Lorcaren poemetatik Sarasatera

Lorcaren poemetatik Sarasatera

Urratsez urrats egindako bidea. Horixe ikusten dute Ekhi eta Urko Ocaña anaiek (Iruñea, 1978 eta 1984), begirada atzera botatzen dutenean. Zorongo musika taldeko kideak dira, Maria Etxeberriarekin, Edurne Aizpunekin, Jose Luis Gomez Koki-rekin, Antonio Garderekin eta Keko Galindorekin batera. Taldeak flamenkoa du oinarri, baina atea zabalik izan du, hasieratik, bertze hainbat doinuri toki bat emateko. Musikak solasean jartzeko gogo eta interes horren emaitza da Zorongok bihar 19:00etan Iruñeko Baluarten eskainiko duen kontzertua : Sarasate Flamenco Snfóniko izenburuko emanaldi bereziarekin, taldearen 25. urteurrena ospatuko du.

Urko eta Ekhi Ocañak jarri zuten, duela mende laurden bat, Zorongo izanen zenaren lehen harria. Anaiek etxean ikasi zuten kulturak balio handia duela, Paco Ocaña aitaren eskutik. 1998an, hark antolatutako musika, dantza eta poesia ikuskizun batean parte hartu zuten Ekhi eta Urko Ocañak. «Aitak eskatu zidan Lorcaren poema batzuei musika jartzeko. Ikuskizunean parte hartu genuen, eta martxan jarri genuen Zorongo izanen zen proiektua», oroitu du Ekhi Ocañak.

«Aitak eskatu zidan Lorcaren poema batzuei musika jartzeko. Ikuskizunean parte hartu genuen, eta martxan jarri genuen Zorongo izanen zen proiektua»
EKHI OCAÑA Zorongo musika taldeko kidea

Etxean jotzen hasi zuten anaiek euren bidea musikaren esparruan; Zorongo sortu eta gero, hamaika herritan eta oholtzatan aritu dira. Hasierako pausoak «zailak» izan zirela nabarmendu du Urko Ocañak: «Nafarroan inor gutxi ari zen flamenkoa egiten; lau katu bertzerik ez ginen. Aurreiritzi anitzi egin behar izan genion aurre», erran du. Ocaña anaiek «pozgarritzat» jo dute orain Flamenco On Fire-ren gisako programa bat izatea Nafarroan, baina ekinaldi hori antolatzen hasi aurretik ere eurek bide bat egina zutela azpimarratu dute.

Zorongo taldeak 2001ean argitaratu zuen izen bereko lehen diskoa; aurretik, Almazara, Llanto por Ignacio Sanchez Mejias eta Ultreia! ikuskizunak aurkeztu zituzten, bertzeak bertze, musika eta poesia uztartuz. El jardín de Yayyán eta Bruma y sal diskoak argitaratu zituzten gero, eta 2016an, Experientia: espacios para ser sonados izenburuko lana. 2019ko azaroan, Zorongok kontzertu berezi bat egin zuen Iruñeko Gaiarre antzokian, hogeigarren urteurrena ospatzeko. Kontzertu hori zuzenean grabatu zuten taldekideek, eta 2020an argitaratu zuten, Iruñeko Udalaren laguntzarekin.

Gonbidatuak

Zorongok Iruñeko Udalaren babesa jaso du biharko kontzerturako ere, eta taldekideek eskertu dute. 2019an estreinatu zuten Sarasate: Capricho Flamenco ikuskizuna hartu dute oinarri Baluarteko kontzertua prestatzeko. Santa Cecilia elkarteak eskatuta egin zuten ikuskizun hori, eta orain orkestrarako egokitu dute. Oholtzan, hain zuzen, Nafarroako Sinfonia Orkestra izanen da Zorongorekin batera. Artista gonbidatu batzuk ere ariko dira: Diego Belzunegi piano jotzailea, Marta Huarte sopranoa eta Silvia Garcia dantzari eta koreografoa.

Nafarroako Sinfonia Orkestra, Iruñeko Baluarteko plazan egindako artxiboko argazki batean. MIKEL LEGARISTI

«Gogoz eta ilusioz» dira Zorongo taldeko kideak, biharko kontzertua noiz ailegatu zain. Gaiarren ospatu zuten hogeigarren urteurrena, eta «erronka» bat izan da haientzat 25. urteurrena ospatzeko «besta» Baluartera eramateko urratsa egitea. Ia sarrera guztiak salduak zituzten joan den asterako, eta «biziki» eskertu dute musikariek ikus-entzuleen babesa. Zailtasunen gainetik, nahi izan duten musika egin dutela nabarmendu dute, «presarik gabe».