Javier Ziga Etxandi margolaria (Iruñea, 1877-1960) ezagutzeko erakusketa bat dago Lizarran, haren izena daraman fundazioak Gustavo Maeztu museoan zintzilikatu dituelako Zigaren lanak, urriaren 27ra bitarte, Javier Ziga. Figurazioa eta esentzia izenburupean. Erakusketak 41 lan bildu ditu, eta bi helburu nagusi, Pello Fernandez Oiaregi komisarioak nabarmendu duenez: batetik, Zigaren eta Gustavo Maezturen arteko solasaldi bat sustatzea, bi artisten obrak eraikin berean elkartuz; eta, bertzetik, frai Diego Lizarrakoa oroitzea, haren jaiotzaren bosgarren mendeurrena ospatzen ari direla aprobetxatuz. Zigak apaizaren erretratu bat margotu zuen, duela ehun urte, eta lan hori Gustavo Maeztuko erakusketan ikus daiteke orain.
[articles:2128528]
Zigaren obrak Maezturekin eta frai Diego Lizarrakoarekin lotzen du margolaria, eta lotura hori nabarmendu nahi du erakusketak. Apaizaren erretratua Lizarrako Udalak antolatutako lehiaketa baterako egin zuen Zigak; hain zuzen, 1924. urtean, frai Diego Lizarrakoaren jaiotzaren laugarren mendeurrena oroitzeko antolatutako ekitaldien barruan. Zigak pintura lehiaketako lehen saria eskuratu zuen apaizaren erretratuarekin; Fernando Selmak 1785ean egindako grabatu bat hartu zuen oinarri bere koadroa osatzeko.
Javier Ziga margolariak 1924. urtean Frai Diego Lizarrakoari egindako erretratua. JAVIER ZIGA FUNDAZIOA
Ziga Maezturekin lotzen duenari buruz, Fernandezek azpimarratu du Lizarrako erakusketa bi margolarion arteko «topaketa» bat dela: «Biak garaikideak izan ziren, eta, gainera, pinturaren inguruko unibertso bera partekatu zuten». Izan ere, bi artistek lortu zuten euren obrak Parisko aretoetan eta Madrilgo arte ederretako erakusketetan zintzilikatzea. Fernandezek figurazioaren «maisutzat» jo ditu bi artistak, nork bere bidea egin arren, Maeztuk sinbolismoaren bidetik, eta Zigak, berriz, naturalismoarenetik.
Bost ardatz
Gustavo Maeztu museoko erakusketak bost ardatz nagusitan antolatu du Zigaren obra; bost ardatz horien bidez, hain zuzen, margolariak bere koadroetan landu zituen gai nagusiak erakutsi nahi ditu Pello Fernandez komisarioak. Ziga fundazioko lehendakaria ere bada hura, eta margolariaren lana ongi ezagutzen du. Erakusketaren bidez, bisitariei eman nahi die sakon ezagutzen duen Ziga horren berri.
Zigaren obraren bost ardatzetako lehena da Fernandezek Madrilgo etapatzat jo duena. Errealismo sozialaren eta akademian egindako lanaren ardatza da lehendabiziko hori, 1909-1911 urte artekoa. Madrilen, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademian aritu zen Ziga, eta han, perspektiba, kolorea eta pinturaren teknikak jorratzeaz gain, inguruko errealitateari so egin zion, eta bere koadroetan islatu zuen; karrikako umeen, mozkortien eta auzorik pobreenen egunerokoa pintura bilakatu zuen.
Javier Zigaren ‘Galtzeta’ koadroa. 1910ekoa da. JAVIER ZIGA FUNDAZIOA
Parisko paisaiena da erakusketak zehaztutako bigarren ardatza. Komisarioak agerian utzi nahi izan du Parisek zer eragin izan zuen Zigarengan; Sena ibaia margotzeko modua nabarmendu du Fernandezek, bertzeak bertze: «Bere koadroetako protagonista bilakatu zuen, neurri handi batean, zertzelada dardarti eta desegin baten bidez».
Erretratuaren ingurukoa da hirugarren ardatza. Erretratuek pisu handia dute Zigaren obran, hain zuzen ere. Fernandezek garbi erran du erretratu horien bidez gizakiaren «barruko aldean» murgildu nahi izan zuela margolariak, eta saiatu zela mihiseetan jasotzen margotzen zituenen arima. Erretratuekin batera, paisaiak nabarmentzen dira Zigaren koadroetan, eta paisaien inguruan zehaztu dute, hain justu, erakusketako laugarren ardatza. Bosgarren eta azkena, pintura etnografikoari buruzkoa da: «Genero horri buruz, garbi erran behar da Zigak Nafarroako euskal esentzia emozioz eta sentimenduz islatu zuela», azaldu du Pello Fernandezek.
«Maeztu eta Ziga garaikideak izan ziren, eta, gainera, pinturaren inguruko unibertso bera partekatu zuten»
PELLO FERNANDEZ OIAREGI Javier Ziga fundazioko lehendakaria
Margolari handia izan zen Ziga, bai eta bertze margolari anitzen maisu ere. Jose Mari Apezetxea baztandarrak (Erratzu, 1927-2017) Elizondon egin zuen bat Zigarekin, eta haren eskutik hasi zuen pinturaren esparruan egin zuen bide luze eta aberatsa, 2008an BERRIA egunkarian egindako elkarrizketa batean azaldu zuen moduan: «Beti aritzen nintzen margotzen. Eskolan ere, liburu guztiak zikintzen nituen margoekin. Iruñera joan nintzen gero ikastera, seminariora. Oporretan etortzen nintzen herrira, eta Javier Ziga margolaria nire osabaren etxera etortzen zen Baztanera, Elizondora, uda pasatzera. Bizikleta hartu, eta harengana joaten nintzen, margotzera. Egunero. Pare bat ordu edo hiru egoten nintzen. 1940an hasi nintzen Zigarekin, eta 1946ra bitarte-edo egon nintzen; beti hilabete bat, udan. Geroztik, nire kontu».
Zigak Baztanen girotu zituen bere obretako anitz, eta denen artean ezagunena Biatiko bat Baztanen izenburuko koadroa da. 1917an aurkeztu zuen, Madrilen. Margolaria Iruñekoa zen, eta lotura estua izan zuen beti sorterriko errealitatearekin. EAJko zinegotzi izan zen Iruñeko Udalean, 1920-1923 eta 1930-1931 urte tarteetan. Iruñean jaio, eta Iruñean zendu zen, 1960. urtean. Artista hil zen, baina bizirik da margolariaren lana; Lizarran ikus daiteke, urriaren 27ra bitarte.