Enbor bera, adar gehiago

Enbor bera, adar gehiago

Bertze hazi bat ereiteko: Iruñeko Labea arte, zientzia eta natura laborategiak Arbola jaialdia antolatu du hiriburuan, bigarrenez. Ekinaldiak iaz hasitako bideari eman nahi dio segida, sortu zuten unetik beretik izan baitu egonkortzeko asmoa; aurtengo aldiak, halere, izanen du berrikuntzarik, proiektu sendo eta egonkorra ehuntzea ez ezik, gogoetarako bide berriak sortzea eta sakontzea ere hartu baitu xede. Arbolak artea eta zientzia lotu nahi ditu, kultura ingurumenari eta egungo klima krisiari buruz hausnartzeko tresna bilakatzeko.

Hamaika aurpegi dituen tresna bat da kultura, eta guztiak garatu nahi ditu Arbolak. Iaz jaialdi gisa aurkeztu zuten egitasmoa; aurten, bertze urrats bat egin nahi izan dute aurrera: «Ekitaldien baso bat antolatu dugu», azaldu du Isa Ferreira Labea laborategiko lantaldeko kideak. Lehen ekitaldia apirilaren 12an eginen dute; Arbola Fest, berriz, maiatzaren 15etik 18ra. Ekinaldia, halere, martxan da jada, martxoaren 20an hasi baitziren lanean Arbolan egoitza bat lortu duten hamar artistak. Basoa hasi da hazten.

Arbolak artea, zientzia eta natura gurutzatzen diren tokia du berezko esparru, eta jaio zenetik, klima krisiak behartutako egungo trantsizio ekosozialeko garaian «erantzun bat» eman nahi izan du. Klimari, naturari, ingurumenari buruzko gogoeta hori du gai nagusi, eta gai horren inguruan ari diren sortzaileak erakarri nahi ditu, hain zuzen: «Diziplinarik gabeko ekinaldi bat da gurea, oinarria gaia delako; gai horren inguruko edozein proiektuk, ekitaldik, artistak du toki bat gurean. Ikerketaren, poesiaren, dantzaren edo ingurumen zientzien arlotik datozenak ongi etorriak dira gure artean», nabarmendu du Ferreirak.

Isa Ferreira, Arbola jaialdiko koordinatzailea, egoitzak lortu dituzten artistetako batzuekin, Iruñeko Antartika gunean, martxo bukaeran. AITOR KARASATORRE / FOKU

Gaiaren inguruko lana da garrantsitzuena, eta hori ederki islatzen du Arbolaren aurtengo aldiak martxan jarri duen egoitzen programak, hain zuzen. Hamar artista hautatu dituzte programa horretan parte hartzeko: sortzaileak dira batzuk, eta Arbola Fest ekinaldian aurkeztuko dituzte lanak. Bitartekaritzaren eta ikerketaren esparruan ari diren artistak ere gonbidatu dituzte, Arbolak bultzatu nahi duen gogoetaren esparruan urratsak egin ditzaten.

«Gogoeta hori egiteko espazio bat izan nahi du Arbolak; urtetik urtera hazi nahi dugu, hausnarketa elikatu. Gizarteari garbi erran nahi diogu kulturak ingurumenarekin lotu behar duela, eta ingurumenak ere kulturarekin egin behar duela bat. Egungo krisiari buruzko datuak baditugu; orain, artea baliatu nahi dugu datu horiek barneratzeko, eta datu horien aurrean erantzun bat emateko. Artearen bidez, eta izan nahi dugun etorkizuna lortzeko, bizitzeko eta pentsatzeko moduak saiatzen ahal ditugu orain; hori ematen digu Arbolak», berretsi du Isa Ferreirak.

Arte bainuak 

Arbola jaialdiko egoitzak Iruñeko Kale Nagusiko Antartika gunean ari dira garatzen. Han egin dute bat parte hartzen duten hamar artistek. Nork bere proiektua du lantzeko, baina elkarrekin egindako lanak ere elikatzen ditu batzuen eta bertzeen gogoetak eta proposamenak. Eremu bera erabiltzen dute, eta eremu horretan ari da nor bere lana egiten; harreman horrek arrasto bat uzten du denen prozesuetan.

Ghislaine Verano artistaren proiektuko irudi bat, Arbola jaialdirako. Maiatzean aurkeztuko du. ARBOLA

Saretze hori «hagitz interesgarria eta aberasgarria» dela erran du Ghislaine Veranok, hain zuzen. Artista nafarra da Arbolak aurten antolatutako egoitzen programako parte hartzaileetako bat. Arte bainuak basoan izena du Verano garatzen ari den proiektuak. Artista Arbolaren iazko lehen aldian aritu zen, eta orduan egindako lanaren segida da bigarren aldi honetan prestatzen ari dena. Eskertu du bere proiektuan sakontzeko aukera, sormen prozesurako baldintza egokiak izatea «hagitz inportantea» dela uste baitu. Arbolak toki bat eta denbora ematen die artistei, anitzetan falta dutena, alegia.

«Oraingo proiektuarekin, bertze urrats bat egin nahi dut aurrera: ikus-entzuleak naturan egotera gonbidatu nahi ditut. Artea eta natura bertze modu batera bizitzeko proposamen bat da». 
GHISLAINE VERANO Artista

Arbolan sortzen ari diren artista guztiek zuhaitzen eta landareen mundua dute abiapuntu; helmuga, baina, ez da bera. Ghislaine Veranok naturari egiten dio so bere lanetan, aspalditik. Naturari eskainitako begirada horrek gizakia sendatzeko gaitasuna du Veranoren proposamenetan, helburu hori du. «Oraingo proiektuarekin, bertze urrats bat egin nahi dut aurrera: ikus-entzuleak naturan egotera gonbidatu nahi ditut. Artea eta natura bertze modu batera bizitzeko proposamen bat da», kontatu du artistak. Veranok gorputzetik egiten du lan, eta zentzumenen esparrua nabarmendu nahi du naturan murgilduz.

Habien inguruan

Claire Hurley artista irlandarra, Verano bezala, erabat murgiltzen da naturan bere lanaren bidez. Natura jantzi egiten du, eta, natura horren zati bilakatuta, bere eta natura puska horien argazkiak egiten ditu, irudi horiekin erakusketak osatzeko. At home in the trees izena du Antartikan garatzen ari den proposamenak: zuhaitzak bere etxe bilakatu ditu.

Claire Hurley artista irlandarra, bere obra batekin jantzita. ARBOLA

Hurleyk Donejakue bidea egiten ezagutu zuen Nafarroa, duela hamar urte; orain, Europako Batasuneko programa baten bidez lortu du Antartikan egoteko egoitza. «Hagitz kontent» da; eskertu du bertze artistekin gogoetak eta eremua partekatzeko aukera, eta eskertu du, halaber, Arbola ekinaldiaren barruan bere lanean sakontzekoa.

Isa Ferreirok garbi du Hurleyren proposamena «ezin hobeto» lotzen dela Arbolaren oinarriarekin. Izan ere, bere obraren bidez, artista irlandarrak gizakion eta naturaren arteko harremana lantzen du: «Natura da gure etxea, baina naturatik aldendu gara. Natura suntsitzen ari gara, gure etxea suntsitzen ari gara», erran du Claire Hurleyk.

«Natura da gure etxea, baina naturatik aldendu gara; natura suntsitzen ari gara, gure etxea suntsitzen ari gara». 
CLAIRE HURLEY Artista

Artista, zehazki, habiaren ideiaren inguruan ari da lanean Antartikan. «Habia, niretzat, etxea da; habiaren bidez, gure etxea zaintzeko eta gure etxearekin bat egiteko beharraz hitz egin nahi dut», azaldu du Hurleyk. Naturak ematen dizkion materialak erabiltzen ditu artistak bere lanetan. Lan horren lehen urratsa material horiek biltzea da, hain justu: «Mendira, basora joaten naiz, eta bidean aurkitzen ditudan adarrak eta bertze jasotzen ditut. Prozesu horrek bere denbora behar du, edozein gauzak ez baitu balio; ideiak materialarekin egiten du bat», zehaztu du Hurleyk.

Veranok Arbola Festen barruan aurkeztuko du orain egiten ari den lanaren emaitza: maiatzaren 18an parte hartuko du jaialdian, 13:00etan, Iruñeko Aranzadiko irlatxoan. Hurleyk, berriz, Iruñeko Kondestablearen jauregian erakutsiko ditu At home in the tress proiektuko argazkiak, maiatzaren 10etik 18ra. Erakusketa inauguratzeko ekitaldi berezi bat eginen dute: Iosu Alfaro biologoak gidatutako ibilaldi bat, Antartikaren egoitzatik hasita. Kondestablearen jauregian amaituko da ibilaldia, eta, bidean, aurkitzen dituzten faunaren eta landareen berri emanen du Alfarok. 17:00etan hasiko dute bidea.

Arandaren proposamena

Hilaren 12koa izanen da Arbola jaialdiko aurtengo lehen ekitaldia, eta Monika Aranda artista nafarra izanen du protagonista. Exotikoak izenburupean, eta Garrapo etxeak gidatuta, exotikotzat hartzen diren landare espezieak ezagutzeko ibilaldia eginen dute, Antartikan, 17:00etan hasita. Bukaeran, 19:00etan, Arandak hitzaldi bat eginen du Nafarroako Museoan. Hitzaldi horren helburua izanen da ExoTikoak izenburupean garatuko duen proiektu artistikoa azaltzea. Aranda berezkoak ez dituzten eremuetan dauden landareen inguruan ari da lanean; zehazki, panpa lezkari buruz, landare horien edertasunari eta ekosistemetan duten eraginari buruz gogoeta egiteko asmoz.

«Gizarteari garbi erran nahi diogu kulturak ingurumenarekin lotu behar duela, eta ingurumenak ere kulturarekin egin behar duela bat. Egungo krisiari buruzko datuak baditugu; orain, artea baliatu nahi dugu datu horiek barneratzeko, eta datu horien aurrean erantzun bat emateko». 
ISA FERREIRA Labea laborategiko kidea, Arbola jaialdiko arduraduna

Bertze hamaika tailer, erakusketa, hitzaldi eta dantza emanaldi eginen dituzte aurtengo Arbolaren bigarren aldian —informazio osoa Labea.net/eu helbidean dago—. Iazko lehenengoa arrakasta handiz egin zutela oroitu du Isa Ferreira antolatzaileak, eta aurtengoak ere herritarren jakin-mina piztuko duela espero duela erantsi du. Garbi erran du «zorroztasuna» bilatuz egin dutela lan Arbolaren itzalpean prestatutako ekitaldien zerrenda osatzeko: «Zorroztasuna dugu helburu proposamen artistikoetan, bai eta zientziaren dibulgazioaren esparruan ere», zehaztu du Ferreirak.

artistak

Adriana Reyes. Espainia. Izpilikuari buruzko lana. 
Arantxa Ciafrino. Alemania. Artea, ekologia eta dekolonialismoa.
Catarina Saraiva. Portugal. Ihes lerro 2025.
Claire Hurley. Irlanda. At home in the trees.
Ian Capille. Portugal. Arbolen gaua.
Ghislaine Verano. Nafarroa. Arte bainuak basoan.
Maitane Azpiroz. Nafarroa. H2O.
Marco Ranieri. Italia. Zuhaitzen ahotsa.
Monika Aranda. Nafarroa. Exotikoak.
So Dias. Portugal. Blast.

Arbola fest

Maiatzak 15. Joaquin Araujoren hitzaldia, 19:00etan, Iruñeko Civican aretoan.  20:00etan, toki berean, Arbolako artisten erakusketa koloektiboaren inaugurazioa. Maiatzaren 30era bitarte ikusi ahal izanen da. 
Maiatzak 17. Zuhaitzak eta ura ibialdia, Maitane Azpirozekin. 17:00etan, Iruñeko Antartikan. 20:00etan, Azpirozen proiektuaren aurkezpena, Aranzadin.
Maiatzak 18. Ibilaldi pedagogikoa. 11:00etan, Iruñeko Antartikan. 18:00etan, egoitzetako proiektuen aurkezpena, Iruñeko Kondestablearenean. 20:00etan, toki berean, Adriana Reyesen hitzaldi-performancea.