiboak balira bezala tratatzen ditugu gorpuak, eta horrek heriotzaren inguruko tabua eragiten du. Esaterako, uste dugu hil eta berehala eraman behar dutela gorpua hileta zerbitzuek; kontua da legeak ahalbidetzen duela gorpua etxean edukitzea ordu batzuez, txukuntzeko, agurtzeko… pertsona hori etxean hil bada, betiere. Testamentuaren ingurukoak ere ikasten ditugu: legeak, eskubideak, ez egitearen ondorioak… eta, noski, eskubide digitalak ere izanen ditugu aztergai.

«Erradioaktiboak balira bezala tratatzen ditugu gorpuak, eta horrek heriotzaren inguruko tabua eragiten du»

Osasun arloko eskubideak ere aipatu dituzu. Zeintzuk dira horiek?

Pazientearen autonomia da garrantzitsuena: tratamenduak onartu edo errefusatzeko eskubidea, bakarrik hiltzeko eskubidea, intimitaterako eskubidea… Aurretiazko borondateen dokumentuak zer diren eta nola funtzionatzen duten ere lantzen da tailerrean, baita eutanasiaren nondik norakoak ere.

Zeintzuk dira eskubide kolektiboak?

Esaterako, hileta zibila izateko eskubidea. Hobeki antola daitezke: ezkontza zibilek baliabide andana jasotzen dute; hileta zibilek, ordea, ez. Eskubide komunitarioak dira horiek.

Eskubideak ikasi ondoren, nola hartu erabakiak?

Hori norberaren araberakoa da. Bakoitza libre da bere heriotzaren prozedura nahieran burutzeko. Garrantzitsuena da erabakiak hartzen jakitea.

Nola lantzen duzu hori tailerretan?

Galdera motz batzuk planteatzen ditut, eta bakoitzak labur erantzuten ditu, boteprontoan. Ondoren, bildutakoa garbira pasatu eta Agur on izeneko karpeta batean jasotzen dute. Horrela ja baduzu helduleku bat erabakitzen hasteko. Garrantzitsuena da ideia bat egitea. Tailer praktikoak dira, eta oso dinamikoak. 

«Uste dugu heriotzaz hitz egitea doluaz hitz egitea dela, baina heriotza kontzeptu askoz zabalagoa da»

Kulturala da heriotzaren inguruko estigma?

Bai, guztiz. Elizak sortu zuen estigma hori, beldurra eraginez. Egun, ordea, Elizak ez du hainbesteko eraginik, eta gazteek ikus-entzunezkoen bidez jasotzen dute heriotzaren iruditeria oker hori: gehienetan bortitzak eta fantasmagorikoak dira heriotzak, beldurgarriak oso. Heriotza onak existitzen dira, baina ez dira ikusarazten. 

Nola egin aurre tabu horiei?

Hitz eginez, irakurriz, partekatuz… Ikusgarritasuna eman behar zaio heriotzari. Esperientzia onak badira, eta horrek ez du esan nahi hildakoak hil egin nahi zuenik. Prozesua bakean bizitzeak lasaitasuna ematen die ingurukoei. Tabuak sufrimendua besterik ez du sortzen. 

Hezkuntzan heriotzaz aritzeak garrantzi handia izanen du, beraz.

Ezinbestekoa. Ari dira pixkanaka era natural batean lantzen, pedagogia eginez. Egunerokotasunak dakartzanekin lantzen dute; barraskilo bat hilda agertu bada, esaterako, pedagogia egiten dute horrekin. Eskola guztiek erabili beharko lukete pedagogia hori. Halaber, oso garrantzitsua da dolurako pedagogia edo bide orri bat garatzea ikastetxeetan, inguruko norbait hiltzen denean nola jokatu jakiteko.

«Ezkontza zibilek baliabide andana jasotzen dute; hileta zibilek, ordea, ez»

Nola bizi duzu heriotzari buruz etengabe hitz egitea?

Norbaitek behin esan zidan ez ote zen beltza heriotzari buruz aritzea. Ez du ezer beltzetik; giro ederra sortzen da ikastaroetan, eta balorazioak oso positiboak dira. Kontent nago, frogatu baitut eraginkorra dela, eta horrek segitzeko kemena ematen dit. Izan ere, nik ere beldur handia nion heriotzari, baina frogatu nuen deseraiki daitekeela hori. Ez da erraza heriotzaren tabua etengabe apurtzen aritzea, baina horretan sinisten dut, eta hala jarraituko dut. Zaila bada ere, heriotzaren beldurra kenduta zabalagoa da bizitza.