Eskalada, eskia eta mendiko beste kirol asko egiten ditu Sara Zapata Ortiz de Apodakak (Iruñea, 1999). Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioko kirol zuzendari berria kirol jarduera ugariren arteko harremanaz arduratzen da. Nabarmendu du geroz eta emakume gehiagoren eremua ere badela mendia, segurtasunean arreta jarri behar dela eta, oraingoz, federazioak orain arte egindako bideari jarraituko diola.
Kargua hartuta nola sentitzen zara?
Oraindik gauzak ikasten ari naiz. Egunero daude gauza berriak eta egun guztiak desberdinak dira. Beraz, ohitzen eta oraindik martxa hartzen.
Mendi irteerak, eskalada eta beste kirol asko egiten dituzu. Lanak kirola praktikatzeko denbora uzten dizu?
Denbora gutxiago daukat, baina bai. Orain arte izan ditudan lanak ordu gutxikoak izan dira; orduan, errutina berri honetara ohitzen, eta lan orduen eta entrenamenduen arteko oreka bilatzen ari naiz. Kirol horiek praktikatzen jarraitzen dut, baina aste tartez, gutxiago. Asteburuetan betiko martxan ibiltzen naiz, eta ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen naiz.
Nola sartu zinen mendi munduan?
Txikitatik familiarekin mendira joaten nintzen. Ostean, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasi nuen, Gasteizen. Bertan talde bat sortu genuen, eta eskalatzen hasi ginen. Justu kointziditu zuen askok ordura arte egiten genituen kirolak utzi, eta eskalada eta mendiko beste kirol batzuk probatzen hasi ginela. Betidanik egiten dut eski alpinoa, eta gero hasi nintzen mendiko eskia eta korrika egiten. Azkenean, gauza batetik bestera eta jendea ezagutuz zoaz, eta bakoitzak gauza bat irakasten dizu.
«Neska asko ikusten ditugu mendian, eta horrek mendira joaten jarraitzeko indarra eta gogoa ematen dizkigu»
Nolakoa da zuzendari lana?
Gauza pila bat dira. Federazioaren barruan kirol eta jarduera asko daudenez, guztiekin jarri behar dugu harremanetan. Zer behar duten eta zer ez identifikatu, eta zertan lagundu dezakegun aztertu nondik tira egin jakiteko. Horretarako, zenbait ordezkaritza daude, eta bakoitzak betebehar batzuk ditu.
Zeintzuk dira?
Asko dira. Batetik, lehiaketetakoa: hor sartzen dira eskalada, mendi lasterketak, mendiko eskia, ipar martxa eta korrika. Klubekin harremanetan jarri behar dugu, eta Nafarroako egutegia aurrera eraman, goi errendimenduko taldeak edo teknifikazio eta perfekzionamendu taldeak kudeatu, selekzioak txapelketetara eraman, eta gauza horiek egin. Bestetik, lehiaketei lotuta ez daudenak; adibidez, iraupen luzeko martxak, erreken jaitsierak eta beste koordinatu, formakuntzak eman eta ateraldiak kudeatu. Ingurumenari lotutakoa ere hor dago. Helburua da ingurumenean eragin txarrik ez sortzea. Berdintasun ordezkaritza genero berdintasuna bermatzen eta emakumeen presentzia handitzen saiatzen da.
Iaz, federatuen %37 emakumeak izan ziren. Geroz eta emakume eta genero disidente gehiago daude?
Mendia beti izan da gizonen esparru bat, eta urteekin geroz eta emakume gehiago ikusten dira federazioan eta mendian. Izan eskalatzen, korrika edo beste egiten, geroz eta emakume gehiago daude, eta hori garrantzitsua da. Gauzak ongi egiten ari garen seinale da. Federaziotik aparte, maila pertsonalean, emakume talde batekin joaten naiz mendira. Emakume asko elkartzen gara, eta beste neska asko ikusten ditugu mendian. Horrek mendira joaten jarraitzeko indarra eta gogoa ematen dizkigu.
Federazioko lehenengo emakume zuzendaria zara. Horrek presioa handitzen du?
Ez dut presiorik sentitzen emakume izategatik. Ez dut inoiz izan horrelako lanik; orduan, presioa orokorra da. Hala ere, jende asko laguntzeko prest egoteak lasaitzen nau.
Orain bi aldeak ezagutzen dituzu. Uste duzu orain arte federatua izateak beste begirada bat eskaintzen dizula?
Bai. Orain arte ez nuen federazioa barrutik ezagutzen, eta ez nekien zenbat lan zegoen atzetik. Federazioan, gauza eta proiektu politak egiteko ideia asko dituen eta gogotsu dagoen jende boluntario asko dago.
«Gauza eta proiektu politak egiteko ideia asko dituen eta gogotsu dagoen jende boluntario asko dago»
Proiektu berririk sortzeko asmoa duzu?
Oraingoz, martxan dauden proiektuei helduko diet, neure burua egonkortu nahi dudalako lan berri honetan. Orduan, nire asmoa da proiektu horiek ongi ateratzea, eta aurrerago gauzak aldatzea eta proposatzea. Azkenean, beti daude gauzak aldatzeko, baina proiektu berriak egiteko hobeto ezagutu behar dut federazioa.
Esku artean duzuen zer proiektu nabarmenduko zenuke?
Kirol jokoetan lan handia egiten ari gara. Haurren eskola bat sortzen ari gara, gero mendian ongi eta segurtasunez ibiltzeko. Ikusi dugu askotan jendea gaztetan hasten dela mendian, eta uste dugu inork deus erakutsi gabe dena dakigula. Eskola honen helburua da haurrek oinarri bat izatea, gauzak ongi eta segurtasunez egiteko. Uste dut lan polita dela.
Mendiko kirolek —tartean, eskalada—, geroz eta arrakasta handiagoa dute. Gizartea segurtasunarekin sentsibilizatuta dago?
Uste dut jende asko kontziente dela egiten duenaren inguruan, baina, aldi berean, beste mundu batetik datorren jendeari ahazten zaiola non ari garen. Ziurgabetasun handiko eremuetan ibiltzen gara, eta horrek arriskura eramaten gaitu. Horregatik, horretaz kontziente izan behar dugu, eta ziurtasunez jokatu. Federazioaren erronketako bat da federatu guztiei helaraztea segurtasunez ibili behar dugula, eta jendea animatzea federatzera. Zerbait gertatzekotan, federatuta egotea babes moduko bat da.