Janaren folklorea

Janaren folklorea

Elikadura hobetzeko, azkenaldian, sasoian sasoiko produktuak lehenetsiz, kontzienteago kozinatzen nahiz jaten saiatzen ari naiz, eta ez da lan makala; izan ere, urtaro aldaketak sortzen digun nagitasunarekin batera, egunerokoak uzten dizkigun arnasgune bakanak elikadura hobetzeko eta ez beste edozertarako erabiltzea ez da erraza.

Beraz, elikadura hobetzeari ekiteko, lehenengo eta behin, udazkenak berarekin dakartzan fruitu, fruta zein barazkiak bilatu nituen, eta horiek erabiltzeko errezetak bilatzen hasi nintzen. Elikagaiok hazteko hilabeteak behar dituzten arren, nik segundo gutxian, Interneti esker, elikagai horiekin egiteko dozenaka errezeta aurkitu nituen, eta, era horretan, sortu nuen, jada, akaso, hirurogei errezeta inguru duen karpetatxoa. Haatik, Interneten topaturiko zenbat errezeta egin ditudan galdetuko bazenidate, agian lotsaturik, bi egin ditudala esanen nizueke; kontrara, memoria erabiliz eta etxeko zenbait jan oroituz zenbat errezeta gogoratu ditudan galdetuko bazenidate, zinez, horiek bi baino gehiago direla esanen nizueke.

Denok entzun izan dugu memoria handiena duen zentzumena usaina dela, eta, elikagaiez mintzo garelarik, kasu honetan ere horrela izan da; izan ere, aurrekoan identifikatu ez nuen zerbaiten usaina heldu zitzaidanean, ziztu bizian arto eta gari irinez eginiko ogi mamiak etorri zitzaizkidan gogora. Ez dakit orain dela zenbat ez dudan ogi mamirik jan, baina asko, hori ziur; are gehiago, ez dakit zergatik, baina horrelako jana, taloa barne, besteak beste, momentu nahiz egun bereziekin lotzen dut, eta, hori dela eta, normalean ez dut horrelakorik jaten. Horretaz jabeturik, janari horiei ematen diedan esklusibotasunaz konturatu nintzen, eta, ondorioz, historian zehar jan txirotzat hartutakoa gaur egun berezitzat dudala eta dugula ikusi nuen.

Artoaren ereite aldia apirilean eta maiatzean izan ohi da eta, behin helduta, abuztuan edo irailean jaso ohi dira ernatutako artaburuak, eta, jaso ondoren, badira oraindik etxeko teilatupean artaburuok lehor daitezen horiek zintzilikaturik uzten dituztenak. Hortaz, naturalki ernatzeko lauzpabost hilabeteko denbora behar duen eta munduko zerealik, garia eta arroza gaindituz, landatuena den zereala da artoa. Honako zereala Amerikatik Europara XV. mendean heldu zen, eta ordutik jende askoren elikagaia izan da. Vicenta Moguel euskal idazleak (1782-1854) Ipui onac (1804) lanean «nekazari basotarraren sabela beteago dago arto, kastaña, sagar ta tupin azadunekin, andiki bat eper, ollagor ta ollanda samurrekin baño» idatzi zuen eta Manuel Larramendi (1690-1766) idazle jesuitak Gipuzkoako Korografia (1756) lanean artoa «jende pobrearen eta laborarien ogia» zela jaso zuen.

Aurrekoan identifikatu ez nuen zerbaiten usaina heldu zitzaidanean, ziztu bizian arto eta gari irinez eginiko ogi mamiak etorri zitzaizkidan gogora

Aipatzekoa da taloak eta ogi mamiak bai 36ko gerran eta gerraostean izan zuten garrantzia ere, izan ere, horrelako janariak goseari aurre egiteko ezinbestekoak izan ziren. Halere, egoerak hobera egin zuenean aldatu zen janari horrekiko pertzepzioa, eta biak folklorearen zein kulturaren ikur bihurtu ziren: ogi mamiak Nafarroako gastronomiaren espezialitateetako bat bihurtu ziren, eta baita zenbait ospakizunen erreferentzia ere, Uxueko Ogi mamien Eguna, besteak beste; bestalde, taloak euskal kulturari loturiko edozein ospakizunetako ikur bihurtu ziren.

Era horretan, akaso, eman genien honako janariei mendeetan izan ez zuten erromantikotasuna zein berezitasuna. Dena dela, kontzienteki elikatzea ez da soilik sasoian sasoiko eta bertako produktuak kontsumitzea zein sustatzea; elikaduraren eta jateko ohituren historia ezagutzea ere bada.