Koldo Martinez (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1953) medikua da, baina politikaren esparruan aritu da buru-belarri azken bederatzi urteotan; parlamentari izan da Nafarroan, senatari Madrilen, eta, joan den astera arte, Geroa Bairen zinegotzi Iruñean. Prostatako minbizia duela erran zuen martxoan, eta politika uztea erabaki du orain.
Zer moduz zaude?
Ongi nago. Minbizia dut eta nekatu egiten naiz, baina ongi nago. Tratamenduarekin segitzen dut, eta horrek asko nekatzen nau.
Joan den astekoa izan zenuen Iruñeko azken udal osoko bilkura. Nolakoa izan zen agur errateko une hori?
Oso eskertua nago Joseba Asiron alkateak osoko bilkurako azken hitzak esateko aukera eman zidalako. Agur esaten duzunean egin beharrekoa egin nuen: barkamena eskatu egindako hutsengatik, eta eskerrak eman. Eskerrak eman nizkien zinegotzi guztiei, udaleko langile guztiei, nire taldekoei, eta, noski, botoa Geroa Bairi eman diotenei.
Zaila izan da uzteko erabakia hartzea?
71 urte ditut, eta garbi nuen alde batera egiteko unea iristear zela. Minbizia nuela jakin eta gero, martxoan ebakuntza egin zidaten, eta ondoren tratamendua hartu beharko nuela esan zidaten. Orduan hartu nuen uzteko erabakia, baina gogorra izan da uzteko egun bat zehaztea; udalean beti bada zerbait egiteko.
«Minbizia nuela jakin eta gero, martxoan ebakuntza egin zidaten, eta ondoren tratamendua hartu beharko nuela esan zidaten. Orduan hartu nuen uzteko erabakia»
Bukatu gabeko lanen bat gelditu zaizu?
Egia esan, ez. Baina pena eman dit udala utzi izanak pilotaren interpretazio zentroa egiteko proiektua bukatu baino lehen, adibidez.
18 urterekin hasi zinen politikan. Zerk erakarrita?
17 urterekin AEBetara joan nintzen urtebetez; han demokrazia eta askatasuna aurkitu nituen. Jose Antonio Urionabarrenetxea gure aitona faxistek hil zuten. Gutun bat utzi zuen; umetan irakurri nuen, eta sakon ukitu ninduen. Horrek bilakatu ninduen abertzale. Horrek guztiak eraman ninduen politikara.
1991n Euskadiko Ezkerrarekin aurkeztu zinen Iruñeko Udalerako hauteskundeetara; orain, Geroa Bairekin izan zara hiriburuko zinegotzi. 1991tik, gauza asko gertatu dira.
Eta 1991 baino lehen ere bai! 18 urterekin EHASen hasi nintzen, gero HASIn aritu nintzen… Aldaketa asko gertatu dira 53 urtean gure gizartean, Nafarroan; noski, ni ere aldatuz joan naiz, zorionez.
Ona da aldatzea?
Bai, bai. Ona da, eta logikoa. Denborak eta adinak aldaketak ekartzen dituzte.
Gizartean gertatu diren aldaketen artean, zer nabarmenduko zenuke?
Nik uste dut bi gauza oso positibo gertatu direla. Batetik, ETAren desagertzea. Hori oso garrantzitsua izan da. Halere, mamua oraindik hor dago. Ez dut ulertzen duela 85 urte gertatu zenarekin arduratuta agertzen diren horiek nola diren gai duela hamabost edo hogei urte jazo zena gertatu izan ez balitz bezala jokatzeko. Ona da memoria lantzea, noski, baina berriki gertatu dena ezin da bazter utzi. Onartezina da.
EH Bilduz ari zara?
EH Bilduz eta EH Bilduri botoa eman diotenen askori buruz. Joseba Asironi esan nion ezin nuela ulertu UPNk Tomas Caballeroren hilketaren urteurrenaren harira aurkeztutako mozioaren alde egin ez izana. Abstenitu egin ziren.
Koldo Martinez Geroa Baiko Iruñeko Udaleko zinegotzi ohia, astelehenean, Iruñeko Iturrama auzoko kafetegi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Bi gauza positibo gertatu direla erran duzu. Zein da bertzea?
2015ean gertatu zena. Geroa Baik lortu zuen, EH Bildurekin eta Ahal Dugurekin batera, alderdi sozialistaren eta UPNren artean Nafarroako historia politikoan egondako ezkontza haustea. Nafarroaren onerako, badirudi bikote hori berriz elkartzeko aukerarik ez dagoela orain.
2015eko aldaketarekin hasi zen politikaren arloko zure azken etapa, hain zuzen.
Lehen lerroan bizi izan ditut azken urteotako gertaera horiek, eta pozgarria da, sentitzen baitut egindako lanak balio izan duela.
Iruñeko Udalean ere bai?
Azken udal hauteskundeak egin eta gero, ikusirik alderdi sozialistak ez zuela Asiron alkate eginen, nik esan nuen aurrerapauso bat eman behar genuela denok, Iruñeak merezi zuen alkate aurrerakoia izan zezan. Askok interpretatu zuten neure burua aurkezten nuela, eta ez zen hola. Zoritxarrez, sei hilabetez Cristina Ibarrola izen genuen alkate. Pena eman zidan EH Bilduren eta PSNren arteko udaleko akordioa ekainean lortu ez izanak.
Egoen mundu bat da politikarena?
Bai, politikarena ego askoren arteko borroka leku bat da, baina gauza bera gertatzen da kazetarien, medikuen, zinemagileen eta artisten munduan ere.
«Pena eman zidan EH Bilduren eta PSNren arteko Iruñeko Udalerako akordioa ekainean lortu ez izanak»
Medikuntza aipatu duzu. Nafarroako parlamentari izateko utzi zenuen. Zer eman dizu bide horrek?
Zainketa intentsiboetako unitatean lan egitea gauza berezia eta gogorra izan da. Lan horrek eman dit aukera gizakion zaurgarritasuna zer den ezagutzeko. Beti esan dut politika eta medikuntza antzekoak direla: medikua pertsona baten osasunaz eta ongizateaz arduratzen da, eta politikaria, herrialde osoarenaz.
Zein da Nafarroaren osasunari buruzko zure diagnosia?
Duela urte batzuk baino osasuntsuago dago. Euskararen aldetik ere aurrerapauso bat eman dela uste dut. ETAren borrokak asko egin zuen euskararen kontra. Eskuinak ere badu ardura bat, noski. Eskuinak saltzen du euskara erabiltzen dugula Espainiaren aurka egiteko, eta PSNko kide batzuek ere diskurtso hori dute.
Politika utzi eta gero, zer?
Musika entzun, irakurri… Medikuntzan bioetikaren esparruan egin izan dut lan, eta arlo horretan pozik eginen nuke zerbait, berriz ere.