Egitura salatzeko

Egitura salatzeko

Egiturazkoa. Halakoxea da arrazakeria, eta halakoxea delako, hain zuzen, haren erroak gizartearen arlo guztietara ailegatzen dira. Egiturazko arazo bat dago migratzaileei etxebizitzarik alokatu nahi ez dietenen jarreraren atzean; egiturazko arazo bat dago karrikan herritar beltzak eta arrazializatuak geldiarazten eta miatzen dituzten polizien jarreraren atzean; eta egiturazko arazo bat dago ustez delitu bat egin duen migratzaileren bati buruzko berrian haren jatorria nabarmentzen duten hedabideen jarreraren atzean ere. Egitura hori salatzeko beharra nabarmendu du Nafarroako SOS Arrazakeriak, martxoaren 21ean —Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean—, urteroko bere txostena aurkezteko egindako agerraldian.

Nafarroako SOS Arrazakeriak datuak jaso ditu txosten horretan, 2023. urtean bere bulegoan artatu zituen herritarren salaketak eta esperientziak oinarri hartuta. Datu horiei so eginez gero, nabarmentzekoa da bazterketa sufritu dutela salatu duten herritarren kasu gehienetan erakunde publikoak izan direla herritar horiek baztertu dituztenak; bazterketa horrek eragin du, gainera, salaketa jarri duten horiek babes sozialerako sistematik at gelditu izana anitzetan. Horixe salatu du Nafarroako SOS Arrazakeriako Flavia Navarretek, eta erantsi du iaz artatutako herritarren artean badirela nabarmentzen diren bi soslai: «Batetik, karrikan bizi den jendea, eta, bertzetik, nazioarteko babesa eskatu duten familiak. Guregana jo duten familia horietako hainbat kalean gelditu dira: gurasoak karrikan gelditu dira beren haur txikiekin, erakunde publikoek babes sozialerako eskubidea urratu dietelako».

SOS Arrazakeriaren urteroko txostenaren aurkezpena; ezkerretik hasita, Beatriz Villahizan, Flavia Navarrete eta Aleyda Gaspar. NAFARROAKO HITZA

SOS Arrazakeriak jasotako datuek diote gora egin duela karrikan bizi diren herritarren kopuruak, eta gora egin duela karrikan Poliziaren kontrolak jasan behar izaten dituzten herritarren kopuruak ere. «Hala ere, gure txostenak ez du errealitatea islatzen», azpimarratu du Navarretek: «Izozmendiaren punta bertzerik ez da; anitzek ez dute salatzen, ondorioen beldur baitira, bertzeak bertze».

Erroldarako eskubidea

«Migratzen dutenek migrazioari buruzko arauak urratzen dituzte, baina, batez ere, guztiz bidegabea den sistema global bati aurre egiteko disidentziarako modu bat sortzen ari dira». Nafarroako SOS Arrazakeriako Aleyda Gasparrenak dira hitzak. Desobedientzia horrek migratzaileak «ikusezin» bilakatzen dituela erantsi du Gasparrek: «Hori egiten du arrazakeria instituzionalak. Sistemari dagokio herritarrak babestea, baina, sistemak, berez, bazterrera bota nahi ditu herritar horiek».

Arrazakeriaren aurkako manifestazioa, Iruñean, martxoaren 23an. Karrikan bizi direnen errealitatea islatzeko performance bat egin zuten. IÑIGO URIZ / FOKU

Erroldarako eskubidea nabarmendu du Nafarroako SOS Arrazakeriako kideak, errolda baita gizarte babesa lortzeko giltza. Giltza hori ez dutenak «inongo babesik gabe» gelditzen dira, «guztiz zaurgarri». Errolda lortzeko eskubidea, baina, ez da betetzen. Gasparrek oroitu duenez, Arartekoak tokiko entitateei eskatu die ezar ditzatela erroldarako bideak. Erroldarik gabe, osasun txartelik ere ez dute migratzaile anitzek, eta, ondorioz, osasun arretarako sarbidea ukatzen edo zailtzen zaie. «Osasuna ez da unibertsala, oraindik ere», salatu du Nafarroako SOS Arrazakeriako Beatriz Villahizanek.

«Zorionez, gero eta gehiago dira sufritzen duten bazterketa jendaurrean salatzen duten ijitoak; orain arte ezkutuan gelditzen zen errealitate bat azaleratzen ari gara, garbi uzteko ez dugula horrelakorik onartuko». 
RICARDO HERNANDEZ Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo federazioko kidea

SOS Arrazakeriako kideak karrikara atera ziren larunbatean, arrazakeriaren kontrako Martxoaren 21a plataforma osatzen duten gainerako elkarteetako kideekin eta bat egin zuten herritarrekin batera. Manifestazioa egin zuten Iruñean, Merindadeen plazatik Udaletxe plazaraino. Martxoaren 21eko agerraldian salatutakoa irudikatu egin zuten larunbateko protestan: ibilbidean, hiru performance egin zituzten, karrikan bizi direnen errealitatea islatzeko, baita Poliziak herritar beltzei eta arrazializatuei egiten dizkien kontrolak eta miaketak ere. Migratzaile anitzen egoera zaurgarria dela ere agerian utzi nahi izan zuten manifestazioan, egiturazko arrazakeriak bigarren mailakotzat jotzen dituela eta. «Hemen ere, egiturazko arrazakeriak zaildu egiten die heziketarako, osasunerako, lanerako, etxebizitzarako eta babes sozialerako sarbidea beltzei, arrazializatuei eta ijitoei; egungo sistemak baztertu egiten ditu. Sistema bidegabea da, eta bada garaia hutsean uzteko», azpimarratu dute plataformako kideek.

Gizartearen begirada

Hainbat eragilek bat egin dute arrazakeriaren aurkako plataforman. Nafarroako SOS Arrazakeriako Beatriz Villahizanek nabarmendu egin du herritarren artean sortu diren sare horiek duten balioa, hain zuzen, eta sare horien bidez sistemari aurre egitera deitu ditu herritarrak. Plataforman dago Nafarroako Pobreziaren eta Bazterketaren Aurkako Sarea, bertzeak bertze; sare horretako zuzendari Edurne Redinek larunbateko manifestazioan parte hartu du, eta garbi erran du arrazakeriak gogor eragiten diela migratzaileei eta herritar arrazializatuei: «Egungo gizartearen begiradak mugak ezartzen ditu, eta horiek galarazi egiten diete migratzaileei eta herritar arrazializatuei bizi proiektu duin bat martxan jartzea».

«Hala ere, gure txostenak ez du errealitatea islatzen: izozmendiaren punta bertzerik ez da. Anitzek ez dute salatzen, ondorioen beldur baitira, bertzeak bertze». 
FLAVIA NAVARRETE Nafarroako SOS Arrazakeriako kidea

Etxebizitza da bizi proiektu duin bat garatu ahal izateko funtsezko elementuetako bat, baina migratzaile eta herritar arrazializatu anitzentzat urrun da. Errealitate hori ederki ezagutzen dute Haritu sareko kideek. Etxebizitza sindikatu bat dute, eta egunerokoan garbi ikusten dute migratzaileek eta herritar arrazializatuek dutela arazo gehien etxebizitza bat alokatzeko. Larunbateko manifestazioan parte hartu dute, egungo sistemari aurre egin nahi baitiote euren sarearen bidez ere.

Mugei eta aurreiritziei aurre egiteko beharraz mintzatu da Loss Moussa gaztea ere. Boli Kostakoa da; duela sei urte atera zen sorterritik, eta orain Iruñean bizi da. Zerbitzari gisa ari da lanean. Moussak galdera bat bota du: «Zergatik ez dut beltzik ikusten billabesak gidatzen? Zergatik ez ditut ikusten taxi baten bolantearen atzean?». Moussak bezala, Ane Xin Azanza gazteak ere uste du oraindik ere pertsona guztiek ez dituztela eskubide guztiak bermatuak, eta sistemak baztertu egiten dituela beltzak, herritar arrazializatuak eta ijitoak. «Karrikan aldarrikatu behar dugu eskubide guztiak nahi ditugula pertsona guztientzat; gazteok ere egin behar dugu lan, hurrengo belaunaldiek bazterketarik gabeko mundu bat jaso dezaten».

Arrazakeriaren aurkako manifestazioan egindako performance bat, martxoaren 23an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU

Gazteak eta batez ere emakumeak egiten ari diren lana nabarmendu du Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo federazioko ordezkari Ricardo Hernandezek, hain zuzen. «Duela bost mende ailegatu ginen Nafarroara, baina, oraindik ere, arrazakeriari aurre egin behar diogu. Zorionez, gero eta gehiago dira sufritzen duten bazterketa jendaurrean salatzen duten ijitoak; orain arte ezkutuan gelditzen zen errealitate bat azaleratzen ari gara, garbi uzteko ez dugula horrelakorik onartuko».

Emakume ijitoak ez dira arrazakeriaren aurka altxatu diren bakarrak. Emakume migratzaileek sortutako kolektibo bat da Las Poderosas, eta larunbateko manifestazioan pankartari eusten egon dira taldeko bi kide: Joy Ogbeide eta Lydia Osifo Festus. «Hagitz garrantzitsua da hemen egotea, eta, batez ere, hemen egoteko aukera ez dutenen ordezkari izatea. Egoerarik zaurgarrienean direnak oroitu nahi ditugu, gizarteak ikus ditzan». Ikusi, aitortu, errespetatu, entzun… Herritar guztien eskubide guztiak aintzat hartuko dituen sistema bat lortzeko bidean.

151

Zenbat pertsona artatu dituzten. Nafarroako SOS Arrazakeriako kideek 151 herritar artatu zituzten 2023. urtean Iruñeko bulegoan.

%68

Entitate publikoek baztertutakoak. Txostenaren arabera, artatu zituzten kasuen %68tan erakunde publiko bat izan zen baztertzailea.

%41

Egoera irregularrean daudenak. Nafarroako SOS Arrazakeriaren Iruñeko bulegoan iaz artatutako herritarren %41 egoera irregularrean ziren, txostenaren arabera.