Gutxiren esku

Gutxiren esku

Unerik zailenetan ere, umoreak beti aurkitzen du bere lekua. Errealitateari aurre egiteko salbamendu emozional bat da, benetan kezkatzen gaituen horrekiko distantzia edo perspektiba jartzeko modu bat, alegia. Hala, askotan hausnarketa sakonak izaten dira barrearen atzean, era batera edo bestera denoi eragiten diguten arazoak gordetzen dituztenak.

Pasa den astean Aroa Berrozpe umorista murchantearraren bakarrizketa entzuteko aukera izan nuen. Txantxa artean, gaurkotasun politiko zein sozialeko puntu nagusien errepasoa egin zuen eta etxebizitza izan zen jorratutako gaietako bat. Egun, dibortziatuak gazteentzat ideal erromantiko berri bihurtu direla zioen, baina ez haien erakargarritasunagatik, baizik eta gazteontzat eskuraezina den zerbait dutelako: etxe bat.

Etxea gure espazio pertsonala da, edonork behar duen aterpe eta babeslekua. Bizitza osotasunean garatzeko etxea ezinbestekoa dugu, guztion oinarrizko eskubidea da. Ez gara kapritxo batez ari, benetako beharrizan batez baizik. Hala izanik, amorragarria da gazteok emantzipatzeko dugun zailtasuna onartzea, etxebizitza gutxi batzuen eskura dagoen pribilegio bihurtu baita.

Diskurtso politikoak asmo onez betetzen diren bitartean, errealitateak etxebizitza negozio biribil bihurtu dela erakusten du. Alokairu neurrigabeak, salmenta-prezio debekatuak, baldintza oso estuak planteatzen dituzten laguntzak… Negozio ekonomikoa lehenesten da eta etxebizitza politika interes pribatuaren esku uzten da.

Ekuazioa sinplea da, baina suntsitzailea: lan prekarioak + prezio onartezinak = ezinezko emantzipazioa. Sarrera bat ordaintzeko adina neurri aurrezteak zientzia fikzioa dirudi, eta alokairuek soldata gehiena irensten digute. Gainera, etxebizitzen salmenta murrizten ari den bitartean, alokairuen prezioek gora egiten dute, eta era berean, alokairuan bizitzeak etorkizun batean erosketa egitea eragozten du, aurrezteko ahalmena galtzen ari garelako. Ez al du honek gurpil zoro baten itxura?

Etxea gure espazio pertsonala da, edonork behar duen aterpe eta babeslekua. Bizitza osotasunean garatzeko etxea ezinbestekoa dugu

Zurrunbilo honen erdian entzuten dira alternatiba ezberdinak. Bada komunitate edo etxe kolaboratiboetan bizi den jendea, espazio zein baliabideak partekatuta bizimodu jasangarriago baten alde egiten duena. Baina, orokorrean, esango nuke planteamendu hori ez zaigula aski erakargarria egiten.

Etxebizitza propioa izatearen ideia oso errotuta dago gure kulturan. Nahi bezala egin eta desegin dezakegun leku batekin amesten dugu. Baina erabateko independentziaren ideal horrek egungo errealitatearekin talka egiten du. Agian, geure buruari bizikidetza-modu berriak aztertzeko prest gauden galdetu beharko genioke.

Nola edo hala, egoera honek norbere lehentasunak birplanteatzera eramaten gaitu. Eta ondorioak ez dira soilik gure belaunaldira mugatzen, gizarte osora zabaltzen dira, garapen sozial zein ekonomikoa ari baita baldintzatzen. Umorerako ematen duen gaia da; gehiago eman beharko luke, ordea, autoritateen hausnarketarako.