Giza eskubideak nabarmentzeko

Giza eskubideak nabarmentzeko

Greziara iristen diren iheslarien errealitatea ez da urruneko zerbait. Siria eta bertze hainbat herri atzean utzita ailegatu dira herritar anitz Nafarroara, babesaren eta etorkizun hobe baten bila. Europako Batasuneko migrazio politikek harresi bilakatu dute kontinentea, eta, politika horien ondorioz, Mediterraneo itsasoaren hondoan amaitu da herritar anitzek sorterrian hasitako bidaia. Greziara iristen direnen errealitatea ez da erraza, eta haren berri jaso dute Exopía dokumentalean, Europako agintarien politika «hiltzaileak» salatzeko; gaur Iruñean estreinatuko dute, Golem Yamaguchi aretoan.

Iruñeko Muxutrock musika taldeak eta Donostian sortutako Zaporeak erakundeak elkarrekin ondutako proiektu baten emaitza da Exopía. David Moreno Lobito (Iruñea, 1976) Muxutrock taldeko abeslaria da, eta Zaporeak elkarteko Ana Larunbe lagunaren bidez izan du Greziako iheslarien egunerokoa ezagutzeko aukera. «Hamar urteko bidea egin du gure taldeak, eta hasieratik aritu gara hainbat elkarterentzat dirua biltzeko kontzertuak egiten. Irabazten dugun guztia ematen dugu. Zaporeak elkartekoentzat kontzertu bat egin eta gero sortu zen Greziara joateko proiektua», oroitu du Morenok.

‘Exopía’ dokumentala ondu duen lantaldeko kideak, iaz, Grezian: ezkerretik hasita, Mikel Mendibil, Mari Jose Zapata, David Moreno, Aritz Gorostiaga eta Ana Larunbe. EXOPIA

Musikariak iaz egin zuen Greziako Lesbos eta Atenas hirietako errefuxiatuen kanpalekuetara eraman zuen bidaia, apirilaren 21etik maiatzaren 7ra. Ez zen bakarrik joan; Zaporeak elkarteko Ana Larunbek eta Mari Jose Zapatak, Mikel Mendibil diseinatzaile grafikoak eta Aritz Gorostiaga zinemagileak lagundu zuten. Azken horrek zuzendu du bosten artean osatutako Exopía lana.

Egoerak, «okerrera»

Greziara iristen diren iheslarien egunerokoa jada ez da arretagune, neurri handi batean. Horixe uste du Morenok. «Egoerak ez du hobera egin, ordea», nabarmendu du. Alderantzizkoa gertatu dela erantsi du: «Egunero ailegatzen dira migratzaileak Greziara; herri horrek eta Europak ezarritako araudiak gogortu egin dira, eta horrek eragin du migratzaileon egoerak okerrera egitea. Errefuxiatuak lagundu nahi dituzten Greziako herritarrak legez zigortzen ari dira, eta kanpalekuetan lan egiten duten elkarteei ere hamaika oztopo jartzen dizkiete».

Greziara iritsitako pertsona horiek hartu dute hitza Exopía dokumentalean. Proiektuan parte hartu duten kide guztiek helburutzat hartu dute datu eta zenbaki hotzen atzean dauden pertsonen berri ematea. «Zenbaki horiek aurpegiak dituzte, izen-abizenak, eta haiei buruz hitz egin nahi izan dugu», azaldu du Morenok.

Exopia dokumentaleko lantaldeak, gainera, Grezian iheslariekin lanean ari diren gobernuz kanpoko erakunde batzuen lana jorratu nahi izan du. Zaporeak elkarteko kideen zeregina da kanpalekuetan dauden errefuxiatuei jatekoa ematea, eta lan hori nola egiten duten azaldu dute Gorostiagak zuzendutako lanean. Elkarte hori ez da kanpalekuetan ari den bakarra: Exopía dokumentaleko kideek Kairos elkarteko, Yoga and Sport proiektuko eta Europako SOS Errefuxiatuak taldeko kideen berri ere jaso dute.

«Egunero ailegatzen dira migratzaileak Greziara; herri horrek eta Europak ezarritako araudiak gogortu egin dira» 
DAVID MORENO, ‘LOBITO’ Muxutrock taldeko abeslaria

Greziako errefuxiatuen egoera ongi ezagutzen duten kazetari batzuen hitzak ere entzun daitezke Exopía dokumentalean, eta haietako batzuek filmatutako zenbait irudi ikusi ere bai. «Irudi horiek erakusten dute Greziara iritsi nahi duten herritarrak berriz itsas zabalera eramaten dituztela Greziako poliziek eta talde paramilitar batzuek; berdin zaie han hiltzen badira ere», kontatu du Morenok.

Gogoeta piztu

Exopía lanak gogoeta piztu nahi du, ikus-entzuleak irudietan ageri diren migratzaileen larruan jar daitezen. Morenok gogor salatu du eskuinak eta eskuin muturrak migratzaileak «kriminalizatu» nahi dituztela zenbait mezu eta diskurtsoren bidez, eta horien kontra egitera deitu ditu herritarrak.

Dokumentala astebetez ikusi ahal izanen da Iruñeko Golem Yamaguchi zinema aretoan. Gaur eta asteartean, lantaldeko kideak aretoan izanen dira, filma eman eta gero solasaldi bat egiteko asmoz. Golemetan eman eta gero, Nafarroako kultur etxeetan zabaldu nahi dute dokumentala. «Ikastetxeetan eta institutuetan ere bai», erran du Morenok. Hasi dira Grezian ikusi eta ikasitakoaz hitzaldiak egiten Nafarroako ikasleekin, eta Morenok aipatu du gazteek harrera beroa egin diotela dokumentalari. Gazteen artean zabaltzea «funtsezkotzat» jo du, gorroto mezuak bazter utzi eta giza eskubideen defentsa nabarmentzeko.

Aretoetan da Exopía lana, eta hala segi dezan nahi dute. Morenok aitortu du, dena den, proiektua «zabaldu» egin dela: «Sare sozialetan gaude, Isa Egiguren kazetariaren laguntzari esker. Lantaldeko kide bilakatu da. Webgune bat sortu dugu, gainera: Exopia.eu. Lortzen dugun guztia Grezian ezagutu ditugun elkarteak laguntzeko baliatuko dugu». Morenok oroitu du bertzeak diruz laguntzeko asmoz sortu zela Muxutrock musika taldea —Zaporeak, Paris 365 eta esklerosi anizkoitza dutenen Nafarroako elkartea lagundu ditu, bertzeak bertze—, bai eta justizia sozialaren alde egiteko ere. Lan horretan ari dira kideak; orain, Exopía lanaren bidez.