Jendaurrean agertzeko egindako urratsak lotu ditu Maria Elena Escudero (Iruñea, 1968) eta Maria Angeles Andres (Iruñea, 1968): LAB sindikatuaren Iruñeko egoitzan egin zuten bat, urriaren 1ean, euren egoeraren berri emateko. Garbitzaileak dira biak, eta biei ukatu diete ezintasun iraunkorra, mugitzeko zailtasunak eta hainbat osasun arazo izan arren. Escuderok aulki gurpilduna behar du mugitzeko; Andresek, berriz, taka-taka bat. Halere, Gizarte Segurantzak «lanerako gaitzat» jo ditu biak. «Aski dela» erantzun dute haiek, eta minak jota lanik ez egiteko eskubidea badutela. %49ko desgaitasuna onartua du Escuderok; Andresek, %56koa.
«Abandonatuta; halaxe sentitu naiz; gaizki tratatu nautela sentitzen dut», erran du Escuderok. Urriaren 1eko agerraldia egin eta gero, okerrera egin duela azaldu du. Urriaren 2an itzuli behar zuen lanera, eta LABek elkarretaratze bat antolatu zuen Iruñeko Mendillorri auzoko Mendigoiti eskolaren aurrean, langilea bere lanpostura laguntzeko. Escuderok zentro hori eta ondoan dagoen El Lago ikastetxea garbitzen egiten du lan. 17:00etan hasten zen haren lanaldia, eta ordu laurden bat lehenago deitu zuten protestara. Bertan behera utzi zuten, azkenean, enpresak langileari ezagutarazi ziolako «paperen bat» falta zutela, eta, ondorioz, ez zuelako lanera joan beharko.
Maria Elena Escudero, aulki gurpilduna behar duen langilea. Lanera joanarazi zuten urriaren 3an. Irudian, egun hartan egindako protesta, Iruñeko Mendillorriko Mendigoiti ikastetxeko atarian. IÑIGO URIZ / FOKU
«Urriaren 2an ez, baina 3an joanarazi ninduten. Uste dut protesta saihestu nahi izan zuela enpresak, baina biharamunean ere sindikatuak elkarretaratzera deitu zuen. LABeko ordezkariek ez ninduten bakarrik utzi, eta eskolara lagundu ninduten». Aulki gurpildunean sartu zen Escudero ikastetxera, ezin baitu mugitu, bertzela. «Hagitz gogorra izan zen dena», oroitu du. Langileak, sindikatuko kideek eta enpresak Escuderok eszedentzia bat hartzeko aukera negoziatu zuten, eta, azkenean, baiezkoa eman zioten: datorren urtarrilaren 7ra arte utzi du lana. Bitartean, ez ditu soldata eta langabezia kobratuko.
Escuderok «lasaitua» hartu du «oraingoz» lanera joan behar ez duela jakin eta gero. Halere, garbi erran du eszedentziak ez duela arazoa konpontzen. Izan ere, haren osasun egoerak ez du hobera eginen. Pandemiarekin batera hasi ziren Escuderoren osasun arazoak. «2020ko urtarrilean gripeak jota egon nintzen. Kontua zen hilabete bat, bi eta hiru pasatuta, ez nuela hobera egiten. Minak jota nintzen. Familia medikuak barne medikuntzara bideratu ninduen, eta han erran zidaten infekzio bat izan nuela, eta prozesu horrek eragin zidala orain dudan neke kronikoa».
Neke kronikoarena ez da Escuderok jaso duen diagnosi bakarra; fibromialgia eta mugimenduaren nahasmendu funtzionala ere baditu. Azken gaitz horrek haren hankei eragin die, hain zuzen. «Eritasun kronikoak dira, eta ez dute tratamendurik». Gainera, medikuz mediku segitzen du, hainbat eritasun autoimmunerekin lotura izan ditzaketen antigorputzak aurkitu baitizkiote. Gaitz horien guztien zama pisua da Escuderorentzat. «Lau urtean, denak egin du okerrera. Hasieran taka-taka behar nuen mugitzeko, eta orain, aulkia. Denbora anitz ematen dut ohean, oinazeak jota. Ez naiz deus egiteko gai».
Elkar ulertu
«Ez nago batere ongi». Horixe nabarmendu du Maria Elena Escuderok. Eskertu du eszedentzia hartzeko aukera, baina urtarrilaren 7aren ondokoek «anitz» kezkatzen dutela aitortu du. Garbi du Gizarte Segurantza dela bere egoeraren erantzule nagusia, erakunde horrek ukatu baitio ezintasun iraunkorra. Gaixo agiria hartzeko ere «hamaika arazo» izan ditu, bere gaitzen inguruko diagnosiak eta txostenak aurkeztu arren. «Legeak ezartzen du 180 egun pasatu behar direla gaitz beragatik gaixo agiria bigarrenez eskatu ahal izateko; urtarrilaren 7an gaixo agiria eskatzeko aukera izanen dudala espero dut», zehaztu du. Gero, apirilean, ezintasun iraunkorra berriz eskatzeko epaiketa izanen du Escuderok.
«Lau urtean, denak egin du okerrera. Hasieran taka-taka behar nuen mugitzeko, eta orain, aulkia. Denbora anitz ematen dut ohean, oinazeak jota»
MARIA ELENA ESCUDERO Iruñeko Mendigoti ikastetxeko garbitzailea
Hark biziki eskertu du LABeko kideen babesa, eta, batez ere, Maria Angeles Andresena. Sindikatuaren bidez izan dute bi emakumeek elkar ezagutzeko aukera, berriki, eta «aspaldiko lagunak» direla sentitzen dute. Elkar ulertzen dute, batek ezagunak dituelako bertzearen mina eta ezintasuna. «Sindikatuko kideek erran zidaten Maria Angeles taka-takarekin ari zela lanean, eta horrek bihotzean mina eman zidan. Ezin dugu horrelakorik onartu».
Andres urte eta erdiz egon da bajan; irailaren 16an itzuli behar izan zuen lanera, eta geroztik taka-takarekin aritu da beharrean, joan den astera arte. Urriaren 10ean, lanean erori egin zen, eta larrialdietan artatu behar izan zuten. «Mutualitateak dio ez dela lan istripu bat», azaldu du Andresek. Iruñeko Arrotxapeko Patxi Larrainzar ikastetxeko garbitzailea da, 2016tik. «16 urterekin hasi nintzen lanean; lehenik, atariak eta etxebizitzak garbitzen, eta gero, pertsona zaharrak zaintzen. Nahiko nuke lanean segitzeko moduan egon, baina ezin dut. Lanetik atera eta ohean sartu behar dut», erran du Andresek.
Urriaren 10eko erorikoak ez dio kendu bere egoera jendaurrean salatu izanak emandako indarra; Escudero «eskutik heltzeko» prest da, eta borrokan segitzeko gogoz. «Harro sentituko naiz gure egoera berean dagoen norbait laguntzea lortzen badugu». Indartsu sentitzen da Andres, baina horrek ez du azken zazpi urteotako bidea arintzen: «Azken zazpi urteak eman ditut borrokan; nire osasun egoerak okerrera egin du urtetik urtera, eta, halere, ezintasuna lortzeko borrokan segitu behar dut. Ezintasuna eman edo ez erabakitzen duten medikuak ikusi nahiko nituzke nire egoeran, eta lanean».
Andresen osasun arazoak goiz hasi ziren. «Sei hilabeterekin jaio nintzen; hiru kilo laurdeneko pisua nuen. 6 urterekin, haurtzaroko erreuma izan nuen, eta 14rekin, gaztaroko artrosia». 27 urterekin jaso zuen bertze diagnosi bat: fibromialgia. Ez zen azkena izan: lau hernia diskal ditu, eta kanaleko estenosia. Gaitz horiek guztiek eragin dizkiote Andresi mugitzeko dituen zailtasunak. Garbi du, Escuderok bezala, aulki gurpilduna erabili beharko duela, azkenean. «Oinazea da okerrena; egun batzuetan ez naiz ohetik altxatzeko gai ere».
Maria Angeles Andres, Iruñeko Patxi Larrainzar ikastetxeko garbitzailea, astelehenean, Iruñean, etxe ondoko banku batean. NAFARROAKO HITZA
Escuderok eta Andresek «justizia» nahi dutela nabarmendu dute. «Eta lortu arte ez dut etsiko», azpimarratu du Andresek. Astean bitan hartzen ditu udaletxeko langileak etxean, dutxa hartzen laguntzeko. Halere, lanerako gai dela dio Gizarte Segurantzak. «Hasieran makuluekin joaten nintzen lanera; baina makuluek jota utzi zizkidaten sorbaldak. Taka-takarekin hasi nintzen gero. Ikastetxeko irakasleak ere harrituta gelditzen ziren ikusten nindutenean», kontatu du. LABeko kideen babesa jaso du Andresek, bai eta Patxi Larrainzar ikastetxeko kideena eta gurasoena ere. Jendaurrean agertu eta gero, enpresak haren lan karga «pixka bat» arindu du. «Jada ez ditut eskailerak garbitu behar. Beldur handia pasatzen nuen eskailerak garbitzen», zehaztu du.
LABen salaketa
Urriaren 10eko erorikoak ere «beldurtu» egin duela erantsi du Maria Angeles Andresek. «Bigarren aldia da orkatilak huts egiten didala. Medikuak erran zidan orkatileko babesari esker ez nuela hezur bat hautsi». Bizkarrezurrean ebakuntza bat egin edo ez erabaki beharko du laster. «Medikuak erran dit oinazea ez zaidala kenduko». Bost aldiz egin dizkiote blokeoak bizkarrean, baina ez du sumatu egoerak hobera egin duenik: «Kontua da blokeoa egin eta lanera joan behar izan dudala; atseden hartzeko aukerarik gabe, blokeoak ez du mina arintzen».
«Ezintasuna eman edo ez erabakitzen duten medikuak ikusi nahiko nituzke nire egoeran, eta lanean»
MARIA ANGELES ANDRES Iruñeko Patxi Larrainzar ikastetxeko langilea
Eta minak baldintzatzen du Andresen egunerokoa; bai eta Escuderorena ere. Hamaika aldiz erran dute nahiko luketela lan egiteko moduan egon; nahiko luketela dituzten gaitzak ez izan; nahiko luketela minik ez sentitu. Oinazeak jota daudela berretsi dute, ordea, eta ezin dutela lanik egin. «Gizarte Segurantzak kontrakoa erran arren».
Langileek bezala, LAB sindikatuko kideek ere salatu dute Andresi eta Escuderori ezintasun iraunkorra ukatu izana. Gizarte Segurantzaren ardura jarri dute erdigunean, bai eta enpresena ere. «Erakundeon jokabidea gizagabea eta lotsagarria izan da», erran du LABeko bozeramaile Imanol Karrerak. Langileek lan osasunerako eskubidea dutela nabarmendu du.
Andresek irailean jaso zuen Gizarte Segurantzaren azken ezezkoa, eta erabaki horren kontra eginen duela iragarri du. Escuderok apirilaren 2an izanen du hurrengo epaiketa. Nekatuta daudela erran dute, baina ez dutela etsiko. «Justizia egin arte».