Artea, aniztasuna eta kultura. Horiek dira Aniztasunaren Aldeko Kulturarteko Jaialdiaren aurtengo bigarren aldiko oinarriak. Fenix elkartek antolaturiko jaialdiak horiek sustatzea du helburu. «Zentzu guztietan zabaldu nahi dugu aniztasuna: maila sexualean, identitarioan, funtzionalean eta kulturalean. Denok elkar errespetatzeko espazio bat sortu nahi dugu», azaldu du Jared Andino Fenix elkarteko kideak. Gaur eginen dute, Iruñeko Geltokin, 19:00etatik gauerdira arte.
LGTBI kolektiboko migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen alde borrokatzen da Fenix. Andinok adierazi du denborak aurrera egin ahala «transbertsalago» bilakatu dela, eta bestelako beharrak dituzten pertsonentzako elkarte bat ere badela: «Jaialdiarekin, oraindik ezagutzen ez gaituen jendearengana iritsi nahi dugu». Horretarako, doako egitarau zabala antolatu dute: «Egoera zaurgarrian edo bazterketa egoeran dauden pertsonentzako eta horrelako gauza kulturaletan parte hartzeko baliabideak ez dituztenentzako espazio bat izatea nahi dugu. Denontzako segurua, atsegina, irisgarria eta erosoa den espazio bat».
«Gauza kulturaletan parte hartzeko baliabideak ez dituztenentzako espazio bat izatea nahi dugu»
JARED ANDINO Fenix elkarteko kidea
La Farruka batukada taldearen erritmoak gidatuta abiatuko da jaialdia. Taldeak hamabi urte daramatza Iruñeko kaleak musika afro-brasildarraz blaitzen. Exia Vermut drag artistak aurkeztuko du Aniztasunaren Aldeko Kulturarteko Jaialdia, eta DJ’s Kabia taldeak amaituko du besta. Horrez gain, kultura eta herrialde askotako dantza herrikoiez, musikaz eta ikuskizunez gozatzeko aukera egonen da. Parte hartuko duten artista guztiak Nafarroan sortu edo bertan bizi dira, «tokiko talentua» sustatu nahi baitute: «Ez da beharrezkoa kanpoan bilatzea; Nafarroan talentudun artista ugari daude».
Sentsibilizazioa landu
Ongi pasatzeko egun bat izateaz aparte, sentsibilizatzeko eta informatzeko aukera izatea ere nahi dute. Horretarako, elkartearen inguruko mahai informatibo bat jarriko dute. Bertan, Fenixek eskaintzen dituen laguntzen inguruko informazioa eskuratzeko eta boluntario egiteko aukera egonen da. Arlo askotan jarduten dute; hala nola asiloa behar duten pertsona migratzaile eta errefuxiatuen alde borrokatzen dira, hitzaldiak eta sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte, etxebizitza eta lana aurkitzeko laguntza eskaintzen dute, eta hitzarmen bat daukate Nafarroako Elikagai Bankuarekin.
Fenix elkarteak aniztasunaren alde iaz antolatutako jaialdia, Iruñean. FENIX
Horrekin batera, LGTBIAQ+ kolektiboko pertsona etorkinek edo errefuxiatuek bizi dituzten zapalkuntzak mahaigaineratu nahi dituzte. «Egun, herrialde batzuetan heriotza zigorra dago LGTBI kolektiboko kideentzat. Horrek eta beste gauza batzuek eragiten dute jendeak euren herrialdeetatik ihes egin behar izatea». Hori ihes egiteko arrazoietako bat da, baina beste asko daude, ekitaldiaren antolatzaileen esanetan.