Memoria gordetzen duten irudiak

Memoria gordetzen duten irudiak

«Herri guztietan egin beharko litzateke». Rosa Errandonea beratarrarenak dira hitzak; Berako memoria bizi bilakatu da Errandonea, Jose Antonio Totono nebarekin batera. Bizitza osoa eman dute biek herri horretako argazki zaharrak biltzen, eta herriko bestak, ohiturak eta egunerokoa dokumentatzen. Beratarrak liburua da elkarrekin ondu duten azken lana. Altzate karrikako euren etxea karpetaz eta agiriz betea dute, eta etxez etxeko historia, apalategietan jasoa. «Herri guztiek egin beharko lukete euren memoria jasotzeko lana», berretsi du Rosa Errandoneak.

Bortzirietako bertze herri batean ere hasi dira horretan: Lesakan. Herriko argazki zaharren artxiboa sortu du udalak —Lesaka.artxiboa.eus—, ondarea gorde eta zabaltzeko. Mila argazki inguru jaso dituzte jada, eta haietako 150 inguru Harriondoa kultur etxean zintzilikatu, erakusketa batean; bihartik azaroaren 10era bitarte egonen da ikusgai.

Lesakako komentua, udalak martxan jarritako artxiboan jasotako argazki zaharretako batean. LESAKAKO UDALA

Errandonea anai-arreben hirugarren liburua da Beratarrak; urriaren 25ean aurkeztu zuten, Beran. Aitzinetik, Bera, herri bat unez une eta Bera, baserriz baserri kaleratu zituzten. «Laugarren libururako proiektua martxan dugu jada; bertze hainbat egiteko adina material badugu!», erran du Rosa Errandoneak. Ordenagailuaren pantailari so, Beratarrak izenburuko lanean jasotako 432 argazkietako batzuk ekarri ditu gogora. «Argazkiok herri bateko kronika dira; herritarren egunerokoa, irudietan bildua», azaldu du. Hamar atal zehaztu dituzte egileek, beratarrak lanean, inauterietan, ezkontzetan, antzerkian, txangoetan, elizkizunetan, bestetan, eskolan, jaunartzeetan eta familiartean ezagutzeko.

«Herritarren laguntza ezinbertzekoa da guretzat; anitzek ekarri dizkigute etxean gordeak zituzten argazkiak». Argazkiok eskaneatu, eta haien inguruko informazio ahalik eta osoena jasotzea hartu dute helburu Errandonea anai-arrebek. Ondare horren «gordailu» izan nahi dute, baina, betiere, ezagutzera emateko eta zabaltzeko asmoz. «Larhun mendiaren inguruko hitzaldi bat egin zuten lehengoan, Beran; guk ditugun argazkiak utzi genizkien, informazioa osatzeko. Hori da kontua, argazkiak erabiltzea eta zabaltzea, ondarea ez baita etxean gordea edukitzeko», aipatu du Totono Errandoneak.

Rosa eta Totono Errandonearen ‘Beratarrak’ liburuaren azaleko argazkia. Ezkondu aitzineko agur besta batekoa da. BERATARRAK

Erabiltzeko eta zabaltzeko asmoarekin ondu dituzte Errandonea anai-arrebek orain arte kaleratu dituzten hiru liburuak, hain zuzen. «Etxean dugun artxiboa gordetzeko modu bat ere badira. Noizbait gure etxean zerbait gertatuko balitz, guk jasotako ondare horren bilduma batzuk, behintzat, paperean geldituko lirateke betiko. Hitz egin izan dugu [Aitor Elexpuru] Berako alkatearekin gure artxibo osoa digitalizatzeko aukeraz, baina hagitz zaila da, lan hagitz handia», zehaztu du Totono Errandoneak.

Artxibo ireki bat

Izaskun Rodriguezek badaki zer den aspaldi etxean gordetako ondare hori galtzea. «Uholde batzuetan galdu nituen aitona-amonen argazki zaharrak; pena handia hartu nuen», kontatu du Rodriguezek, Lesakako Udaleko zinegotziak. Buru-belarri aritu da azken urtean herriko argazki zaharren artxiboa sortzeko lan egiten. «Duela pare bat urte hasi ginen ideia hori mamitzen. Herrian bazen argazki zaharrak gordetzen zituen jendea, eta haiek bultzatuta hasi ginen zerbait egiteko aukera zehazten». Lauzpabost pertsonak bat egin dute udalarekin bide horretan urratsak egiteko, eta denen artean abiarazi dute Lesaka.artxiboa.eus webgunea, jasotako argazkien berri emateko eta halako gehiago biltzeko.

Lesakako Udalak sortu berri duen artxiboan jasotako argazkietako bat. Herriko karrikak ageri dira. LESAKAKO UDALA

«Artxibo ireki bat egin nahi izan dugu», aipatu du Rodriguezek. Argazkiak kontsultatu eta erabili ahal izanen dituzte herritarrek —betiere, helburu komertzialik ez bada tartean—, eta, gainera, argazkiak jarri ahal izanen dituzte artxibo horretan, webgunean gordeta gera daitezen. Rodriguezek azaldu du artxiboa osatzeko lanean aritu den boluntario taldearen ardura izanen dela herritarrek jarritako irudiak kudeatzea.

Lesakako Udalak, hain zuzen, irizpide batzuk zehaztu ditu argazkiak artxiboan gorde ahal izateko: 1970eko hamarkadara arteko argazkiak eskatu dituzte. «Uste dugu hamarkada horretatik aurrerako memoria jasoa dagoela, neurri batean; badela materiala. 1970eko hamarkadara arteko memoria lantzea zailagoa da, ordea; ez dago hainbertze argazki, eta daudenak jaso nahi ditugu», erran du Izaskun Rodriguezek.

Martxan jarri zirenetik, mila argazki inguru jaso dituzte Lesakako artxiboko arduradunek. Irudi horiek askotarikoak direla nabarmendu du Rodriguezek, eta erakusten dituztela herriko lanbideak, bestak, etxeak, paisaiak eta bertze. «Oraingoz, jaso ditugun argazkien artean 1908ko bilduma bat da zaharrena», kontatu du zinegotziak.

Behiak Lesakako plazan, udalak sortu berri duen artxiboko argazkietako batean. LESAKAKO UDALA

Erakusketaren bidez, udalaren asmoa da orain arte egindako lanaren berri ematea herritarrei. Gainera, lesakarrak animatu nahi dituzte etxean gordeak dituzten argazkiak bilatzera, artxiboan jar ditzaten. Erakusketak iraunen duen bitartean, udalak Harriondoa kultur etxera eramanen du eskanerra, lesakarrek argazkiak harat eramateko eta eskanerretik pasatzeko aukera izan dezaten.

Erakusketa prestatu eta gero, Lesakako Udaleko arduradunek ez dute baztertu orain arte jasotako argazkiekin eta aurrerantzean jasoko dituztenekin libururen bat kaleratzeko aukera. «Hasieran ez genuen halakorik egiteko asmorik, baina argazkiak biltzen hasi eta gero, ondare horri balioa emateko modu bat izan daitekeela pentsatu dugu. Ez dugu proiektu zehatzik oraingoz, baina ez dugu aukera hori baztertu nahi», erran du Izaskun Rodriguezek.

Auzolanean

«Herritarren parte hartzea eskertu behar dugu: auzolanean aritu diren boluntarioena eta argazkiak utzi dizkigutenena. Jendeak proiektuarekin bat egitea behar dugu, artxiboa handituz joateko». Horixe nabarmendu du Lesakako zinegotziak. Berako Errandonea anai-arrebek ere aipatu dute auzolanak «garrantzi handia» duela, eta inoiz ez direla bakarrik sentitu beratarren memoria jasotzeko bidean. Herritarren laguntza izan dutela garbi erran dute, eta jaso dutela, gainera, haien aitortza eta eskertza. «Udalarena ere bai; guk egin dugun lanari balioa eman diote, eta hori eskertzekoa da», azpimarratu du Rosa Errandoneak.

Rosa eta Totono Errandonearen ‘Beratarrak’ liburuko argazki bat. Herriko hainbat emakume ageri dira, Berako apaizarekin Okzitaniako Lourdesera egindako bidaia batean, 1926an. BERATARRAK

Maistra bat 1940ko argazki batean; 1964ko inauteriak; 1912ko ezkontza bat, eta 1952ko bertze bat. «Azken horretan, emaztegaia zuriz jantzia ageri da, herrian lehendabiziko aldiz», aipatu du Rosa Errandoneak. Gisa horretako xehetasunak bilatu dituzte Errandonea anai-arrebek argazkien bidez beratarrei buruz kontatu duten historian. Herritarren irudien bidez, herriko etxeen, karriken eta ohituren historia ere harilkatu dute, beratarren esku jartzeko.

Lanean segitzeko prest dira Rosa eta Totono Errandonea, eta Lesakako Udaleko arduradunek ere urratsak egiten segitu nahi dute herriko memoria jasotzeko bidean. Batzuek eta bertzeek auzolanera deitu dituzte beratarrak eta lesakarrak, memoria gordetzen duten irudiak biltzen jarraitzeko.