«Mugikortasun arazo bat dugu herrian». Horixe nabarmendu du Berako alkate Aitor Elexpuruk (EH Bildu). Izan ere, udalak eskatuta maiatzean egindako azterketa baten arabera, egunean batez bertze 4.200 autok zeharkatzen dute Eztegara pasealekua, eta ia 4.700 zenbatu dituzte hainbat tartetan. Bera Lapurdiko Sara eta Urruña herriekin lotzeko errepideen erabilerak eragiten du herrigunetik hainbertze auto pasatzea, neurri handi batean.
Autoak herrigunetik ateratzeko asmoz, hain zuzen, Berako saihesbidea egiteko proiektua abiatu du udalak. Hiru fasetan zatitu ditu egin beharreko lanak. Lehenengoak Labiaga ikastolaren eraikina Matzada futbol zelaiarekin lotuko du. «Toki Ona institutuaren atzetik joanen dira autoak». Bigarren fasea, Matzadan hasiko da, eta Lizuniagarako bidean amaitu, angula haztegi izandakoaren gainean. Hirugarrenak, azkenik, Lizuniagako bide hori eta Ibardinera doana lotuko ditu.
Nafarroako Gobernuak Berako saihesbideko bigarren eta hirugarren faseetako proiektua lizitatzeko deialdia egin berri du. Bi fase horietako proiektuak idaztea da urrats horren helburua. Lehen faseari dagokionez, Berako Udala Espainiako Gobernuak eman beharreko diru laguntza baten zain da obrak hasteko. Aitor Elexpuruk garbi erran du finantzaketa lortzea dela saihesbidea egin ahal izateko zailtasun nagusietako bat.
Milioi bat euro
Lehen faserako, milioi bat euroren diru laguntza hitzartua du Berako Udalak Espainiako Gobernuarekin. «Diru hori blokeatuta dago Madrilen. Kontua da diru laguntza zuzen bat eman zigutela. Formari lotutako huts baten ondorioz, baina, dirua jasotzeko prozesua atzeratu zen, eta, azkenean, 2024ko aurrekontuak ez zituztenez onartu, dirua blokeatua gelditu da. 2025eko aurrekontuak onartzea eta diru hori jaso ahal izatea espero dugu, lehen faseko obrak hasteko», kontatu du Elexperuk, Berako alkateak.
«Baditugu egin beharreko beste hainbat lan: igerilekua eta kiroldegia konpondu, besteak beste. Lehentasuna, baina, ur sarea zaharberritzea izan da»
AITOR ELEXPURU Berako alkatea
Saihesbidekoa ez da Beran martxan dagoen herri lan bakarra. Batetik, Nafarroako Gobernua N-121-A errepideko bosgarren faseko proiektua idazten ari da orain; zati hori da Bera ukitzen duena, hain zuzen. Bertzetik, herrigunean, Kanttonberri auzoko ur sareak berritzeko lanak egiten ari dira. Apirilean hasi zituzten, eta urrirako amaitzea espero dute. «Zalaingo ur biltegitik Foruen plazarainoko sarea berritu dugu jada; Kanttonberrikoa zaharkitua zegoen, eta horko sarea berritzea lehentasunezkoa zen udalarentzat», azaldu du alkateak.
Kanttonberrikoak amaituta, Altzate karrikako ur sareak berritzeko asmoa du Berako Udalak. Proiektu horri lotuta egin dute autoen zirkulazioari buruzko azterketa. «Semaforoak jartzeko aukera aztertzen ari gara», aipatu du Elexpuruk. Herria zeharkatzen duten autoen inguruko datuek kezka eragin diote Berako Udalari: «Nafarroako Gobernuarekin bilera bat egin nahi dugu auzi horri buruz hitz egiteko, gobernuak ardura har dezan», erran du Elexpuruk. Udalak eskatutako azterketaren arabera, auto gehienek Lizuniagarako bidea hartzeko zeharkatzen dute herria. «Dantxarineak eragin handia du: jende askok lan egiten du han», erantsi du alkateak.
Berako Udalak Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du Kanttonberriko lanak egiteko. 1,4 milioi euroren aurrekontua dute obrek, eta gobernuak horren erdia ordainduko du. «Altzateko lanek ere beste horrenbesteko aurrekontua izanen dute, gutxienez», zehaztu du alkateak, eta Nafarroako Gobernuaren laguntza «beharrezkoa» dutela nabarmendu. «Baditugu egin beharreko beste hainbat lan: igerilekua eta kiroldegia konpontzea, besteak beste. Lehentasuna, baina, ur sarea zaharberritzea izan da».
Lesakako saihesbidea eginen dute
Berakoa ez da bakarra: Lesakako saihesbidearen proiektua lizitatzeko deialdia ere egin du Nafarroako Gobernuak. 450.000 euroren aurrekontua du, eta Espainiako Gobernuak ordainduko du. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko arduradunek nabarmendu dute saihesbideak modua emanen duela Lesakako herriguneko trafikoa arintzeko.
Nafarroako Gobernuak Lesakako mugikortasun planarekin lotu du herriko saihesbidea egiteko proiektua. Azken urteotan, hain zuzen, herriko oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak egin ditu udalak. Autoei tokia kentzea da asmoa.