Irakurri eta Azkua proiektuek kezka eragin dute Bidasoan; aurretiazko fasean dira biak

Irakurri eta Azkua proiektuek kezka eragin dute Bidasoan; aurretiazko fasean dira biak

Irakurri eta Azkua proiektuek kezka eragin dute Bidasoko eskualdeko herritarren artean: Zelena Renovable enpresak bi parke eoliko egin nahi ditu Malerrekako eta Bortzirietako mendietan. Parke horiek ingurumenean eragin dezaketen kalteak kezkatzen ditu herritarrak, bai eta eskualdeko hautetsiak ere. Joan den astean, kezka agertu zieten Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko arduradunei, Jose Maria Aierdi kontseilariarekin eta Ana Bretaña zuzendari nagusiarekin Iruñean egindako bileran.

Aurretiazko fasean dira Irakurri eta Azkua proiektuak, Aierdik Bidasoko alkateei azaldu berri dienez. Horrek erran nahi du enpresak Nafarroako Gobernuari eskatu diola zehaztu dezala zer jorratu behar duten proiektuek ingurumenean eraginen lituzketen kalteen inguruko txostenek. Aurretiazko fase horren barruan egin dute hautetsien eta Ingurumen Departamentuko kideen arteko bilera ere; izan ere, gobernuak proiektuek ukitzen dituzten erakundeekin eta herritarrekin kontsultatu behar du ingurumen eraginari buruzko txostenek zer eta nolako zehaztasunez landu behar duten.

Nafarroako Gobernuak garbi du enpresak bereziki aztertu beharko duela proiektuek zer kalte eragin dezaketen Bidasoa ibaian eta inguruko faunan. Bidasoa babes bereziko eremu bat dela oroitu du Ingurumen Departamentuak, eta Bortzirietako, Malerrekako eta inguruko mendiak Pirinioen eta Kantauriko mendikatea lotzeko nolabaiteko zubi ekologikoa direla.

23

Zenbat haize errota. Zelena enpresaren Irakurri proiektuak 11 haize errota jarri nahi ditu Malerreka inguruan; Azkuak, berriz, hamabi, Bortzirietan; 50 megawatteko indarra izanen luke bakoitzak.

Irakurri proiektuak Ezkurra, Eratsun, Saldias eta Beintza-Labaien herriei eraginen lieke, Malerreka inguruan; Azkuak, berriz, Etxalar, Igantzi, Arantza eta Sunbilla herriei, Bortzirietan eta inguruan. Etxalarren eta Arantzan, bertzeak bertze, herritarrek plataformak sortu dituzte, herri horietako lurretan egin nahi dituzten parke eolikoen kontra. Nafarroako Gobernuko arduradunek ere nabarmendu dute ez dutela uste Irakurri eta Azkua egitasmoak «egingarriak» direnik. Otsailean, hain zuzen, Zelena enpresaren «komunikaziorik eta gardentasunik eza» salatu zuen Mikel Irujo Industria kontseilariak. Irujok nabarmendu zuen, gainera, Irakurri eta Azkua proiektuen inguruko erabakiak «Madrilgo bulego batean» hartzen dituztela. Izan ere, Zelena Renovable etxeak Madrilen du egoitza fiskala.

Irujok zalantzak ditu Zelenaren asmoen inguruan. Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuak, gainera, enpresaren aurka ebatzi berri du: enpresak Iberdrolaren Bidasoa azpiestazioa erabili nahi zuen Irakurri eta Azkua parkeetako energia ateratzeko, baina Iberdrolak bertze azpiestazio bat eraiki beharko zuela erantzun zion enpresari. Nafarroako Gobernuak ezagutarazi du azpiegitura berri hori Zelenak ordaindu beharko duela. Zazpi milioi euro inguruko aurrekontua izanen luke. Aierdik erabaki horren berri eman die Bidasoko hautetsiei, Iruñean egindako bileran.

Mobilizazioak

Bidasoko eskualdeko herritarrak Azkua eta Irakurri proiektuen aurka mobilizatzen hasi ziren, Zelena enpresaren asmoen berri jaso bezain pronto. Hainbat hitzaldi eta protesta egin dituzte, herriz herri. Hamaika izeneko proiektua sortu du, gainera, herritar talde batek, «parke eolikoen mehatxuari» aurre egiteko. Proiektu artistiko bat da, eta Etxalarren du oinarria. Herri horretako Haizeak Bizirik kolektiboak jarri du martxan, artearen bidez ingurumenaren alde egiteko. Herritarrak kezkatuta daude, eta kezka horren berri eman diete hautetsiek Nafarroako Gobernuko agintariei.