Lekarozko Lozy’s Pharmaceuticals etxeko langileek akordio bat lortu dute enpresarekin, 112 egunez greba egin eta gero. «Kontent gaude, borrokatzea merezi duela erakutsi baitugu», erran du Nerea Sainzek, Lozy’seko ELAko arduradunak. Zehazki, bi aldeek akordio bat sinatu dute, greba amaitzeko. Testuak enpresen eta langileen arteko hitzarmen baten bermeak jaso ditu, beharginek ziurtatu nahi izan baitute Lozy’s etxeko arduradunek «derrigorrez» bete beharko dutela akordioa.
Sainzek garbi erran du «oinarri bat» ezarri nahi izan dutela oraingo akordioarekin; izan ere, Lozy’s enpresako langile batzordea duela urtebete osatu zuten —ELAkoak dira bost ordezkariak—, udaberrian egin baitzituzten hauteskundeak lehendabiziko aldiz. «Badakigu lan handia dela oraindik egiteko, eta gauza asko gelditu direla lortu dugun akordiotik kanpo. Abiapuntu bat zehaztu dugu, halere, 2027tik aurrera negoziatzen jarraitzeko», azaldu du Sainzek.
Orain lortu duten akordioa 2026a bukatu bitarte izanen da indarrean. Soldatak KPIaren gainetik igotzea lortu dute, bai eta urteko lanaldia murriztea ere: 2025ean hamasei ordu gutxiago eginen dituzte lan, eta 2026an, berriz, bertze zortzi gutxiago. «Aldizkako langile finkoak langile finko izanen dira aurrerantzean, eta egutegian ere lortu dugu egoerak hobera egitea. Txanda aldatuz gero, adibidez, 30 euro kobratuko ditu langileak», gaineratu du ELAko kideak.
Langile batzordeak Lekarozko lantegiko lan baldintzak hobetzea hartu du helburutzat hasieratik, Sainzek oroitu duenez. Aldizkako langile finkoen egoera izan da batzordeak mahai gainean jarritako auzi nagusietako bat, eta konpontzea lortu dutela nabarmendu du Nerea Sainzek.
Auzitara jotzeko aukera
Akordioa lortu arteko bidea ez da erraza izan. Horixe garbi erran du Sainzek. Langileek ere greba «gogorra» izaten ari zela kontatu zuten maiatzaren 21ean, Iruñean egindako azken elkarretaratzean. Denera, 112 egun egon dira greban, eta denbora horretan enpresak egindako «mehatxuei» egin behar izan diete aurre: «Lekarozko lantegia itxiko zutela mehatxu egin ziguten».
«Badakigu lan handia dela oraindik egiteko, eta gauza asko gelditu direla lortu dugun akordiotik kanpo. Abiapuntu bat zehaztu dugu, halere, 2027tik aurrera negoziatzen jarraitzeko».
NEREA SAINZ Lekarozko Lozy’s enpresako langile batzordeko kidea
Lozy’s etxeko langileek otsailean erabaki zuten grebara deitzea, salatzeko enpresak ez zuela borondaterik lan baldintzen inguruko negoziazioak hasteko. Hiru hilabete baino gehiago iraun du protestak, azkenean. Baztanen ez ezik, Iruñean ere egin dituzte elkarretaratzeak; Iruñeko Udaletxe plazan eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean egin dute bat, astean behin.
Langileek Nafarroako Lan Ikuskaritzaren aurrean salatu zuten Lozy’s Pharmaceuticals enpresako arduradunak greba egiten ari ziren langileak ordezkatzen ari zirela. «Lan Ikuskaritzan arrazoia eman ziguten, eta auzitara jotzea erabaki genuen orduan», erran du Sainzek. ELAko kideak garbi du urrats horrek eragin duela enpresa negoziatzeko prest azaltzea, hain zuzen ere.
Akordioa lortuta, auzitara jotzeko aukera bazter utzi dute langileek, eta greba, bertan behera. «Mobilizazioak badu gauzak aldatzeko indarra», berretsi du Nerea Sainzek, eta protestan parte hartu duten langile guztien ahalegina eskertu du.
Akordiorako oinarria ezarri dute zurgintzan
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek zurgintzaren arloko hitzarmena lortzeko akordiorako oinarria ezarri dute. Sindikatuok nabarmendu dute hitzarmen berriak «eskubide gehiago eta berme handiagoak» ekarriko dizkiela sektoreko langileei.
Sindikatuek adostu dutenaren arabera, gainera, hitzarmena atzeraeraginezkoa izanen da, eta %6,4ko eta %2,9ko soldata igoerak ezarriko ditu 2023rako eta 2024rako. 2025erako, berriz —hori izanen da hitzarmena indarrean izanen den azken urtea—, 2024ko KPIaren arabera igoko dituzte soldatak. Langileak irailean hasiko dira orain adostutako soldata igoerak kobratzen.