Inoiz ez da erabat joaten, istorio bat landu eta zabaltzen duenean, badakielako noizbait —edo nolabait— itzuli eginen dela. «Su txikian egindako kazetaritzaren aldekoa naiz ni; kazetaritza da kontatzen ditugun istorioei segida bat ematea», erran du Ivan Benitez fotokazetariak (Bilbo, 1972). Su txikian idatzitako hamaika istorio jaso ditu Nieva Ceniza. Crónicas contra el olvido liburuan (Eunate, 2023), ahanzturaren kontra egiteko, eta behin egondako toki horietara itzultzeko. Gerraren edo hondamendi baten erdian ere bidea urratzen dutenei eman nahi izan die hitza.
Ivan Benitez fotokazetariaren ‘Nieva Ceniza’ liburuaren azaleko argazkia. Sirian egina da, 2020. urtean. IVAN BENITEZ
«Gerrak zarata handia egiten du; gizatasuna, berriz, isila da. Munduan, baina, jende on gehiago dago gaiztoa baino, eta hori da nire lanaren bidez azaldu nahi dudana», erran du Benitezek. 1997. urtean hasi zuen munduko hamaika herritara eraman duen bidea. Sudan aukeratu zuen lehendabiziko helmuga, eta gogoan du, oraindik ere, aldizkari bateko nagusiak orduan erran ziona: «‘Sudanek ez du interesa pizten’, bota zidan; eta gauza bera erran zidan, 2023an, Siriatik itzuli nintzenean». Aitortu du «haize kontra» aritu behar izan duela anitzetan, baina nahiago duela bertze edozein lan egin, kazetaritza ulertzeko duen modua bazter utzi baino lehen. «Pertsonek egon behar dute erdigunean».
Izen eta abizena duten istorioak harilkatu ditu Benitezek bere liburuan. Sirian, Hondurasen, Kongon, Indian, Kolonbian edo Mexikon aurkitu ditu mataza osatzeko hariak; Nafarroan ere bai. «Gaur egun, tokiko eta nazioarteko berrien edo hedabideen arteko bereizketak ez du zentzu handirik; tokikoa nazioartekoa ere bada, eta alderantziz», erran du fotokazetariak. Yamiled Giraldo, Ibrahima edo Nafarroako hamaika etxebizitzatan gela bakar batean bizi diren familiak aipatu nahi izan ditu, tokikoaren eta nazioartekoaren arteko nahasketa hori azaltzeko.
«Esku frenoa emanda lan egiten dut orain; pertsonez ari garela, ezin dugu ahaztu gure lana egiten dugunean eta gure istorioetan ageri diren pertsonen atzean ere bertze pertsona anitz badaudela».
IVAN BENITEZ Fotokazetaria
Yamiled Giraldoren istorioak anitz ukitu du Ivan Benitez. Giraldo da Nieva Ceniza liburuko eta liburu horren itzalpean Benitezek ondutako erakusketako protagonistetako bat. Igandera bitarte, Iturengo herriko etxean ikus daiteke erakusketa. Gaur, 19:00etan, Benitezek gidatuko ditu bisitariak. Iturendik Tuterara eramanen dute erakusketa gero.
Isiltasuna apurtu
«Nafarroan 2009ko apirilean gertatu zena ez da bertze inoiz gertatu gure herrialdean. Giraldo ausarta izan zen; lortu zuen gerra atzean uztea, eta bi adingaberekin Kolonbiatik ateratzea. Honat ailegatu, eta engainatu egin zuten; itxi egin zuten, sexualki esplotatzeko». Giraldok, baina, lortu zuen hori guztia atzean uztea. «Iturenen ezkondu, eta bertze bi ume izan zituen», oroitu du Benitezek. Prostituzioan jardutera derrigortu zuen gizona salatu zuen, eta, ondorioz, Giraldo lekuko babestua bilakatu zen. Sistemak, baina, huts egin zion. «2009ko apirilean, sikario batek hil zuen, tiroz, Cordovillan». 13 urteko seme batekin zegoen Giraldo hil zutenean. Semeak epaiketan kontatu zuen hiltzaileak tiro egin nahi izan ziola berari ere, baina armak huts egin zion.
Benitezek Giraldok atzean utzi zuen Kolonbia bisiatu izan du, eta eutsi dio, gainera, Giraldoren familiarekin ehundutako harremanari. «Kazetariak behar du bere istorioen protagonista bilakatzen dituen pertsonen konfiantza. Hori ez badu, ez du deus». Eta konfiantza hori lortzen da, hain zuzen, haria apurtzen ez denean. Benitezek onartu du argazki on bat argitaratzeko grinak hartu zuela garai batean, baina ofizioan emandako urteek irakatsitakoak jarri duela oraingo tokian: «Esku frenoa emanda lan egiten dut orain. Pertsonez ari garela, ezin dugu ahaztu gure lana egiten dugunean eta gure istorioetan ageri diren pertsonen atzean ere bertze pertsona anitz badaudela».
Ivan Benitez fotokazetariaren ‘Nieva ceniza’ liburuko argazki bat. Ibrahima ageri da. 2004an gurutzatu zuen Ceuta hiri autonomoko hesia. Egun Iruñean bizi da. IVAN BENITEZ
Ibrahima da Benitezen mataza osatu duten horietako bertze bat. Gineatik etorri da Nafarroara; Ceuta hiri autonomoko (Espainia) hesiko labanek eskuetan utzitako arrastoa da sorterritik Iruñera ailegatzeko egindako bidaiaren oroigarri latza. Bertze pertsona migratzaile anitzen «istorio isilei» ere arreta berezia jarri nahi izan die Benitezek, isiltasun hori apurtzeko: «Gure herrialdeko arazo larrienetako bat da egun etxebizitzetako geletan pilatuta bizi diren familien egoera. Paretek ezkutatzen dute errealitatea, baina bada garaia agerian uzteko».
Errealitate horren berri eman nahi du; izen, abizen eta aurpegia jarri gertatzen ari den horri. Bere testuak, gainera, gazteenekin lan egiteko baliatu nahi ditu: «Entzuteko prest dira; ohartu naiz horretaz. Su txikian egindako istorioen berri ematen diezunean, erakusten dute interesa». Su geldoan lan egiten segitzeko gogoz da Benitez. Libano eta Siria ditu hurrengo helmuga. Baditu matazak osatzen jarraitzeko hariak.