«Giza eskubideak ez dira eztabaidatzen, defendatu egiten dira»

«Giza eskubideak ez dira eztabaidatzen, defendatu egiten dira»

Ola Arafat Gazan jaio zen (Palestina), 1977an. Ondo daki zer den Israelen okupazioaren menpe bizitzea, eta, 2002an Iruñera etorri zenetik, bere herriaren alde borrokan ibili da, etenik gabe. Nafarroako Yala erakundeko kide izan da duela gutxi arte. Orain, Salam Gaza sortu du. Horretaz gain, botikaria da Arafat, eta 2017an DNA Catcher enpresa sortu zuen. Berriki, Nafarroa Koloretan saria eman diote.

Nolakoa izan zen zure haurtzaroa Gazan?

Familiarekin bizi nintzen, bost anai-arrebekin eta gurasoekin. 18 urte bete nituen arte, Israelen okupazioaren menpe bizi izan nintzen. Oso garai gogorrak izan ditugu: beldur ginen noiznahi etxean sartuko ote zitzaizkigun. 1987an, lehen Intifadan, 10 urte nituen. Gogoan dut nola behin, eskolan geundela, juduak sartu ziren guri tiro egitera. Niri hankan eman zidaten. Garai hartan, etxeratze agindua genuen. Arratsaldeko zortzietatik aurrera ezin ginen kalera irten, ezta leihotik begiratu ere. Baina beti saiatzen ginen zoriontsu izaten; palestinarren odolean dago hori.

Urtebete eta hilabete bat pasatu da gerra gordindu zenetik. Baina Palestina gerran da aspalditik.

Bai, gerra 1948. urtean hasi zen, Israelek Palestina okupatu zuenean. 1948an ez zegoen telebistarik, ezta sare sozialik ere, baina sarraskia bera izan zen, orain ikusten dugun biolentzia eta basakeria bera. Egun, mundu guztiak begi bistan badu ere, ez dira ezer egiten ari. Ez zuten ezer egin 1948an, eta ez dute ezer egiten orain.

«18 urte bete nituen arte, Israelen okupazioaren menpe bizi izan nintzen. Oso garai gogorrak izan ditugu: beldur ginen noiznahi etxean sartuko ote zitzaizkigun»

Oraindik Gazan zeundela egin zenituen Farmazia ikasketak.

Bai, Al-Azhar Unibertsitatean ikasi nuen, bost urtez. Gero senarrarekin ezkondu nintzen, eta lehen semea izan genuen. Semeak 9 hilabete zituelarik, senarrak beka bat jaso zuen, doktoretza tesia Nafarroako Unibertsitatean amaitzeko. Une hartan, Al-Xifa ospitalean ari nintzen lanean, baina harekin batera Iruñera etortzea erabaki nuen.

Aldaketa handia izan zen?

Bai, erabatekoa. Duela 22 urte ez zen oso ohikoa hemen Iruñean emakumeak zapiarekin ikustea. Gainera, bizi garen auzoan migranteak ikustea ere ez da oso ohikoa. Horregatik, hasieran jendeak mesfidati begiratzen ninduen. Baina oso emakume irekia naiz, eta jendearekin hitz egiten nuen, neure burua aurkezten nuen. Gure semea oso txikia zenez, parkean jolasean ibiltzen ginen, eta horrek harremanak egiten lagundu zidan. Orain oso babestua sentitzen naiz, Iruñeko beste herritar bat.

Nola sortu zenuen DNA Catcher enpresa?

Ni botikaria naiz, eta beti gustatu izan zait ikastea eta etorkizunera begiratzea. Baina Iruñera iritsi ginenean, oso argi neukan nire lehentasuna seme-alabak heztea izango zela. Hala ere, ez naiz inoiz geldirik egon. Berez, lau seme-alaba heztea nahikoa lana da, baina, horrez gain, arabiera eskolak ematen nituen. Nire helburua da hemengo kultura ikastea, baina gure kultura alde batera utzi gabe. 2017an, alaba txikia institutuan hasi zenean, erabaki nuen nire jarduera profesionala garatzeko garaia zela. Orduan sortu nuen DNA Catcher enpresa. 2020an Neotec programaren diru laguntza bat jaso nuen; laguntza horri esker, langileak kontratatu ahal izan nituen, eta negozioa garatzen hasi zen.

Aldarrikapena ere bada zure bizitzaren arlo oso garrantzitsua.

Beti saiatu naiz migranteak laguntzen. Ulertzen dut zer den herrialde ezezagun batean egotea eta bakarrik sentitzea. Siriako gerra piztu zenean, adibidez, pertsona asko iritsi ziren, eta ni haientzako sostengu izaten saiatu nintzen.

Nafarroako Yala erakundeko kide nagusietako bat izan zara duela gutxi arte.

Bai. Iazko azaroan Nafarroako Yalan sartzea eskaini zidaten. Bozeramailea nintzen, eta talde eragileko kidea. Arrakasta handia lortu genuen, baina une batean sentitu nuen Yalan politika asko dagoela; gauza asko ez nituen ulertzen. Hitz egiten den guztiaz jakinaren gainean egotea gustatzen zait, eta batzuetan galduta sentitzen nintzen erakundean.

«Ur putzu bat egiteko asmoa dugu, edateko ura eskuratu ahal izateko. Umezurtzak laguntzen ere ahalegintzen gara»

Horregatik sortu zenuen Salam Gaza?

Bai. Oraindik berria da erakundea, baina lau proiektu nagusi ditu. Alde batetik, ogia egiten dugu, behar handiena dutenen artean banatzeko. Jantoki sozialetan ere laguntzen dugu. Horrez gain, ur putzu bat egiteko asmoa dugu, edateko ura eskuratu ahal izateko. Umezurtzak laguntzen ere ahalegintzen gara. 28.000 umezurtz daude Palestinan, eta, noski, ezin ditugu denak lagundu. Espero dut elkartera jende gehiago batzea, handitzen joateko eta jende gehiago lagundu ahal izateko.

Zergatik uste duzu munduak beste aldera begiratu duela Palestinako gerrari dagokionez?

Hori bera galdetzen diet nik gobernu guztiei, arduradun guztiei, zergatik ez duten sentitzen ume horienganako gupidarik. Aldiz, beste haur askori ez zaie Gazako haurrei gertatzen ari zaienaren erdia ere gertatzen, eta mundu guztia altxatzen da horiengatik. Nik beti esaten dut: giza eskubideak ez dira eztabaidatzen, giza eskubideak defendatu egiten dira. Guztiontzat berberak izan behar dute, baina Gazan ez dira betetzen.

Nafarroa Koloretan saria jaso duzu. Ilusioa egin dizu?

Bai, oso polita izan da, eta ohore handia da niretzat. Oraintxe aitorpen hori jasotzea oso garrantzitsua da, indarra ematen baitit nire herriaren alde borrokatzen jarraitzeko.