Sendotuz doa. Horixe nabarmendu dute Concha Pasamar, Andrea Ganuza e ta Mikel Santoz Belatz artistek Nafarroako irudigintzari buruz. Iruñeko Ziudadelan egindako mahai inguru batean parte hartu dute, Euskal Irudigileak elkartearen hogeigarren urteurrena ospatzeko. Hiru marrazkilariok, hain zuzen, irudigileen arteko sarea ehuntzeko azken urteotan egindako lana aipatu dute sektoreak egun herrialdean duen osasun ona azaltzeko. Irudigileen elkartean egin dute bat artista anitzek, eta bertze hainbat kolektibo sortu dituzte, gainera.
Variopintas izenekoa da horietako bat, herrialdeko hainbat emakume marrazkilarik osatua. Bat egite horrek eragin du artistek indar handiagoa izatea beren lana aitor diezaieten, prekaritatea atzean uztea baita asmoetako bat. Kolektibo horretako kide da Concha Pasamar. «Garai ona da oraingoa komikientzat eta ilustrazioaren barruko gainerako generoentzat», erran du. Bere lanaz aritu da Ziudadelan, Belatzekin eta Ganuzarekin batera.
Concha Pasamar: «Ez dut sentitzen mundu guztiaren gustuko izateko beharrik»
Behin eta berriz erran du: «Ailegatu berri bat naiz». Filologia ikasi zuen Concha Pasamarrek (Iruñea, 1967), eta gaztelaniazko irakasle aritu da 30 urtez. Azken hamarretan, haurtzarotik gustuko dituen arkatzak eta margoak hartu ditu berriz, eta irudigintzaren arloan murgildu da. 2016an argitaratu zuen lehen lana, eta gutxienez zortzi ditu kalean jada. Pasamar ailegatu «berri» da, baina urrats sendoak ematen ari da ilustrazioaren esparruan.
Bookoliak argitaratu zuen Pasamarren 2016ko lehen lan hura. Patricia Garcia Sanchezen Arrecife y la fábrica de melodías haurrentzako eleberria ilustratu zuen artista nafarrak. Handik bi urtera, Amak txirikordak zeramatzanean izenburuko liburua kaleratu zuen (Bookolia, 2018). Lan berezi bat izan zen artistarentzat: «Nirea da liburu osoa, marrazkiak eta testua; istorio hagitz pertsonala da; finean, marrazkietan ateratzen diren txirikordak nire txirikordak dira. Uste dut zintzoki egiten denak baduela izaera unibertsal bat. Nire haurtzaroaren inguruko lan bat da hau», kontatu du artistak.
«Uste dut zintzoki egiten denak baduela izaera unibertsal bat».
Lan horrekin, Cuatro Gatos fundazioaren saria jaso zuen Pasamarrek. Gisa horretako aitortza batek eragin dezakeen presioari buruz, artistak garbi erran du kanpoko begirada baino garrantzitsuagoa dela barrukoa, nolabait erranda: «Nik nire buruari ezartzen diodan presioak kezkatzen nau. Presio hori sentitzen dut nire lana ongi egin nahi dudalako, baina ez dut sentitzen mundu guztiaren gustuko izateko inolako beharrik».
Concha Pasamar, bere liburu bat erakusten, Iruñeko Ziudadelan, Nafarroako irudigintzari buruzko mahai inguruan. IÑIGO URIZ / FOKU
Bere marrazteko erari buruz, Pasamarrek nabarmendu du helburu duela liburuaren edukiarekin «koherente» izatea. Eta edukiari erreparatuz, era anitzetako lanak ilustratu ditu irudigileak. Lan horien bidez, hain zuzen, Pasamarrek emakumeen ahotsa berreskuratu nahi izan du, bertzeak bertze: Liburuzainak zaldi gainean libururako marrazkiek AEBetako 1930eko hamarkadako emakume liburuzainen bidea jorratu zuten; Voz y letra de mujer proiektuaren bidez, berriz, Nafarroako Artxibo Nagusian eta bertze batzuetan aritu da artista, bertze ikerlari batzuekin, emakumeen arteko liskarren berri ematen zuten testu zaharren bila, hitz horiek eta bere irudiak uztartzeko.
Variopintas kolektiboarekin ere egin du emakumeek historian utzitako arrastoa zabaltzeko lanik: Iruñeko Lezkairu auzoko Aitzindarien bidea izenburuko murala, bertzeak bertze. Pasamarrek «biziki» eskertu du bertze artistekin batera lan egiteko aukera hori.
Andrea Ganuza: «Komikia lantzeko hautua justifikatzen aritu behar nuen beti»
Andrea Ganuzak (Iruñea, 1988) garbi du komikia arte garaikidearen arlo bat dela, eta hori aldarrikatzen du aukera duen bakoitzean. Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon, eta Bartzelonara mugitu zen gero, arte sorkuntzari eta ikerketari buruzko master bat egitera. «Komikia lantzeko hautua justifikatzen aritu behar nuen beti», oroitu du.
Bartzelonan, 2013. urte inguruan, Ganuzak autoedizioaren goraldi batekin egin zuen bat, eta Iruñera itzuli zenean, Pumpk izeneko jaialdia antolatu zuen, lagun batzuekin batera, Jazarren. «Lau urtez egin genuen. Anitz gozatu nuen».
Ganuza ez zen Iruñean gelditu: Kolonbiarako bidea hartu zuen, eta zenbait urte eman zituen Medellinen. Koloreak hartu zuen han haren lana. Pandemiak ekarri zuen artista Iruñera bueltan, eta hemen zegoela osatu eta argitaratu zuen, bere kabuz, Atraviésame izeneko lana: Kolonbiako bidaiari buruzko nolabaiteko egunerokoa ondu zuen Ganuzak.
«Gero eta komiki irakurle gehiago dago, eta komikiari gero eta toki gehiago egiten diote, bertzeak bertze, liburutegietan».
Esperimentatzeko grinak lagundu du, hasieratik, Ganuzaren bidea, komikia zer den zehazten duten mugetatik hurbil garatu baitu beti bere lana, muga horiek ezbaian jartzeko asmoz, hain zuzen. Nafarroako irudigintza goraldian dela garbi du artistak: «Gero eta komiki irakurle gehiago dago, eta komikiari gero eta toki gehiago egiten diote, bertzeak bertze, liburutegietan. Gero eta eleberri grafiko gehiago dago. Ni gazteagoa nintzenean, liburutegietan ez zegoen komikirik».
Mikel Santos ‘Belatz’: «Orain badugu elkarren berri, eta hori polita da»
Euskal Irudigileak elkarteko Kike Infamek irudigintzaren «noranahiko bat» dela erran du Mikel Santos Belatz artistari buruz, Iruñeko Ziudadelan martxo bukaeran egindako mahai ingurua aurkeztu duenean. Ez zaio definizio txarra iruditu Santosi (Iruñea, 1974). Enkarguz aritzen da, gehienetan, ilustrazioa baitu ogibide. Ene Kantak proiekturako marrazkiak dira lan horren adibide, bai eta garai batean Kukuxumusu etxean egin zituenak ere.
Iruñeko mahai inguruan, Nafarroako Gobernuarentzat egindako liburu bat aipatu nahi izan du bereziki, eta lan hura egiteko prozesuan gertatu zitzaiona kontatu: «Nafarroako konkistari buruzko liburu bat zen, haurrentzat. Lana bukatuta, erabat aldarazi nahi izan zidaten. Ezetz erran nuen. Azkenean, bere horretan utzi zuten, baina hitzaurre bat gehitu zioten. Proiektu gazi-gozo bat izan zen».
«Nafarroako konkistari buruzko liburu bat zen, haurrentzat. Lana bukatuta, erabat aldarazi nahi izan zidaten. Ezetz erran nuen. Azkenean, bere horretan utzi zuten, baina hitzaurre bat gehitu zioten. Proiektu gazi-gozo bat izan zen».
Enkarguz egiten dituen lanez harago, hasi eta buka egileak osatutako eleberri grafikoak maite ditu Santosek gehien. 2018an Lucio Urtubia militante anarkista nafarrari buruz egin zuenak «bizitza aldatu» ziola aitortu du, hain zuzen. Txalapartak eskatuta egin zuen, baina «biziki» eskertu du Urtubiaren istorioa kontatzeko izan zuen aukera. Euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galizieraz argitaratu zuten, hasieran, eta frantsesez ere eman dute gero, bertzeak bertze. «Txalapartak eskatutako lan bat izan zen. Berriak jasotzeko deitzen zidatenean, beti gauza bera erantzuten nien, gustura ari nintzela sufritzen».
Bertze eleberri grafiko bat osatzeko «denboraren bila» dabil Santos orain. Genero horrek gero eta irakurle gehiago dituela nabarmendu du artistak, hain zuzen, eta eleberri grafikoek asmatu dutela adin bateko irakurleak erakartzen: «Gazte anitzek manga irakurtzen dute, baina jende helduagoak eleberri grafikoen aldeko apustua egin du. Horietako anitz helduaroan hasi dira komikiak irakurtzen».
Santosek Ganuzarekin eta Pasamarrekin parte hartu du Iruñeko mahai inguruan, eta artisten arteko saretze horrek sektoreari indarra eman diola berretsi du. Poztu du sarea ehuntzeko ahalegin horrek, hain zuzen: «Lehen, bakoitza berera aritzen ginen; orain badira kolektiboak, badugu elkarren berri, eta hori polita da».
Concha Pasamar, zale bati marrazki bat egiten, bere liburu batean, Iruñean martxoan egindako mahai inguruan. IÑIGO URIZ / FOKU
Jakin-mina piztu du Iruñeko Ziudadelan Nafarroako irudigintzari buruz egindako ekinaldiak, eta artisten arteko sare gero eta handiago horretako kide diren bertze egile anitzek ere parte hartu dute, entzule gisa. Zalerik amorratuenek aukera aprobetxatu dute artistei euren liburuak sinatzeko eskatzeko. Pasamarrek, boligrafoa hartu, eta marrazkitxo bat eskaini dio haietako bati. Kontent joan da zalea; kontent gelditu da egilea.