«Harrituta» gelditu da Daniel Garcia iruindarra, dragoitxoen inguruko lan bat egin eta gero: Nafarroako uste baino toki gehiagotan aurkitu dituelako narrastion arrastoak, eta uste baino jende gehiagok erantzun diolako berak sare sozialen bidez egindako deiari. «Herritarren zientzia» sustatu nahi izan du Garciak, dragoitxoen berri jasotzeko eta zabaltzeko. Hirurehun herritar inguruk idatzi diote, herrialdeko hamaika txokotan ikusitako dragoitxoen inguruko informazioa emateko. Zenbait hilabetez aritu da Garcia informazio hori aztertzen, eta emaitza bere blogean jarri du (Avistadepajaros.wordpress.com).
Garcia duela hogei urte inguru hasi zen aisialdian hiri osoko faunari behatzen; prismatikoak eta argazki kamera lepoan hartuta, hamaika ibilaldi egiten eta ikusitako animalien berri jasotzen hasi zen. «Jendeak uste du Iruñean ahateak, usoak, txolarreak eta mikak bertzerik ez daudela; ibai ondora eta parkeetara joaten bazara, ordea, bertze hamaika espezie ikus ditzakezu», erran du.
Argan, bertzeak bertze, bisoi europarra bizi dela nabarmendu du Garciak. «Europako haragijaleetan gehien mehatxatua da. Zaila da ikustea, gauez mugitzen baita, baina ibaiertzean uzten ditu bere oinatzen arrastoak. Igarabek eta kastoreek ere bai», kontatu du.
Azken hilabeteotan, dragoitxoei egin die so, bereziki. «Jendeak, oro har, ez ditu narrastiak maite. Ospe txarreko animaliak dira. Nik agerian utzi nahi izan dut gizakioi mesede egiten digutela, intsektuak jaten baitituzte. Animalia sinpatikoak dira, gainera».
«Jendeak, oro har, ez ditu narrastiak maite. Ospe txarreko animaliak dira. Nik agerian utzi nahi izan dut gizakioi mesede egiten digutela, intsektuak jaten baitituzte. Animalia sinpatikoak dira, gainera».
DANIEL GARCIA Dragoitxoei buruzko ikerlaria
Berez, Mediterraneoko espezie bat da dragoitxoena, baina jada ez da arraroa gure herrialdeko hainbat herritan ikustea. «Antza, dragoitxoak trenez atera dira berezkoa duten eremutik, salgaiak garraiatzen dituzten trenetan sartuta. Klima aldaketak, gainera, bertze eremu batzuetara egokitzen lagundu die», azaldu du Daniel Garciak.
Iparraldean, gutxiago
Garciak Iruñeko tren geltokiaren inguruko auzoetan aurkitu izan du dragoitxo gehien, hain zuzen ere. Baina auzo horietatik kanpo ere, hamaika tokitan daudela baieztatu ahal izan du orain, egindako lanaren bidez. «Iruñerrian eta Iruñerritik hegoaldera daude, batez ere; baina dragoitxoak ikusi dituzte Beran, Ultzaman eta Sakanako zenbait herritan ere, bertzeak bertze. Izaban agertu zen dragoitxo baten berri ere eman zidaten, baina hura hilda agertu zen». Negu gero eta epelagoek mesede egin diote dragoitxoari, Garciaren hitzetan.
Dragoitxo bat, Iruñerrian, pareta batean gora. DANIEL GARCIA
«Ingurumen heziketa landu behar dugu. Gure inguruko fauna babesteko eta kudeatzeko, ordea, ezagutu egin behar dugu, eta helburu horrekin egin dut lan hau». Dragoitxorik handienak hogei zentimetro luze izan daitezke; gorputz zapal samar bat dute, hormetan dauden pitzaduretan erraz sartzeko. «Udan erraz ikus daitezke, kaleko argien inguruan dauden intsektuak jaten: neguan, pitzaduretan bilatzen dute aterpe», azaldu du Garciak. «Errespetuz» jokatzeko eskatu die herritarrei: «Dragoitxo bat ikusten duenak, goza dezala, eta ez dezala animalia gogaitu».
Garciak herritar anitzen laguntzarekin osatu du dragoitxoen inguruko lana; eskertu du guztien parte hartzea, eta nabarmendu du herritarrek auzolanean egiten duten zientzia mota horrek balio handia duela. Dragoitxoei buruzkoa ez da egin duen lan bakarra. Garcia, bertzeak bertze, apo hontza ikertzen aritu da azken urteotan, Iruñeko bertze boluntario talde batekin. Apo hontza umatzera etortzen ohi da hiriburura udaberrian; azken, urteotan, baina, neguan ere entzun dituzte animaliok Iruñeko parkeetan. «Aurten, udaberriko erroldaz gain, negukoa ere egin dugu, eta hogei apo hontz inguru sumatu ditugu».
«Ingurumen heziketa landu behar dugu. Gure inguruko fauna babesteko eta kudeatzeko, ordea, ezagutu egin behar dugu, eta helburu horrekin egin dut lan hau».
DANIEL GARCIA Dragoitxoei buruzko ikerlaria
Garciak garbi erran du horrek ez duela erakusten animalion jokabidea aldatu denik, baina uste du egin duten lanak helduleku bat eskaintzen diela zientzialariei ikertzen jarraitzeko. «Negu batean apo hontzak sumatzeak, akaso, ez digu deus erraten. Baina hainbat negutan hemen daudela baieztatzen badugu, klima aldaketak animaliongan duen eraginaz hitz egin beharko dugu, akaso. Animaliak janari bila mugitzen dira tokiz; neguan hemen gelditzen badira, zer jan badutelako izanen da».
Garcia hegaztioi, dragoitxoei eta hirian bizi diren bertze hamaika animaliari behatzen jarraitzeko gogoz da. Prest ditu prismatikoak eta argazki kamera.