Kezkak karrikara eraman ditu herritarrak. Elizondon elkarretaratze bat egin zuten asteazkenean, bertako osasun etxeko egoera salatzeko. Herritarrak kezkatuta daude, eta Baztango Udaleko arduradunak eta Elizondoko osasun etxeko kideak ere bai: herrian medikurik gabe geldituko dira gaur, maiatzetik bakarrik aritu denak alde egiten duenean. Altsasura aldatuko da mediku hori, irailaren 26an, baina aurretik oporrak hartuko ditu, eta, ondorioz, Elizondoko kontsulta sendagilerik gabe geldituko da, goizez. Asteazkeneko elkarretaratzea ez da bakarra izanen: bertze bi eginen dituzte irailaren 18an eta 25ean, eta 29an, berriz, manifestazio bat, Baztango Osasun Plataformak deituta. Elizondotarrek konponbide bat nahi dute, lehenbailehen.
Baztango Udalak horixe eskatu dio Nafarroako Gobernuari, hain zuzen: konponbide bat; Elizondoko osasun etxeko zuzendari Xabier Zarandonak ere bai. Oraingoz, baina, erantzun diete «zain» egon bertzerik ezin dutela: lanpostuak egonkortzeko eta profesionalak tokiz aldatzeko Osasunbidearen deialdien bidez, medikuren batek Elizondora joatea erabakitzeko zain dira, hain justu. Baztango alkate Fernando Anbustegik eta Zarandonak bilera egin zuten, irailaren 6an, Osasunbideko Oinarrizko Arretako kudeatzaile Susana Mirandarekin eta Nafarroa Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntzarako eta Laguntzaren Jarraitutasunerako zuzendariorde Ana Puigekin. Zugarramurdin elkartu ziren, eta herri horretako alkate Argitxu Agerrek ere parte hartu zuen. «Elizondora medikuren bat etortzeko aukerak badaudela erran ziguten, baina dena dago airean. Inork ez badu etorri nahi, zer?», galdetu du Anbustegik.
Elizondoko osasun etxeak herri hori baino zabalagoa den eremu bat hartzen du: Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubi, hain zuzen. «Hamasei mediku gara denera», azaldu du Zarandonak. Hamasei postu dira, baina Elizondoko hirurak bete gabe daude orain. «Goizez aritzeko behar diren hirurak dira horiek». Elizondoko osasun etxean goizez kontsultetan aritu beharko luketen medikuekin batera, arratsaldez eta gauez larrialdietako zerbitzua ematen dutenak daude. Sei dira, denera, Elizondoko eta Oronozko larrialdi zerbitzuak betetzeko. Mediku horiek aritu dira Elizondoko zentroko gaixoak artatzen, goizez, maiatzean bi medikuk alde egin eta gero sortutako hutsuneak betetzeko. «Bajak eta oporrak egiteko ordezko medikurik ez da jada; lan poltsa hori desagertu egin da, egun medikuek badutelako lanpostu finko batean aritzeko aukera», erran du Zarandonak.
«Lantaldeko kideok erabaki dugu ez dugula ordu gehiago lan eginen beste kideen oporrak eta bajak betetzeko. Larrialdiak artatuko ditugu»
XABIER ZARANDONA Medikua, Elizondoko osasun etxeko zuzendaria
Maiatzetik bakarrik aritu den medikuaren leku aldatzeak sendagilerik gabe utziko du Elizondoko kontsulta, gainerako sendagileek aparteko ordu gehiago ez egitea adostu baitute orain. «Lantaldeko kideok erabaki dugu ez dugula ordu gehiago lan eginen beste kideen oporrak eta bajak betetzeko. Larrialdiak artatuko ditugu, baina herritarrek ondoko herrietara joan beharko dute kontsultetan arta ditzaten», nabarmendu du Elizondoko osasun etxeko zuzendariak.
Medikuak «erakarri»
Baztango alkateak «eskertu eta txalotu» du osasun etxeko langileen «konpromisoa»: «Haiei esker egin du aurrera osasun etxeak», erran du Anbustegik. Ulertu du, halere, aparteko ordu gehiago ez egiteko hartu duten erabakia, eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari eskatu dio «zerbait» egin dezala, «adabakiak» ez direlako aski. «Ezin dugu medikuren batek Elizondora etortzea erabakitzeko zain gelditu. Gobernuak egin beharko luke zerbait norbait etorriko dela bermatzeko. Landa eremuko postuak erakargarriago bilakatu beharko lituzkete; kontratuen bidez egonkortasuna eskaintzea izan daiteke bide bat, irakaskuntzan egiten den bezala», proposatu du.
«Urrian izanen dugu osasun eremu guztien egoeraren argazkia, egiteko dauden mugimendu guztiak egin eta gero, hain zuzen. Argazki hori dugunean, behar diren neurriak hartuko ditugu. Helburua da, betiere, langileen eskubideak errespetatzea, baina herritarrek osasun arreta jasotzeko duten eskubidearekin talka egin gabe». Horixe ezagutarazi dute Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko iturriek.
Lekualdatzeak irailaren 26an gertatuko dira, eta egun berean hasiko dira formakuntza bukatu duten barruko mediku egoiliarrak lanean. «Mediku horietako guztietako baten batek Elizondora etorri nahi izatea da kontua», berretsi du Baztango alkate Fernando Anbustegik. Kontatu du osasun etxeko kideak barruko mediku egoiliar horietako batzuekin elkartu direla, Elizondora joatea azter dezaten.
Nafarroako eta Baztango Osasun Plataformak abuztuaren 27an Elizondon egindako batzarra, osasun etxeko egoerari buruz. BAZTANGO OSASUN PLATAFORMA
Mediku falta jarri du alkateak erdigunean. Arazo hori badagoela garbi du Nafarroako Osasun Plataformako bozeramaile Lazaro Elizaldek, baina ez du uste bakarra denik. Lehen arretako aurrekontuak gora egin beharko lukeela aipatu du, batetik: «Osasunguntzari berrehun milioi falta zaizkio, eta erdiak oinarrizko arretara bideratu beharko lituzkete». Bertzetik, lehentasuntzat jo du lehen arreta «berrantolatzea», eta dauden baliabideak unean uneko beharretara «egokitzeko» eskatu du, egoerak hobera egin dezan. «Larrialdietan ari diren medikuen lan karga handia ez bada, bidea bila daiteke kontsultetan lan egin dezaten; erizain gehiago kontratatzea ere izan daiteke konponbide bat, ardura gehiago izan dezaten. Halako neurriak aztertzen ahal ditu administrazioak, erabiltzaileei ongi azalduz egin beharreko aldaketak».
Nafarroako Parlamentuak osasungintzari buruzko bilkura monografiko bat egin zuen maiatzean, eta, osoko bilera hartan, Nafarroako Gobernuko osasun kontseilari Fernando Dominguezek ere onartu zuen badela osasun sistema «berrantolatzeko» beharra. Ekainean, Nafarroako Kontuen Ganberak txosten bat argitaratu zuen, osasungintzaren 2018-2023 epeko garapenari buruz, eta nabarmendu zuen orain duela bost urte baino oztopo gehiago dutela herritarrek lehen arretan arta ditzaten.
«Elizondora medikuren bat etortzeko aukerak badaudela erran ziguten, baina dena dago airean. Inork ez badu etorri nahi, zer?»
FERNANDO ANBUSTEGI Baztango alkatea
Nafarroako Osasun Plataformak landa eremuan antzeman ditu arazo nagusiak, Lazaro Elizaldek nabarmendu duenez. Herrialdeko gobernuak sistema berrantolatzeko izan ditzakeen asmoei buruz, ez da hagitz baikor agertu. «Aldaketa txikiren bat egin dute, baina, prestatzen ari diren osasun lege berriaren lehen zirriborroak ikusi eta gero, ez dugu uste egoerak hobera egin dezan balioko duenik», azpimarratu du. Oinarrizko arreta sendotzea «beharrezkoa» dela erantsi du, bai eta prebentzioa lantzea eta osasun heziketa sustatzea ere.
Lehen arretak duen garrantzia nabarmendu du Xabier Zarandonak ere, eta garbi erran du dituenak baino baliabide gehiago behar dituela: «Ospitaleetan gora egin du mediku kopuruak azken urteotan; oinarrizko arretan ez, ordea. Nafarroako Gobernuak erabakitzen du dirua non jarri, eta azken urteotan ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan inbertitu dute, batez ere». Kezkatuta dago Elizondoko egoerarekin. Elizalde ere bai, baina garbi erran du Baztan ez dela arazoak dituen eremu bakarra. Nafarroako Kontuen Ganberak egindako txostenak datu bat eman du: 240 medikuk hartuko dute erretiroa oinarrizko arretan datozen hamar urteotan. Bada oinarria sendotzeko beharra.