Egurra baino anitzez gehiago

Egurra baino anitzez gehiago

Parte hartzaileek hainbat aldiz aipatu dute Iratiko basoa. Nafarroako ezagunena da, akaso, eta, gainera, herrialdeko Foresna-Zurgaia baso elkarteak Iruñean egin berri duen jardunaldian jorratu dutenaren adibide garbi bat: basoek gizarteari zer ematen diote aztertu dute hizlariek. Produktu ekosistemikoak dira, hain zuzen, basoek ematen dituzte produktuak eta zerbitzuak, eta askotarikoak izan daitezke: basoek lehengaiak ematen dituzte; atmosferaren, uraren eta lurrazalaren kalitatea hobetzen laguntzen dute; eta aisialdiaz gozatzeko toki ere badira. Iratiko basoak 17.100 hektareako lur eremua hartzen du Nafarroan, Aezkoako eta Zaraitzuko ibarretan. Oihanak naturaz gozatzeko aukera eskaintzeaz gain, eskualde horietako ekonomia sustatzen du, bertzeak bertze.

Foresna-Zurgaiak maiatzaren 2an egin du Basoak. Zerbait gehiago lelopeko bere jardunaldia, zazpigarrenez. Nafarroako Ingurumen eta Landa Garapen zuzendari nagusi Ana Bretaña izan da hitza hartzen lehena, eta nabarmendu du jardunaldi osoan hainbat aldiz aipatu duten kontu bat: kudeaketa jasangarri bat egiteko beharra. «Gure mendien kudeaketa jasangarri bat behar dugu klima aldaketaren ondorioak arintzeko, bai eta klima aldaketak eragindako ondorio horietara egokitzeko ere», erran du. 2022ko ekainean suak herrialdeko 17.500 hektarea erre zituela oroitu du zuzendari nagusiak. 2021eko, 2022ko eta 2023ko lehorteak herrialdeko izei eta pinu anitz idortu zituela erantsi du Foresna-Zurgaia elkarteko presidente Jesus Maria Velazek.

1992. urtetik

Krisi beraren bi aurpegi dira suteak eta lehorteak, eta bien aurka egiteko bide nagusia prebentzioa dela berretsi du Ana Bretañak. Basoen kudeaketa jasangarria prebentziorako tresna bat da Ingurumen zuzendari nagusiaren hitzetan, eta tresna hori erabiltzeko eskatu du. Gainditu beharreko oztopoak badirela uste du, halere: «Nafarroan dugun abantaila nagusietako bat da gure basoen antolamendua egina dugula, baina falta ditugu langile teknikoak».

Zuzendari nagusiak aipatu du 2022ko martxoan onartutako Nafarroako Klima Aldaketarako eta Energia Trantsiziorako Legeak basoen kudeaketa jasangarrirako baliabideak ekar ditzakeela, lege horren babespean sortzeko baitago klima aldaketarako funtsa; Nafarroako Gobernua prestatzen ari den landa garapenerako lege berria ere «asmo handikoa» dela azpimarratu du Bretañak, eta jasoko dituela neurri zehatzak, baita basogintzaren esparruan ere. 

Egurra, Aezkoan. Basoek anitzez gehiago ematen dutela nabarmendu dute Foresna-Zurgaiak egindako jardunaldian. AITOR KARASATORRE / FOKU

Lege horiek zer ekarri zain dira Foresna-Zurgaiako kideak. 1992. urtean sortu zuten elkartea, Nafarroako baso jabeek bat egiteko. Baso jabe horiek askotarikoak dira: norbanakoak, toki entitateak, administrazioa… «Gure ardura da basoen kudeaketa, baina gizarte osoaren inplikazioa behar dugu lan hori ongi egiteko. Klima aldaketak kezkatzen gaitu; herrien husteak ere bai. Gero eta handiagoa da hiriaren eta landa eremuaren arteko arrakala. Badakigu arbasoengandik jaso ditugun basoak kudeatu behar ditugula etorkizuneko belaunaldiengan pentsatuz», nabarmendu du Velazek Iruñeko jardunaldian.

Jardunaldiko leloari egin dio so Foresna-Zurgaiako presidenteak, eta berretsi du basoek «anitz» ematen dutela. «Funtsezkoa da gure basoak modu jasangarri batean kudeatzea, jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenaren jasangarritasuna kontuan hartuta», erantsi du.

Karbono hustulekuak

Dibulgazioa, osasuna, artea, musika, gastronomia… Arlo horiek jorratu dituzte Foresna-Zugaiak antolatutako saioan, eta arlo horiek guztiak lotu dituzte antolatzaileek eta parte hartzaileek hainbat aldiz nabarmendu duten jasangarritasunaren ideiarekin. Dibulgazioaren esparrutik, herritarrek basoen inguruan dituzten iritzietan gertatzen diren kontraesanak aipatu dituzte Marina Getino eta eta Ruth Martin zientzialariek: «Basoek zer ematen diguten galdetzen dugunean, mundu guztiak erantzuten du egurra ematen digutela; eta basoak zaintzeko zer egin behar den galdetzen dugunean, berriz, erraten digute zuhaitzak ez direla moztu behar. Basoen kudeaketa jasangarria egiteko, baina, zuhaitzak moztu egin behar dira».

Zuhaitzak karbono hustulekuak direla azaldu dute Getinok eta Martinek, eta zehaztu dute basoek lan hori ahalik eta ongiena egin dezaten ere arbolak moztu behar direla: «Zuhaitz helduak mozten ditugunean lehengai gisa erabiltzeko, espazioa sortzen dugu basoan, zuhaitz berriak jaiotzeko eta gazteak handitzeko. Horiek CO2 gehiago xurgatzeko gai dira».

«Gure ardura da basoen kudeaketa, baina gizarte osoaren inplikazioa behar dugu lan hori ongi egiteko. Klima aldaketak kezkatzen gaitu; herrien husteak ere bai». 
JESUS MARIA VELAZ Foresna-Zurgaiako presidentea

Ardogileek egurrezko kupelak erabiltzen dituzte ardoa egiteko. «Hainbat hamarkadaz hazitako zuhaitzen egurra zortzi urtez erabiltzen dute, eta, gero, egur hori hondakin bilakatzen da». Jesus Prietorenak dira hitzak, Amaia Prieto bere alabarekin batera Baku Barrikupel proiektua sortu duen zurginarenak. Alabaren diseinuek arte bihurtu dute aitaren lana, eta ardogileek bazter utzitako kupeletako egurra baliatuz, lanparak eta bertzelakoak egiten dituzte. Artisauen lanari duen balioa eman nahi izan dio Jesus Prietak, eta nabarmendu du, era berean, egiten duena egiten duela landa eremuan ari delako. Zabal herrian du tailerra, hain zuzen. Amaia Prietok, berriz, ekodiseinuaren aldeko apustua egin duela erantsi du, eta helburua dela hondakinik sortu gabe lan egitea. «Denak balio behar du zerbaiterako».

Prieto aita-alabek tailerreko ateak ireki dituzte, eta bisitariak hartzen dituzte asteburuetan. Orain, gainera, kontzertuak egiten hasi dira. Egurrari lotutako euren jarduera despopulazioari aurre egiteko tresna bilakatu dute.

Jesus eta Amaia Prieto aita-alaben Baku Barrikupel proiektuko lanpara bat. IDOIA ZABALETA / FOKU

Foresna-Zurgaiako kideek garbi dute landa eremuetako herritarren parte hartzea «funtsezkoa» dela basoen kudeaketa jasangarria egiteko. Nazaret Mateosek bat egin du, eta, are gehiago, basoei lotuta bizi diren landa eremuko herritarren «ezagutza» nabarmendu nahi izan du; mikologiaren esparruan garatutako ezagutza aipatu du, bertzeak bertze. Mateosek arlo horretan egiten du lan, Zamoran (Espainia). 2022ko ekainean, sute batek 65.000 hektarea kiskali zituen han. «Hagitz gogorra izan zen», oroitu du Mateosek, eta duela bi urteko hondamendiak oraindik ere hunkitzen duela sumatu zaio ahotsean. «Zerbait egin behar nuela sentitu nuen». Mateosek Entresetas enpresa bat du; perretxikoak ekoizten ditu. Orain, Refosetas proiektua sortu du, eta perretxikoak erabiltzen ari da suak hartutako eremuetan zuhaitzak tratatzeko eta landatzeko. «Perretxikoek on egiten diote lurzoruari, eta abantaila horiek aprobetxatu nahi ditugu, klima aldaketako egungo jokalekura hobeki egokituko diren basoak lortzeko».

Musika eta pintxoak

Miguel Angel Martin kiromasajista da Mutiloagoitin, eta bere lanean erabiltzen dituen egurrezko tresnen berri eman du Foresna-Zurgaiak antolatutako jardunaldian; Guillermo Camachok, berriz, musika tresnak egiten ditu Gasteizen, eta bere lan prozesua azaldu du jardunaldiko parte hartzaileen aurrean. Iruñeko Iruñazarra jatetxeko sukaldari Gorka Aginagak ere hartu du hitza, Irati izeneko bere pintxoa prestatzen duen bitartean. Baso horretan bilatu ditu sukaldariak pintxo hori egiteko osagaiak. «Basoak dena ematen dit», erran du jardunaldia amaitzeko.

%59,4

Zenbateko eremua hartzen duten basoek. Nafarroako eremuaren %59,4an basoak daude. Denera, 616.757 hektarea baino gehiago dira.

%25

Zenbat ustiatzen duten. Nafarroan hazitako zuhaitzen %25 mozten dituzte urtero. Basoak modu jasangarri batean kudeatzeko, basotik ateratako egur kopuruak ezin du inoiz basoaren hazkunde naturala gainditu.