Beteluko Araxes eskola publikoko gurasoek jangelako prezioak murrizteko eskatu dute. Ekainean, Nafarroako Gobernuak ohar bat argitaratu zuen jakinaraziz jangeletako diru laguntzak handituko zituela menu bakoitzeko euro bat gehiago emanez. 4,25 euroko laguntza eman zuen iaz, eta 5,20koa eman du ikasturte honetan. Hala ere, diru laguntza horiek 1.500 biztanletik gorako herriei eragiten die soilik, eta Betelu ez da talde horretan sartzen.
Beteluko eskolan bertan desberdintasunak daude familiek jangelako zerbitzuagatik ordaindu behar dutenari dagokionez. Bi talde bereizten dira: Betelun bizi direnak eta beste herrietatik hara joan direnak. Bigarren kasuan, autobus zerbitzua dute, eta jangelarako diru laguntza ere jasotzen dute. Haiek egun bakoitzeko eta ume bakoitzeko bi euro ordaindu behar dituzte. Beteluko familiek, berriz, 11 euro inguru ordaindu behar dituzte. Hezkuntza Sailak laguntza bat ematen dio Beteluko Udalari, jangelako gastua murrizteko. Dena den, jatorrizko preziotik —13,12 euro— bi euro besterik ez da merkatzen.
Prezioek gora
«Garai batean diferentzia ez zen horren handia, baina azken urteetan Beteluko familiek gero eta gehiago ordaindu behar dute», adierazi du Nerea Martiarenak, Araxes eskolako ama batek. Martiarenak bi euro baino ez ditu ordaindu behar, haren semea Araitz ibarretik doalako. «Nik hamar euro ordainduko ditut astean, eta beste familia batzuek egun bakar batean hori bera ordainduko dute. Aldea ikaragarria da», esan du. Publikotasunaren izaera nabarmendu du. Are harrigarriagoa dela iruditzen zaio eskola publiko batean prezio horiek ordaindu behar izatea.
«Nahiz eta kontratuak egin enpresa desberdinekin, publikotasuna benetan defendatzen bada, Nafarroa osoko eskoletan prezio bera ordaindu beharko litzateke»
NEREA MARTIARENA Beteluko Araxes eskolako ama
Martiarenak esan du arazo nagusia dela Hezkuntzak leku bakoitzean prezio desberdinak ezartzen dituela. «Nahiz eta kontratuak egin enpresa desberdinekin, publikotasuna benetan defendatzen bada, Nafarroa osoko eskoletan prezio bera ordaindu beharko litzateke». Haren ustetan, eskola bakoitza unean dituen beharren alde borrokatzen da, eta, ondorioz, ez dira indarrak metatzen. Izan ere, herri bakoitzeko izaera eta egoeraren arabera, prezioak eta diru laguntzak aldatzen dira. Despopulatze arriskuan dauden herriek diru kopuru jakin bat jasotzen dute, eta 1.500 biztanletik gorakoek, beste diru kopuru bat. Martiarenak azaldu du Betelu «linbo» batean dagoela. «Ez dute hartzen despopulatze arriskuan dagoen herri gisa, baina ez dauzka 1.500 biztanle baino gehiago. Gainera, oso familia gutxi gara, eta kasu urria egiten digute».
Familia askok jangela ezinbestekoa dute kontziliaziorako. Prezioek etengabe gora egiten zutela ikusita, etxetik bazkaria tuperrean eramatea planteatu zuten familia batzuek. «Ideia bat izan zen, baina baztertu egin genuen. Desberdintasun handiak sorraraziko lituzke haurren artean». Martiarenak esan du Hezkuntza Sailak entzungor egiten diela. «Esaten du Beteluko Udalak diru laguntza bat baduela, baina argi dago ez dela nahikoa».
Gurasoek salatu dute azken urteetan prezioek gora egin dutela baina jangelaren zerbitzuak nabarmen egin duela okerrera. Kalitateak behera egin du. Izan ere, produktuak Betelun bertan erosten ziren lehen. Bi jogurt enpresa daude, harategia eta okindegia. Elikagai horiek bertan erosten zituzten, baina, poliki-poliki, joera hori galduz joan da. Gaur egun, ogia ere kanpotik eraman dute.
Behin-behineko neurri gisa, eta, gastuei aurre egin ahal izateko, eskolak duen diru poltsa erabiltzen ari dira. Baina badakite poltsa hori mugatua dela. Argi dute ikasturte honetan ez dela aldaketarik egongo, baina espero dute datorrenari begira euren jantoki propioa sortzeko aukera izatea. Publikotasunaren alde egin du Martiarenak: «Dekretu berriak dio kontziliazioaren eta emakumea lan munduan sartzearen alde egiten duela, baina errealitatea oso bestelakoa da. Lege horiek baztertu egiten gaituztela sentitzen dugu».