Marisolasak

Marisolasak

Aurreko larunbatean Marisolasak Bazterretan jardunaldiaren bosgarren edizioa izan zen, Iruñako Kondestablearenean, edo, EHGAMeko Kepa Yecorari entzun bezala, Marikondestablerenean. EHGAM Nafarroak antolatzen duen jardunaldia da, INAI institutuaren diru laguntzaz, eta hainbat talde eta gizabanakoren kolaborazio eta sostenguarekin. Helburua, izenak iradokitzen duen bezala, solas egitea da, elkarrekin hausnartzea, bazterretan egon ohi diren gai horiek zentrora ekarriz. 

Ondo ulertu iezadazue letra etzana: ez naiz hitz joko bat egiten ari. Gizartea zeharkatzen duten botere egiturek markatzen dute zer den garrantzitsua, zentrala, gehiengoari axola omen diona, eta beste guztia gai bihurtzen da. Adibide pare bat jarriko dizuet: niri, idazle-jardunean pertsonaia LGBTIQak sortzen ditudalako, askotan esan izan didate beti ari naizela gai berdinaz. Horrek kutsatuta (armairuaren biopolitika da hori, garena gordetzeko agindua, Marisolasetan ederki azaldu duten bezala), neuk ere batzuetan, artikuluak idaztean, adibidez, pentsatu izan dut ez ote nukeen beste zerbaitetaz hitz egin beharko. Bigarren adibidea: literatura (beste edozein arte eremuarekin ordezka ezazue) femeninoa. Etiketa hau démodé geratu da, zorionez, baina denbora luzez erabili izan da emakumeek egindakoa bigarren mailakotzat, bazterrekotzat, gaitzat, hartzeko.

Egun, eta feminismoari esker, erraz ulertzen da emakumeok dioguna eta emakume gisa dioguna kontuan hartu beharrekoa dela (nahiz eta praktikan oraindik ez den hainbestetan egiten). Baina gauza bera gertatzen al da LGBTIQ+ pertsonok diogunarekin? Edo gurea gure gaia da? Ez al daukagu besteoi ezer esaterik? 

Kepa Yekorak eta Oskar Sada EHGAMeko kideak esana da Marisolasak formakuntzarako esparru bat direla, ez soilik kolektiboari, jendarte osoari irekia. Izan ere, zisheteroaraua denoi eragiten digun zapalkuntza sistema da. Kuir unibertsitate herrikoia deitu izan diote jardunaldiari. Kuir eta herrikoia. Uste dut bi hitz horien uztarketak ezin hobeto azaltzen duela zein den asmoa.

‘Kuir unibertsitate herrikoia’ deitu izan diote jardunaldiari. Kuir eta herrikoia. Uste dut bi hitz horien uztarketak ezin hobeto azaltzen duela zein den asmoa.

Hori dena buruan nuela, neu ere aritu nintzen jardunaldiaren berri ematen, sare sozialetan. Erraza da zabalkunde irekia egitea, baina pauso bat haratago eman eta batzuei gonbidapen zuzena egin nien. Nori, ordea? Hor zegoen muga berriz ere, autozentsuratzeko tentazioa, heteroei molestatzeko beldurra. Izan ere, heteroak molestatzen dira, ez denak, not all heteroak, baina batzuk deseroso sentitzen dira horrelako gonbidapen bat jasotzean.

Idazteko orduan bezala, oraingoan ere, ikasitako beldurrari aurre egin eta auzokide bati eta lankide bati parte hartzeko gonbita egin nien, bi adibide jartze aldera. Kasu batean, dezepzioa jaso nuen bueltan; bestean, aldiz, konplizitatea. Biekin, baina, elkarrizketa interesgarriak suertatu ziren.

Armairua, aurtengo edizioaren gaia, ezagutzen dugunok asko dakigu isiltasunaren legeaz, baina baita hura apurtzeko estrategiez ere. Interesa edukiz gero, grabazioak topa ditzakezue EHGAM Nafarroaren Youtubeko kanalean. Bada zer ikasi.