Iruñea, 2008ko udaberria. Aranondoak loratzen ari ziren, lotsati. Atzean utzi nituen familia, lagunak eta antzerkia. Betiko agurtu nituen, orain konturatzen naiz. Herri ezezagun bat begien aurrean. Garai hartan bizikletaz ibiltzen nintzen kalean gora, kalean behera. Mendillorrin bizi nintzen. Astiro-astiro Iruñerriko geografia kokatzen ari nintzen. Kalean norbaitekin mintzatzea ingurua pixka bat gehiago ezagutzea zen. Laster Iruñeko auzoen izenak ikasi nituen pozez: Alde Zaharra, Donibane, Sanduzelai, Bigarren Zabalgunea, Iturrama, Etxabakoitz eta Arrosadia.
Arrosadiak garrantzia izan du nire euskalduntze prozesuan, egia esan. Garai hartan 25 urte nituen eta egunero joaten nintzen euskaltegira ikastera. Han auzo langileen esanahia ikasi nuen, adibidez, edota auzolana zer den ere ulertu nuen eta zer garrantzitsua den ideia hori Euskal Herriko mundu ikuskera politikoan, sozialean eta kulturalean. Auzoko jaiek, herri mugimenduak, gazte mugimenduak… elikatu zuten nire unibertsoa eta euskararekin dudan harremana. Zein garrantzitsuak diren euskararekin lotutako erreferentziak; jendea euskaraz ari dela entzutea, hizkuntza paisaia euskaraz egotea, euskara normaltasunez erabiltzen dela sentitzea…
Egun, argi eta garbi esan dezaket euskararekin zerbait lortu badut, lorpen kolektiboa lotu dudala. Zenbat pertsonak utzi dute larrua Nafarroan eta Euskal Herrian euskara ez desagertzeko? Zenbat lagun borrokatu dira euskara eta euskal kultura zabaltzeko eta sustatzeko? Nolako ahalegina egin da euskara irakasteko eta ikasteko? Ezin dugu ahaztu Iruñean frankismoaren garaian ezkutuan irakasten zela euskara, eta zentzu horretan herri honek ibilbide eredugarria eta luzea du.
Gaur, inoiz baino gehiago, Euskal Herrira edo Nafarroara iritsi garenok euskararen erreferentziak behar ditugu. Kaleetan, plazetan, billabesetan, dendetan. Euskal kultura arnastu behar dugu, euskara sentitu, ukitu behar dugu, geure burua kokatzeko, non bizi garen jakiteko. Ongi ulertzeko nolakoa den gure bizi proiektua garatzeko jokalekua.
Euskal kultura arnastu behar dugu, euskara sentitu, ukitu behar dugu, geure burua kokatzeko, non bizi garen jakiteko
Bai, euskararen erreferentzien inguruan nabil pentsakor. Euskararen etorkizunak benetan kezkatzen badu gizartea eta migratu dugunok euskararekin dugun harremana bereziki badago jopuntuan, emaguzue argia hizkuntzara hurbiltzeko, eta erabakitzeko, hemengoek erabakitzen duten bezala, guk euskaraz hitz egin nahi dugun edo ez. Errealitatea mingarria da, agian, euskaraz bizi nahi dugunontzat, jende askok erdaraz bizitzea aukeratu duelako. Baina dagoena dago. Hori kolonialismoaren ondorioa da. Kolonizatuta jarraitzen dugu, pentsamendua eta begirada ere kolonizatuta ditugu, bai. Europa ez da salbuespen bat, ez. Hemengo jende askok pentsatzen du afrikarrak edo hegoamerikarrok bakarrik gaudela kolonizatuta, eta itsu daude ikusteko hemen aspaldi abiarazi zela lurralde hau fisikoki eta intelektualki okupatzeko prozesua. Beste gauza bat da hori oso naturalizatuta dagoela eta kostatu egiten zaigula argia ikustea. Gainera, erosoagoa da begiak itxita bizitzea.
Zeinen garrantzitsua den erreferentziak izatea. Ederra izango litzateke gizarte osoa gure erreferentzia izatea.