Naturaren lana koadro bilakatuta

Naturaren lana koadro bilakatuta

Erroko erreken giroak hartu du Javier Eskirozek (Tafalla, 1953) Tafallan duen estudioa. Koadroz beteta daude paretak; Eskirozek aspaldi eginak dira batzuk, eta lagunek oparitutakoak bertze batzuk. Koldo Sebastianen eta Jose Miguel Corralen eskua sumatzen da obretako batzuetan, hain justu. Halere, Eskirozek berak azken urteotan egindakoak dira lan gehienak: Irunberriko eta Erroko paisaiak. Ez nolanahikoak, ordea, artistak xehetasunera jo baitu inguratzen duen naturari so egiteko. 

Ohiko begirada bazter utzi, eta haitzetako zirrikituei erreparatu die; urak zirrikitu horietan gordetako hostoak jaso ditu bere koadroetan, eta margolan bilakatu ditu ekosistema berezi horiek. Eskirozen begirada errealistak ametsetako mundu bat sortu du. Abenduan sorterrian erakutsiko du, Tafallako kulturgunean.

Pintzelak berezko ditu Eskirozek. Txikitan hasi zen margotzen, eta inoiz ez dio utzi. «Pintura behar dut», aitortu du. Tafallako bere estudioa du lantoki, baina han ez da hutsetik hasten. Natura, pintura bezala, hurbil sentitu du haur bat zenetik, eta ibaien eta erreken ondoan bilatzen du urak, lurrak, haitzek eta hostoek margotutako paisaia. «1990eko hamarkadan hasi nintzen gisa horretako lanak egiten», oroitu du. 

Irunberriko arroilan hasi zuen bide hori. Ibaiertzeko formei so egin, eta «liluratu» egin zuten. Eskirozek errealismoaren bidetik garatu du bere lana, neurri handi batean, baina bat egin du kritikariek bere obrari buruz erran izan dutenarekin: «Errealismoa eta abstrakzioa nahasten dira koadroetan».

«Lurrera begira ibiltzen naiz, eta han eta hemen aurkitzen ditut naturak zizelkatutako paisaiak eta formak». JAVIER ESKIROZ
 Artista

Eskirozek milaka argazki egin ditu Irunberriko arroilan, kamerarekin jasotako irudiak mihisera eramateko asmoz. Errora joan da azken aldian, naturaren arrastoen bila. Raul Oloriz artistaren eskutik ezagutu ditu Erroko bazterrak. «Irunberriko obrei buruzko erakusketa batean ezagutu genuen elkar, Iruñeko Ziudadelan», kontatu du artistak. Eskirozek sare sozialen bidez ikusi zituen Olorizek Erron egindako argazkiak. «Argazkietako txoko haiek non ziren galdetu nion; bakarrik joanda ez nituela aurkituko erran zidan, eta hark eraman ninduen».

Formekin jolasean

Oinarri bera dute Irunberrin eta Erron egindako lanek: urak haitzetako berezko zuloetan utzitako arrastoa. Lan horiek, baina, ez dira berdinak, «argia ez baita bera batzuetan eta bertzeetan», nabarmendu du artistak. Irunberriko arroilako pareta bertikal handiek zaildu egiten dute argia ibai ondora ailegatzeko bidea, eta hori sumatzen da Eskirozen koadroetako koloreetan: argitsuagoak dira Errokoak.

Artistak naturaren formei behatzen die, ikusten duena margotzeko. «Lurrera begira ibiltzen naiz, eta han eta hemen aurkitzen ditut naturak zizelkatutako paisaia eta forma horiek». Eskirozen koadroen formak ere badu zer erranik, artistak ohiko euskarriekin batera mihise borobilak ere erabiltzen baititu, bertzelako bideak jorratzeko asmoz. Puxiken forma ere eman izan die lanetako batzuei, hain zuzen. «Soka bat lotu nien Iruñeko Ziudadelan erakutsi nituenean, eta haurrek sokari eutsi eta argazkiak egiten zituzten», kontatu du irribarrez. Artistak maite ditu «jolas» horiek, eta nabarmendu du ikuslearen atentzioa pizteko ere balio dutela.

Javier Eskiroz margolariak Erroko errekei so egindako koadroetako bat. IÑIGO URIZ / FOKU

Eskirozek maite du erakusketetan ikusleekin sortzen den harremana, hain zuzen ere. Ikasleak baditu, gainera, eta elkarrekin egiten duten lan horrek balio handia duela azpimarratu du. «Maite dut bertzeak laguntzea». «Aspaldi hasi nintzen bertzeei eskolak ematen; hasieran, haur eta gaztetxoak etortzen ziren. Orain, helduak dira gehienak. Ez dut nire eskolei buruzko publizitaterik egiten, baina jendea etortzen da…», erantsi du. Eskirozek aitortu du batzuetan eskolak bazter uzteko gogoa izaten duela, baina, oraingoz, ez du egin halakorik.

Izan ere, denbora da Eskirozek gehien estimatzen dituen gauzetako bat; zehazki, margotzeko denbora. «Orduak azkar pasatzen dira estudioan». Bilduma oso bat prestatzea, baina, ez da erraza. Horixe nabarmendu du artistak. Abenduan Tafallan eginen duen erakusketa prestatzen buru-belarri dabil orain. Artista Erroko paisaien artean mugitzen da bere estudioan, koadroak han eta hemen pilatuz. Musika klasikoa jarri du, eta pintzela eskuan hartuta segitu du lanean. Abendurako dena prest nahi du. Tafallako erakusketa «berezia» izanen da Eskirozentzat. Etxean eginen du, eta etxekoentzat. Haren lanek Erroko paisaiaren zati bat eramanen dute Tafallara.