«Oholtza batean egoten ere irakatsi behar diegu gure ikasleei»

«Oholtza batean egoten ere irakatsi behar diegu gure ikasleei»

Arantza Lorenzo de Reizabalek (Bilbo, 1963) ongi ezagutzen du Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren Iruñeko egoitza. 2003an hasi zen han irakasle, eta, joan den martxotik, zuzendaria da. Piano baten ondoan jarri da argazkilariak hala eskatuta, eta perfekzioari buruz hasi dira biak hizketan. «Ez dago ezer perfekturik», erran du Lorenzok.

Kontserbatorioan ez duzue perfekzioa helburu, beraz?

Artearen esparruan ari garenean, subjektibotasuna tartean da, halabeharrez, eta perfekzioaren gisako kontzeptuak erlatibo bilakatzen dira. Sentsazioez ari gara, sentimenduez; beraz, berretsi behar dut ez dagoela ezer perfekturik, edo perfekzioa, edozein kasutan, emozioen arloan bilatu behar dugula.

Eta kudeaketaren esparruan?

Denbora gutxi daramat karguan. Gauzak ongi egitea gustatzen zait, halere, esparru guztietan, eta lan berri honetan ere bai. Zentro honetara aspaldi ailegatu nintzen, eta, noski, hobera egin dezala bertzerik ez dut nahi. Bikaintasuna dut helburu, kontserbatorioko esparru guztietan.

Zertan egin nahi duzu hobera? Non daude zuen ahulguneak?

Curriculumaren diseinuan, batez ere. Curriculumaren diseinuak eta ikasketa planek behar duen formakuntza eskaini behar diote ikasleari, gaur egungo testuinguruan behar dituen gaitasunak izan ditzan. Hau da, gure ikasleei eskaini behar dizkiegu egungo gizartean aurrera egiteko behar dituzten gaitasunak. Egungo gizartean dena doa hagitz azkar, eta teknologiak pisu handia du. Dena behar dugu berehala. Ikasketa plan on bat dugu, baina beti egon behar dugu gizarteak eskatzen duen horretara egokitzen. Hori da kontua.

«Gizarteko aldaketetara egokitzea da kontua, ikasleak gizarte horretan aritzeko prest egon daitezen»

Egokitu, nola?

Uste dut, adibidez, formakuntza teknologikoan sakondu behar dugula. Eta baliabide teknologiko gehiago ere behar ditugu. Egun, adimen artifizialarekin, erronka handi bat dugu. Guk menperatu behar dugu adimen artifiziala, eta ez alderantziz. Arlo horretan eguneratzeko beharra dugu, curriculuma egoera horretara egokituz. Teknologia erabiltzen dugu jada; gizartean gertatzen diren aldaketetara egokitzea da kontua, ikasleak gizarte horretan aritzeko prest egon daitezen.

Erran ohi da zaila dela musikaz bizitzea. Hala da?

Bai. Jendeak uste du musika klasikoa dela musikaz dakienarentzat, musikaren arloan trebatu denarentzat. Ni ez nago ados, baina uste hori dago. Gure zentroan, batez ere, musika klasikoan trebatzen ditugu gure ikasleak. Jende anitz ez da kontzertuetara joaten uste duelako ez duela ulertuko eta ez duela gozatuko. Agian, hori ere bada hobetu beharreko arlo bat: entzuleak trebatu behar ditugu, eta gizarteari helarazi egiten dugun lana.

Kontserbatorioaren eta herritarren arteko zubiak behar dira?

Bai. Herritarrak gurera erakartzeko jarduerak antolatu behar ditugu. Egiten dugu, baina sakontzeko beharra dugu, agian. Pedagogiaren arloan egiten dugun lanaren bidez ere, gure ikasleak ari dira haurrentzako kontzertuak diseinatzen. Gure lana da profesional onak trebatzea, eta, aldi berean, musikaz gozatuko duten ikus-entzuleak trebatzea.

2003an iritsi zinen kontserbatoriora. Nola ailegatu zinen Iruñera?

Iragarki bat ikusi nuen, Inprobisazioa eta Akonpainamendua ikasgaian irakasle bila ari zirela; orain, katedraduna naiz. Lanpostua lortu, eta lanean hasi nintzen. Eraikin zaharrean ginen, oraindik. Oraingoa 2011n inauguratu genuen, eta, beraz, prozesu osoa bizi izan dut. Ikasketaburu izan nintzen 2007tik 2010era, eta goi mailako musika ikasketak Goi Mailako Hezkuntzako Europako Esparrura moldatzeko bidea egitea ere egokitu zitzaidan.

Kontserbatoriotik kanpo ere egin duzu bide bat. Ez duzu esparru horren falta sumatzen?

Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin aritu nintzen hemezortzi denboraldi; eta bai, arlo horren falta sumatzen dut, baina bizitza horrelakoa da; batetik bertzera eramaten zaitu, eta kontent nago hemen. Bilboko Orkestra Sinfonikoak emandako aukera, halere, anitz estimatzen dut, piano jole guztiek ez baitute halakorik lortzen. Ama gaixotu zitzaidan, eta arlo artistiko hori utzi behar izan nuen. Esperientzia horrek anitz lagundu dit, halere, irakasle lanean. Guk ere egokitzen eta trebatzen egon behar dugu beti, eta arlo guztiak ezagutzea funtsezkoa da gure ikasleei gure onena emateko. Oholtza batean egoten ere irakatsi behar diegu gure ikasleei.

Konpositorea ere bazara. Jakin-minak eraman zaitu hainbertze arlo ukitzera?

Bai. Musikaren esparruan sakondu ahala konturatu naiz ezinezkoa dela arlo guztiak kontrolatzea, arlo anitz direlako eta anitz ikasi behar delako. Jakin-mina ez dut galdu, halere, eta hori ona dela uste dut.

«Gure lana da profesional onak trebatzea, eta, aldi berean, musikaz gozatuko duten ikus-entzuleak trebatzea»

Berezia da zuk sortutako piezak jotzea?

Bai, bada, eta are bereziagoa bertzeak zure piezak jotzen entzutea. Hori zoragarria da. Emozio handiko uneak dira. Gogoan dut behin Bilboko Euskaldunan nire suite sinfoniko bat estreinatu zutela; lehen atala amaituta, jendea txaloka hasi zen. Ez dut sekula ahaztuko orduan sentitu nuena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere aritu zara irakasle.

Medikuntza ikasi nuen, eta arlo horrek eraman ninduen, nolabait, unibertsitatera. Jakin-minak eraman ninduen medikuntzara, eta NUPen musika eta osasuna lotzeko aukera izan dut. Ikerketa talde batean nago, musika, psikologia eta osasuna lotzen dituena. NUPeko lan horrek eman dit musikari buruzko bertze ikuspuntu bat ere.