Nor nori nork

Nor nori nork

Onartu behar dut ez naizela inoiz bertsozalea izan, edo, hobeto esanda, bertsolaritzazalea izan, ze bertsoak txikitatik gustatu izan zaizkit; irakurri eta idatzi ere idazten nituen, baina gaztelaniaz. Kontua da, haurra nintzela, nire euskara oso-oso mugatua zela. Aitaren familiarekin elkartzen ginenean izan nuen bertsolaritzarekin lehen harremana. Bazkalondoetan osaba batzuk bertsotan hasten ziren, baina nik ez nuen piperrik ulertzen eta deskonektatzen nuen. Ez nekien zeri egiten zioten barre. Ez dakit, ulertu izan banu, grazia egingo zidakeen. Izan ere, umoreak konexioa behar du, eta zentzu askotan geunden antipodetan: neskato castellanoa nintzen ni, eta haiek, gizon euskaldun zaharrak.

Gerora, nire euskal ibilbidea bertsolaritzatik urrun garatu da, praktika euskaldun zahar, euskalkidun, hitanodun eta eskuraezin irudikatzen nuelarik, euskaldun peto-petoentzako emankizun. Hizkuntzaren gaineko aurreiritziak nituen, garbi ikusten dut orain. Nork edo zerk eraikiak? Nirea bezalako istorio askotxoren historia luzea izan daiteke hori… Dakidana da ez naizela horiek izan dituen bakarra, baina —berri on bat— jakin ere badakit badagoela horiek deseraikitzen dabilenik. Osabekin gaindiezinak ziruditen mugak ez-odoleko ahizpek birrindu dituzte.

Duela urtebete, Xoka jardunaldiak antolatu ziren lehen aldiz. Euskara eta disidentzia sexugenerikoa lotzen dituzten jardunaldiak dira. Hizlari gisa joateko eskatu zidatenean, zalantza asko izan nuen. Disidentziaz, bale, baina euskarari buruz… ni? Gatx Eizagirrek eta biok tailer bat emango genuen. Prestaketan luze hitz egin genuen: gure euskal praktikez, ibilbideez, sailkatze sistema ezberdinekin bizi izandako talkez, minez eta garaipenez. Niretzat, tailerra izan zen prestaketa bera. Ahalduntze ariketa bat. Euskarak disidente izateko duen gaitasunaz hitz egingo genuen jardunaldian, bai, baina baita euskaraz aritzeko gaitasun ezberdinez ere, euskaldunon aniztasunaz; euskalduntasun klaseak ezabatzeko gogo bera genuen. Norekin, non, noiz eta nola hitz egin dezake batek? Hartu arnasa eta saiatu erantzuten. Ni Gatxekin aritu nintzen lehen aldiz noka. 

Onartu behar dut ez naizela bertsolaritzazale izan… duela gutxi arte. Bollo bertso saioak ikusten hasi nintzen arte

Aurtengo Xoka jardunaldietan bollo bertso saio bat antolatu dugu. Bai, dugu; aurten antolatzaile nabil. Gogo handia dut antzeko galderak bertsolari bollerei botatzeko. Ziur nago asko dutela esateko. Kantatzen eta kontatzen jartzea da asmoa. 

Onartu behar dut ez naizela bertsolaritzazale izan… duela gutxi arte. Bollo bertso saioak ikusten hasi nintzen arte. Nire lehen aldia apirilean Leitzan egin ziren Bollotopaketetan izan zen. Asko gozatu nuen. Bertsolari bollerek barre eragin zidaten eta hunkitu ere egin ninduen bat-bateko artisautzak. Nik ez dakit osabek zeri egiten zioten barre, ezta egungo bertsolari batzuen umorearekin konektatzeko gai izango nintzatekeen ere, baina bollo bertsolariek istantean egin zuten nirearekin. Eta zinez eskertzen diet.

Bertsolaritza, nafarrera, saiakera, xoka, noka… gozagai egin dizkidazuen ahizpa disidente maiteok, mila-mila esker.