«Gure emozioekin bat egiten duen musika bilatu ohi dugu»

«Gure emozioekin bat egiten duen musika bilatu ohi dugu»

Beatriz Monreal (Iruñea, 1976) «berandu» hasi zen musika ikasten. Hori erran du. Bide bat egina du jada, halere: Garaikideak taldeko kidea da, eta taldeak sustatutako Nak Iruñeko jaialdian ariko da gaur, familientzako tailer batean. Musika eta emozioak landuko ditu. Bihar, azken egunean, Garaikideak taldearen kontzertuan joko du: 20:00etan, Baluarten.

Musika eta emozioak lotuta daude, ezinbertzean?

Musikak hunkitu egin behar gaitu; bertzela, ez digu mezurik helarazten. Eta hori da xedea. Musika entzuten dugunean hunkitzen gara, eta hunkituta gaudenean ere, musika bilatzen dugu. Triste gaudenean, halere, ez dugu musika alaia bilatzen; are tristeago egoteko musika tristea bilatzen dugu.

Alderantziz egin beharko genuke?

Gure emozioekin bat egiten duen musika bilatu ohi dugu, finean. Musikak, gainera, ohartu gabe ere, inguratzen gaitu egunak dituen ordu guztietan: iratzargailuaren musikarekin ernatzen gara, autoan irratia pizten dugu, eta edozein besta edo ekitalditan musika jartzen dute. Igogailuan ere bai!

«Tailerraren asmoa da musika garaikidearen soinuak ezagutzea. Nekez izanen duzu gustukoa ezagutzen ez duzun hori»

Eta horrek zer erran nahi du?

Horrek agerian uzten du musika inportantea dela guretzat. Haurrentzat ere bai.

Haurrekin lan egin izan duzu zuk, musikaren esparruan murgil daitezen. Nak jaialdiaren aurtengo aldian, berriz, familientzako tailer bat antolatu duzu. Zergatik familientzat?

Garaikideak zentroan argi dugu garrantzitsua dela haurrak musika garaikidera hurbiltzea. Aurten familientzat egitea erabaki dut, interesgarria iruditzen zaidalako haurren eta gurasoen arteko komunikazioa eta lotura lantzea musikaren bidez. Emozioak nabarmendu nahi ditugu, haurrek eta helduek emozio horiek musikarekin lotzeko. Tailerra praktikoa izanen da.

Esperimentazioa gustuko duzu?

Bai. Garaikideak zentroan ere esperimentazioaren atala hagitz garrantzitsua da. Tailerraren asmoa da musika garaikidearen soinuak ezagutzea. Nekez izanen duzu gustukoa ezagutzen ez duzun hori; haurrek eta gurasoek musika garaikidea ezagutzea nahi dugu. Oboea jotzen dut nik, eta jendeak espero du Mozarten piezak jotzea. Musika garaikidearen alde egiten dudanean, harritu egiten dira.

Garaikideak zentrotik ari zarete musika garaikidea arlo akademikoan ere sartzeko ahalegina egiten, kolaborazioen bidez. Beharrezkoa da?

Bai, arlo akademiko horretan ere egin behar delako musika garaikidera hurbiltzeko ahalegin bat. Nak jaialdian Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioarekin lanean hasi ginen, lehendabizi, eta gero Pablo Sarasate kontserbatorio profesionalarekin; aurten, gainera, Joaquin Maya musika eskolarekin elkarlanean hasi gara.

Aurreiritziak daude, oraindik ere, musika garaikidearen inguruan?

Bai. Musika garaikideaz erran ohi da itsusia dela, arraroa, ematen duela artistok asmatu egiten dugula momentuan jotzen ari garena. Oboea musika tresna barroko bat da, eta egia da zaila dela kontserbatorioko gelan musika garaikideko errepertorio hori sartuko dizun irakasleren bat aurkitzea. Goi mailako kontserbatoriotik atera nintzenean, nik ez nuen deus ezagutzen. 2012an Garaikideak taldean sartu nintzenean deskubritu nuen egin daitekeen guztia.

Hamar urte bete ditu Nak jaialdiak. Sumatzen duzue ereindako hazia uzta ematen hasi dela jada?

Ari gara, poliki-poliki. Iazko jaialdiko hainbat kontzertutan lortu genuen sarrera guztiak saltzea, eta aurten ere emanaldi batzuetan gauza bera gertatu da. Jaialdiak sendotzea lortu du, eta, aldi berean, bertze esparru batzuetara zabaltzea. Musika, pentsamendua… aurrera egiten ari gara. Ez da erraza, baina ari gara.

«Tuterara mugitu izan naiz ikasle bakar batengatik. Maite dut irakastea, baina baldintzak ez dira onak»

Lan Harremanetan diplomaduna zara. Nola ailegatu zinen musikaren esparrura?

Berandu hasi nintzen ni musika ikasten, 13 urterekin. 14 urterekin musika tresna aukeratu behar nuen. Zeharkako txirula jo nahi nuen, baina ez zegoen tokirik. Hurrengo urtean berriz saiatu nintzen, baina tokirik gabe gelditu nintzen berriz ere. Gutxi erabiltzen ziren musika tresnen entzunaldi bat antolatu zuten, eta han ezagutu nuen oboea. Gustatu zitzaidan, eta horrela hasi nintzen.

Oboea, beraz, ez da musika tresnen arteko izarra?

Ez. Ni irakaslea naiz, eta gertatu zait ikasle bakarra izatea zentro batean. Ibili izan naiz herriz herri, ikasle batekin, birekin edo hirurekin lanean. Zaila da jendea erakartzea, ez dutelako tresna ezagutzen. Eskola batean egon nintzen lehengoan, eta jende gehiago erakartzeko zer eginen nukeen galdetu zidaten.

Eta zer erantzun zenuen?

Gutxi erabiltzen diren tresna horiek ikasleen artean banatu. Musika bandak behar ditu oboeak. Garrantzia eman behar zaio, batez ere. Kontua da hori egitea ez dela erraza. Eskolek ez dute nahi. Iruñetik Tuterara eta bertze hainbat herritara mugitu izan naiz ikasle bakar batengatik. Maite dut irakastea, baina baldintzak ez dira batere onak. Prekaritatea da nagusi.