Karlos Irujok (Iruñea, 1960) Iruñeko Ortzadar euskal folklore taldearen ibilbide ia osoa ezagutu du, duela 47 urte egin baitzuen bat orain mende erdia bete duen taldearekin. Jardunaldiak eginen dituzte apirilaren 9tik 13ra, Iruñean, urteurren hori ospatzeko.
Ezagutzen ez duenarentzat, zer da Ortzadar?
Dantza talde bat baino gehiago da. Dantza talde gisa antolatu ginen hasieratik, baina hiru helburu ezberdin izan ditugu oinarri hasieratik egin dugun lan guztian: ikerketa, ikaskuntza eta dibulgazioa. Taldea sortu zenetik ikerketak bereizten gaitu. Euskal Herrian, garai hartan, Argia taldearen ildotik aritu ginen gu ikertzen. Lan hori ez zen ohikoa garai hartan.
Dantzak ikertzen zenituzten?
Hasieran bai, baina momentu batean hasi ginen dantzen inguruko giroari ere so egiten, dantzen inguruko antolamendu sozialari. Urteko egutegi folklorikoa deitzen duguna ikertzen hasi ginen: bestak, inauteriak eta beste. Lan horretan eragina izan zuten folklore jardunaldiek.
Zuek antolatzen zenituzten?
Bai. Taldeak hamar urte bete zituenean hasi ginen antolatzen, eta jarraitzen dugu. Lehendabiziko biak dantzei buruz izan ziren, baina hirugarrenetik aurrera hasi ginen esparrua zabaltzen, eta hasi ginen ezagutzen dantzen inguruan zegoen mundu tradizional hori. Ikerketarekin lotuta ere egin izan ditugu ikuskizun bereziak. Lehen ikerketa sakona Erribera aldean egin genuen; han galduta zeuden bizpahiru dantza errekuperatu genituen, eta dantza haiek erakusteko egin genuen Erribera izeneko jaialdi bat. Gero egin ditugu beste asko.
«Taldea sortu zenetik ikerketak bereizten gaitu. Euskal Herrian, garai hartan, Argia taldearen ildotik aritu ginen gu ikertzen. Lan hori ez zen ohikoa garai hartan»
Zergatik egin zenuten ikerketaren aldeko apustua? Hutsune bat bazela sumatu zenuten?
Ulertu behar dugu zer-nolako giroa zegoen orduko Hego Euskal Herrian. Frankismotik gentozen. Ez zen iturrira joateko ohiturarik, eta dantzak ikasten ziren beste dantza taldeen lanari begira. Herri batetik oholtzara doan haria galduta zegoen, une hartan. Eten bat bazen. Argiaren bideari jarraituz, hemen ere iturrietara jo behar genuela ikusi genuen, eta horregatik hasi ginen ikerketa lantzen.
Hiru oinarri aipatu dituzu; lehena da ikerketa, eta bigarrena ikaskuntza. Zer lan egin duzue arlo horretan?
Batez ere, gure jardunaldiak daude hor. Behin Galiziara joan ginen, Santiagora, eta folklorearen inguruan ari ginen hainbat pertsonak egin genuen bat antropologo batzuen artean. Orduan bururatu zitzaigun egin genezakeela Iruñean gisako zerbait. Horrela hasi ginen jardunaldiak egiten dantzei buruz. Gaia zabaltzen hasi ginen, eta beste hainbat arlotako adituak ekartzen. Lan horrek aukera eman digu gure jarduera zabaltzeko, dantzatik harago.
Dantzei testuinguru bat eman diezue?
Bai. Orain ez da hainbeste egiten, baina, lehen, dantzatu aurretik, aurkezpen bat egiten genuen dantza nongoa zen azaltzeko. Polita da hori, dantza bere testuinguruan kokatzea.
Dibulgazioa da azken oinarria.
Hor sartzen dira gure emanaldiak, gure kontzertuak, ikastaro monografikoak eta beste. Iruñean uste dut gu izan ginela lehenak txalaparta ikastaro bat egiten, eta hortik sortu ziren Iruñerriko txalaparta talde batzuk. Azken proiektua, eta neurri batean hiru ardatzak uztartzen ditu gure dantzen atlasak. Dantza baten fitxa egiteko ikertu behar duzu, joan dantzatzen duten tokira, filmatu, informazioa jaso… Hori dena jartzen dugu Interneten nahi duenak ikus dezan.
Noiz hasi zineten atlasa osatzen?
2013an hasi ginen. Erdia egin dugu. Hasieran uste genuen Nafarroan hirurehun dantza inguru bazirela, baina gure azken azterketaren arabera zazpiehun baino gehiago daude.
Dantza berriak ere sortuko dira, ezta?
Bai, noski. Hasieran, zalantza genuen, muga non jarri. Zer da dantza tradizional bat? Erabaki genuen sartu behar zirela dantza tradizionalak baina baita dantza berriak ere, baldin eta tradizioan sartzeko bokazio hori bazuten. Eta gehienek dute bokazio hori.
Tradizioa bizia da?
Bai, eta aldatuz doa. Lesakako ezpatadantza tradizionala da, baina aldatuz joan da janzkera, dantzatzeko era, dena; eta aldatuko da oraindik. Gure atlasaren asmoa da, hain zuzen, dantzak nola aldatzen diren aztertzea. Helburua da tarteka berrikustea, aldaketa horien berri jasotzeko. Emakumeen presentziak, adibidez, eragin du aldaketa bat, eta hori jaso nahi dugu. Polita da prozesu horien berri eman ahal izatea.
«Hasieran, zalantza genuen muga non jarri. Zer da dantza tradizional bat? Erabaki genuen sartu behar zirela dantza tradizionalak, baina baita dantza berriak ere, baldin eta tradizioan sartzeko bokazio hori bazuten»
Musikak zer toki hartu du zuen elkartean urteotan guztietan?
Lehen kartelen arabera, Ortzadar euskal dantzari eta kantarien taldea zen, Ortzadarren barruan bazegoelako era autonomo batean funtzionatzen zuen kantari talde bat. Grabatu zituzten bi disko, eta gero taldea desegin zen. Bestalde, taldean beti izan dugu fanfarre bat; Iruñeko lehendabizikoa, agian.
Ikerketaren esparruan egindako urratsak izan dira mende erdiz aurrera egiteko giltza?
Taldea sortu zutenek hiruzpalau urte egin zituzten Ortzadarren; orain, taldean 25 urte daramatza denbora gutxien daramanak. Uste dut dantzarekin bakarrik zaila dela 25 urte gelditzea, eta ikerketak eman diela, bai, taldeko kideei Ortzadarren jardueran sartzeko modu bat. Uste dut lan horrek lagundu duela taldearen parte sentitzeko prozesua.
Nola dago orain taldea? Ari zarete jende gaztea erakartzen?
Floklore eskola bat sortu genuen aspaldi horretarako. Egun 140 kide inguru ditu elkarteak, eta berrogei inguru ari dira dantza taldean.