Euskaltegian euskara ikasten hasi nintzenean 25 urte nituen. Kolonbiatik iritsi berria nintzen. Garai hartan Itaroako oinetako denda batean egiten nuen lan —aurreko testu batean ere aipatu nuen kontu hau—, eta txandaka joaten nintzen euskaltegira. Oso ongi gordeta dut buruan; dendan goizez aritzen nintzenean, AEK-ko Arrosadiko euskaltegian izaten nuen klasea arratsaldez. Eta dendan arratsaldean lan egiten nuenean, AEK-ko Irrintzi euskaltegira joaten nintzen goizero. Frustrazioz beteta nengoen erritmo zoro hartan, lekuz kanpo sentitzen nintzen, akiturik. Eta ni ez naizenez preseski eraman handiko emakumea, euskara uztea erabaki nuen. Pena handia sentitu nuen, baina, egia esan, gainetik zama astuna kendu nuela ere sentitu nuen. Aldi berean, itxaropen bat apurtu zitzaidan neure baitan. Handik aurrera, behin baino gehiagotan saiatu nintzen berriro. Nire ikas prozesuaren zati bat hori izan zen neurri handi batean, hasi eta utzi. Horren alde ederra, ordea, atea beti irekita aurkitzen nuela izan zen.
Banekien Euskal Herriko errealitatearen zati mamitsua galtzen ari nintzela, beste mundu aberats bat baztertua nuela eta aukera eman nahi nion. Hemengo kultura barnetik ezagutu nahi nuen. Azken saiakeran, Arturo Campion euskaltegian hasi nintzen udan ikastaro trinko batean egunean lau ordu ikasten, eta berehala sentitu nuen hura zela nire bidea. Pozik nengoen, bihotza bero nuen eta begietan sua. Leku horretan behar nuena aurkitu nuen: motibazioa, alaitasuna, berotasuna, gizatasuna, eta, horretaz gain, landare asko. Ze garrantzitsua den ikasteko, eta ez euskara bakarrik, ingurunea osasuntsua eta atsegina izatea, alaia eta enpatikoa. Beti irribarre batez hartzen ninduten. Hori erabakigarria izan zen nire buruari beste aukera bat emateko eta ikasten jarraitzeko. Zintzotasunez, kolonbiarra naizenez, inportantzia handia ematen diet gauza horiei, kontu kulturala izango da, segur aski.
Ze garrantzitsua den ikasteko, eta ez euskara bakarrik, ingurunea osasuntsua eta atsegina izatea, alaia eta enpatikoa
Horrela habia bat, leku bat edo sutondo bat topatu nuen euskara ikasten jarraitzeko, eta batez ere ni neu izateko espazio bat, lotsarik gabe. Makillajea, takoiak, plataformak, minigonak eta ezpainak beti gorri-gorriak eramatea premia bihurtu zitzaidan erresistentzia politiko gisa Iruñean duela urte batzuk, eta Arturo Campion euskaltegira sartu nintzenean, bat-batean aske sentitu nintzen. Kontua ez da bakarrik onartua sentitu nintzela, baizik eta, nire desberdintasunetik, ekarpen soziala eta kulturala egin nezakeela sentitu nuela.
Ikasturte honen bukaeran ikasle askoren prozesuan arrasto handia utzitako bi irakaslek utziko dute euskaltegia: Nekanek eta Mirenek. Bizitza osoa euskararen irakaskuntzari eta zabalpenari eman dioten bi emakume eredugarri. Lerro hauetatik nire eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiet bihotzez beraiei eta nire euskalduntze prozesuan lagundu didaten irakasle guztiei. Eta hala da, esker ona besterik ez dut.