Desazkundearen alde egiten dutenek uste dute badela zer ikasi barekurkuiluei so. Izan ere, bareak bere neurriko oskola sortzen du beti, behar baino gehiago kiribiltzeak ezin jasan ahal izanen lukeen zama eraginen bailioke. Handitzeko kiribiltzen du oskola hasieran; gero, berriz, txikitzeko. Desazkundeak eman dio orekaren giltza. Nafarroak ere hori behar du, herrialdeko Klimaren Aldeko Aliantzako kide Rafa Aldairen ustez: «Desazkundearen alde egin behar dugu», nabarmendu du. Egiturazko aldaketak behar dira bidean urratsak egiten hasteko, Aldairen hitzetan, baina halakorik ez da gertatzen ari: «Nafarroako Gobernua ez da betetzen ari 2022an onartutako Klima Aldaketarako eta Energia Trantsiziorako Legean jasotakoa ere».
Administrazioa astintzeko asmoz, hain zuzen, Klimaren Aldeko Aliantzak errekerimendu bat bidali dio Nafarroako Gobernuari, 2022ko legea «behingoz» bete dezan. Zehazki, Klimaren Aldeko Aliantzako abokatuek gobernuak bete ez dituen 28 auzi jaso dituzte zerrenda batean. Gobernuak hiru hilabete ditu errekerimenduari erantzuteko. «Irailerako erran beharko luke zerbait». Hurrengo urratsa auzitara jotzea izanen litzateke, eta Aldaik garbi erran du urrats hori egiteko prest direla.
«Larriena da ez garela betetzen ari berotegi efektuko gasen isuriak jaisteko zehaztutako helburuak».
RAFA ALDAI Nafarroako Klimaren Aldeko Aliantzako kidea
2019an, Nafarroako Gobernuak klima larrialdiaren deklarazioa egin zuen, eta deklarazio harekin «koherente» izan dadila eskatu diote Klimaren Aldeko Aliantzan bat egin duten kolektiboek Maria Txibite lehendakariari. 2022ko Klima Aldaketarako eta Energia Trantsiziorako Legeak, hain zuzen, klima larrialdiari aurre egitea du helburu. Aho batez onartu zuen Nafarroako Parlamentuak legea; ekologistek ontzat jo zuten klima aldaketari buruzko lege bat izatea, baina agerian utzi zuten, aldi berean, onartutako testuak «gabeziak eta kontraesanak» bazituela: Ekologistak Martxan taldeak salatu zuen legeak «duela 30 urteko» errealitate bati erantzuten diola, bertzeak bertze.
Gobernuaren azalpenak
«Sute bat dugu aurrean, eta ez gara deus ere egiten ari itzaltzeko». Aldairenak dira hitzak. Oroitu du Nafarroako klima aldaketari buruzko legea 2022ko apirilaren 2an sartu zela indarrean, eta, geroztik, «hamaika» direla gobernuak bete ez dituen epeak edo garatu ez dituen erregelamenduak. Ez hori bakarrik: «Larriena da ez garela betetzen ari berotegi efektuko gasen isuriak jaisteko zehaztutako helburuak; ez Europak ezarritakoak, ezta Nafarroako Klima Aldaketarako Bide Orriak ezarritakoak ere», ohartarazi du Aldaik.
Klimaren Aldeko Aliantzak Nafarroako Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari bidali dio salaketa aurkeztu aurreko errekerimendua, uste baitu gobernuko kide guztien ardura dela klimari buruzko legeak ezarritako helburuen alde egitea. Ingurumen Departamentuak garatu zuen araudia, eta departamentu horretako iturriek onartu dute legea ezartzeko epeak «nahi baino gehiago» luzatzen ari direla. «Hainbat oztopo» gainditu behar izan dutela aipatu dute legea garatzeko izan dituzten zailtasunak azaltzeko. Batetik, Ingurumen Departamentuko iturriek kontatu dute, legea 2022ko martxoan onartu eta gero, Espainiako Estatuak auzitan jarri zuela artikulu batzuk konstituzionalak ote ziren, eta iazko urtarrilera arte ez zituztela zalantza horiek argitu. Nafarroako Gobernuak, halere, ohar baten bidez ezagutarazi zuen 2022ko apirilaren 1ean legea biharamunean jarriko zela indarrean. Bertzetik, 2023ko maiatzeko hauteskundeek gobernuaren jarduera politikoa eten zutela oroitu dute, eta duela sei hilabetera arte ezin izan dutela martxan jarri Klima Aldaketarako Bulegoa. Legeak jasotzen zuen bulego hori eratzeko agindua, eta Nafarroako Gobernua babesten duten taldeen akordioan ere jasota zegoen.
Ingurumen Departamentuak nabarmendu nahi izan ditu, halaber, klima aldaketari aurre egiteko emandako pauso batzuk: Klima Aldaketarako Bulegoaren bidez bost milioi euroren diru saila onartu dute, uholdeei aurrea hartzeko eta prebentzioaren arloko neurriak ezartzeko; gainera, klima aldaketara egokitzeko Life Nadapta garatu dute. Ekainaren 17an eta 18an aurkeztuko dituzte programa horren barruan prestatutako bederatzi proiektu, Iruñean eginen dituzten Espainiako Estatuko Ingurumen Agintarien Sareak antolatutako jardunaldietan.
«Erabaki argiak»
Klimaren Aldeko Aliantzako kide Rafa Aldaik ez du ukatu klima aldaketara egokitzeko urrats batzuk egin dituztela. «Hori behar da, eta egin dira gauzak», erran du. Hori ez dela nahikoa erantsi du, ordea, eta salatu du, gainera, Nafarroako Gobernuaren jarduerak eta jarduerarik ezak klima aldaketari buruzko legearen hitzaurreko «espirituaren kontra» egiten dutela. Klima larrialdia aipatzen du hitzaurreak, bai eta berotegi efektuko gasak murrizteko premia, eta aldaketa sakonen beharra ere bai, bertzeak bertze. Aldaketa sakon horiek eragiteko urratsak dira Nafarroako Gobernuaren jardueran falta direnak, hain zuzen, Aldairen hitzetan; bertzalde, energiaren arloko eta bertze esparru batzuetako «makroproiektuak» salatu ditu. «Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek ere erran du: amildegiaren ertzean gaude, eta azeleragailua zapaltzen ari gara».
%26
Garraioak eragindako isuriak. Garraioak eragin zituen berotegi efektuko gasen isurien %26,3, Nafarroako Gobernuaren 2022ko datuen arabera. Industriak eragin zituen isurien %31,8 eta lehen sektoreak, %22,2.
«Egiturazko aldaketak ez dira errazak, are gutxiago egungo ekonomia globalizatuan, baina beharrezkoa da ekonomia eredu berri baterako urratsak egitea, eta gure industriaren, nekazaritzaren eta energiaren arloko politikak bide berri horretan jartzeko pausoak ematea. Kontsumoa murriztu behar dugu. Desazkundearen alde egin behar dugu, eta planetak ezartzen dizkigun mugak, behingoz, kontuan hartu», nabarmendu du Aldaik. «Erabaki argiak» behar direla erantsi du, desazkundearen aldeko bide hori egiten hasteko. Ikatzaren meatzaritzaren egoera aipatu du, bertze garai batzuetan ere egiturazko aldaketak egin direla azaltzeko. «Aldaketa horiek kalte egindako sektoreak lagundu dituzte; hori egin behar da».
Herri guztiek ez dute ardura bera klima aldaketa eragin duten prozesuetan, eta herritar guztiek ez dituzte berdin sufrituko ere klima aldaketaren ondorioak. «Justizia izan behar dugu ardatz klimaren esparruan ere», azpimarratu du Rafa Aldaik. «Aberastasuna banatu eta boteretsuenen irabaziak murriztu behar ditugu, desazkundeak egoerarik zaurgarrienean direnei kalte handiagoa egin ez diezaien. Badakigu ez dela erraza, baina norabidea zehazteko garaia da», gaineratu du.
«Suitzako sententziak hamar aldiz aipatzen du Itoizko auzia. Balio izan du jurisprudentzia ezartzeko». JOSE LUIS BEAUMONT Itoizko Koordinakundeko abokatu izandakoa
Nafarroako Klimaren Aldeko Aliantzak garbi du Nafarroako Gobernua ez dela nahikoa egiten ari egungo klima larrialdiari aurre egiteko. Horregatik erabaki du errekerimendua bidaltzea, eta horregatik dago auzitara jotzeko prest. Ez dira lehenak, bertze zenbait herritan ere auzitara jo baitute herritarrek, klima aldaketaren aurka egiteko politikak azkartzeko exijitzeko. Apirilaren hasieran, hain zuzen, Suitzako adineko emakume talde batek jarritako salaketa bati erantzunez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen hango gobernua ez dela behar beste egiten ari klima larrialdiaren aurkako neurriak hartzeko orduan, nahiz eta, Giza Eskubideen Konbentzioak jasotakoa kontuan hartuta, hori egiteko «obligazioa» duen. Estrasburgoren epaiak, horrenbestez, estu hartu du Suitza, eta Europako beste herrialdeek auzi horretan hartutako politikei ere eragin diezaieke, auzitegiak jurisprudentzia ezartzen baitu.
Haize errotak Nafarroan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Rafa Aldaik aipatu du sententzia horrek, bai eta aurrera egin ez duten gisako bertze salaketa batzuek ere, bultzatu dutela, neurri batean, Klimaren Aldeko Aliantzak egindako urratsa. Suitzako kasuak, hain zuzen ere, badu lotura Nafarroarekin, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sententziak Itoizko urtegiari buruzko 2004ko epaia aipatzen baitu. «Sententzia historiko bat lortu dute Suitzako emakumeek, eta hamar aldiz aipatzen du Itoizko auzia. Suitzako Estatua saiatu da salaketa aurkeztu duten emakumeek urrats hori egiteko duten zilegitasuna zalantzan jartzen, baina ez du lortu, Espainiako Estatuak gure kasuan lortu ez zuen bezala», nabarmendu du Jose Luis Beaumontek, Itoizko Koordinakundeko abokatu izandakoak.
Itoizko herritarrek Nafarroako Naturaguneen Legea aldatu izana salatu zuten Giza Eskubideen Europako Auzitegian. Espainiak argudiatu zuen Itoizko Koordinakundeak ez zuela zilegitasunik auzitara jotzeko. Epaia koordinakundearen aurkakoa izan zen, baina onartu zuen herritarrek auzitara jotzeko zilegitasuna bazutela, bai eta biktima izaera ere. «Itoizko borrokak balio izan du jurisprudentzia ezartzeko», azpimarratu du Beaumontek.
ERREKERIMENDUa
ENERGIA EOLIKOA ETA FOTOVOLTAIKOA
Parkeak. Parke eolikoak eta fotovoltaikoak eraikitzeko asmoek eta naturaren babesak bat egin dezaten, klima aldaketari buruzko legeak aurreikusten du halako azpiegiturarik hartuko ez duten eremuak ezartzea. Urtebeteko epea zehazten du legeak, eta ez da bete.
ENERGIA KOMUNITATEAK ETA AUTOKONTSUMOA
Eraginkortasuna. Klimaren Aldeko Aliantzaren errekerimenduak aipatzen du energia komunitateak sustatzeko planak egiteko epea ez dela bete, eta ez dutela garatu eraikinen energia eraginkortasuna zehazteko araudia, bertzeak bertze.
MUGIKORTASUNA
Planak. Klima Aldaketarako Legeak ez du eperik zehazten Nafarroako Gobernuko departamentuek mugikortasunari buruz garatu beharreko erregelamenduentzat, baina bi urteko epea ematen die udalei euren planak egin ditzaten. Epe hori apirilean amaitu zela salatu du Klimaren Aldeko Aliantzak.
TRANTSIZIORAKO ESTRATEGIA
Sektore zaurgarriak. Klimaren Aldeko Aliantzak legez egin beharreko trantsiziorako estrategiari buruz galdetu dio Nafarroako Gobernuari; sektorerik zaurgarrienak babestea da estrategiaren asmoa, baina oraindik ez dutela argitaratu salatu dute ekologistek errekerimenduan.
ENERGIA TRANTSIZIORAKO AGENTZIA
Lege proiektua. Klimaren aldeko legeak sei hilabeteko epea zehazten du Nafarroako Gobernuak parlamentura bideratu dezan Nafarrako Energia Trantsiziorako Agentzia arautzeko lege proiektua. Aliantzak dio ez dutela egin.
BERTZELAKOAK
Hezkuntza. Bertze hainbat auzi jaso ditu errekerimenduan; salatu dute, bertzeak bertze, ez dutela garatu klima aldaketa hezkuntzan jorratzeko plana.