Lizarrako Antzinako Musikaren Astea ospatuko dute bihartik irailaren 14ra bitarte. 55. aldia izanen da aurtengoa, eta dantza eta poesia uztartuko ditu musikarekin, Jaia izenburupean. Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Baluartek sustatu dute jaialdia, Lizarrako Udalaren laguntzarekin.
[articles:2128525]
Hemeretzi ikuskizun antolatu dituzte, denera. «Aurtengo egitarauak musika eta jaia lotu nahi ditu», nabarmendu du Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak. Erantsi du Lizarrako Antzinako Musikaren Astea Kultura Departamentuak antolatzen dituen jardueren artean «sendoenetako bat» dela: «Europako antzinako musikarik onenaren lagin bat ekartzen du urtero herrialdera».
Lizarrako Antzinako Musikaren Asteak 1967. urtean hasi zuen bere bidea; urte hartan, Fernando Remacha konpositoreak kontzertu bat antolatu zuen, Lizarrako Erdi Aroko Ikasketen Astearen barruan. Remachak Alemaniako Studio der Fruh Musik taldea ekarri zuen Nafarroara, eta lehen urratsa egin zuen ekinaldia martxan jartzeko. Lizarrako Antzinako Musikaren Astea erreferente bilakatu da Europako Erdi Aroko eta Errenazimentuko musikaren eta musika barrokoaren zaleentzat.
«Lizarrako Antzinako Musikaren Asteak Europako antzinako musikarik onenaren lagin bat ekartzen du urtero herrialdera»
REBECA ESNAOLA Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilaria
Aurtengo aldiak izanen du berrikuntzarik, lehendabizikoz eginen baitute egoitza artistiko bat: Egeria laukotea ariko da. Lau emakumek osatzen dute, eta Erdi Aroko musika du oinarri. Bi poesia irakurraldi eta kontzertu bat eskainiko dituzte.
Dantzak bere tokia
Bihar hasiko da Lizarrako Antzinako Musikaren Astea. San Miguel elizak hartuko du lehen kontzertua, hain zuzen: Sevillako (Espainia) Orkestra Barrokoa ariko da, eta Vivaldi eta Bach konpositoreen lanak eskainiko ditu; igandean, Xavier Diaz-Latorre eta Pedro Estevan izanen dira Lizarran, Laberintos Ingeniosos euren taldearekin; eta hilaren 12an, Iruñeko Ganbera Abesbatza eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa. Emma Kirkby sopranoak parte hartuko du irailaren 13an, Jakob Lindberg laute jotzailearekin batera.
Irailaren 14an, azken saioan, musikak eta dantzak bat eginen dute, Armonia Danza eta Ministriles de la Reyna taldeekin. San Domingoko komentuan ariko dira. Azken eguneko dantzaldia ez da bakarra izanen; igandeko saioan ere toki bat izanen du dantzak: Armonia Danza ariko da, Lizarrako Musika Eskolan.