Herritarren begiradari so

Herritarren begiradari so

Erretratuak harrapatuta. Halaxe eman du Jesus Mari Txaskok (Lizarra, 1952) argazkigintzaren munduan egin duen bide luzea. 1970eko urteetan hartu zuen argazki kamera aurreneko aldiz, eta, geroztik, ez du utzi. «Ofizio eta afizio izan dut argazkigintza», nabarmendu du Txaskok. Bartzelonan egin zituen lehen urratsak, modaren eta arkitekturaren esparruan; Lizarrara itzuli zen gero, eta herriko estudio batean aritu da, erretiroa hartu arte. Lantokitik kanpo ere argazkilari izan da beti, eta herrialdeko Pirinioaurrean eta Pirinioetan egindako ehunka argazki Erretratuak eta tradizioak izenburuko liburuan jaso ditu orain (Lamiñarra, 2024).

Zuri-beltzean egindako argazkiak dira liburuan bildutako guztiak, Txaskok «anitz» maite baitu kolorerik ezak irudiari ematen dion indarra. «Zuri-beltzak aukera ematen dit argazkia ikusteko eta pentsatzeko. Kolorea anitzez ere igarokorragoa da». Erronkaribarko, Zaraitzuko eta Aezkoako herrietan egin ditu argazki horietako anitz; bertze batzuk, berriz, Baztan-Bidasoa inguruan. Herriotako besten eta ohituren berri jaso du argazkilariak bere kameraren bidez; Otsagabiko Orhipean, Gardeko ttunttuna, Burgiko almadiak, Orreagako erromeriak, Elizondoko Baztandarren Biltzarra eta Lesakako zakuzaharrak, bertzeak bertze. «Besta eta ohitura horiek guztiak herritarrek egiten dituzte; haien konpromisoa dago hor».

Artxiboa gorde

Jesus Txasko Aftelae Lizarrerriko Argazkigintza Elkarteko kidea da; elkartea sortzeko prozesuan parte hartu zuen. «Aurretik bertze elkarte bat izan zen Lizarran. Gero Aftelae sortu genuen. Hainbat ginen herrian argazkigintza maite genuenok eta bat egitea erabaki genuen. Argazkiak egitera joaten ginen harat eta honat, erakusketak antolatzen genituen… Elkartean segitzen dut, baina ez lehengo inplikazioarekin», zehaztu du Txaskok.

Jesus Mari Txaskok Pirinioei buruz egindako liburuko irudi bat: Otsagabiko Orhipean bestako parte hartzaile bat ageri da. JESUS TXASKO

Erretiroa hartu eta gero, bere artxiboa sailkatzen eta ordenatzen ari da argazkilaria orain. Ez da lan makala, argazki anitz egin baititu kamera aurrenekoz hartu zuenetik: «Argazkiak digitalizatzen ari naiz; 700.000 gorde ditut jada. Lizarrako bestetako 15.000 inguru ditut».

Txaskok eginak dira 15.000 irudi horiek. Gainera, argazkilariak jasoak ditu bertze batzuek ateratakoak ere: «Denda hartu nuenean, aurreko jabeak bestetako argazkiz betetako kutxa bat utzi zuen; aspaldiko irudiak dira, altxor bat», kontatu du.

Material hori guztia «etorkizunerako gorde» nahi du Txaskok. Nahiko luke Nafarroako Artxibo Nagusiak hartzea. Erretratuak eta tradizioak liburuan Pirinioei egin die so, baina egin ditu argazkiak herrialdeko bertze hamaika herritan ere, eta toki horietako erretratuak eta ohiturak ere argazki bilakatu ditu.