Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari Jose Mari Aierdik (Etxauri, 1958) traktoreak Iruñeko karriketara itzuli diren egunean hartu du Nafarroako Hitza bere bulegoan, abenduaren 10ean. Aierdik nekazarien protestak kudeatu behar izan zituen urte hasieran; urte amaieran, berriz, Klimaren Aldeko Aliantzak Nafarroako Gobernuaren aurka jarritako helegitearen auzia.
Traktoreak karrikara itzuli dira. Zer deritzozu?
Ulertzen dut sektoreak kezka izatea Europako Batasunak Mercosurrekin egindako merkataritza akordioaren ondorioz. Batzuei on egiten ahal die, baina bertze batzuei ez. Administrazioen ardura da kontrol neurriak ezartzea inor ez baztertzeko. Joko arauak zehaztu behar dira, denek aukera izan dezaten baldintza beretan lehiatzeko.
Traktoreen protestekin hasi zen urtea. Gatazka ez da amaitu?
Otsailaren 9an deitu genituen nekazariak lehen bilerara, mobilizazioak hasi eta hiru egunera. Eztabaidatzeko prest agertu ginen, eta hurrengo bileretarako 49 neurri jasotzen zituen proposamen bat ondu genuen. Gure ustez, bi arlo nagusi jorratu behar ditugu: batetik, NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren bidezko laguntzen eredua aldatu behar dugu, eta, bertzetik, egoera aldatzea nahi badugu, orain artekoez bertzelako neurriak jarri behar ditugu martxan. NPBko laguntzei buruz, inportantea da 2027tik aurrera ezarriko den eredu berriari buruz eztabaidatzen hastea. Guk garbi dugu orain artekoaz bertzelako eredu bat behar dugula.
Eraginkorragoak izateko?
Kontua da laguntzak sektorea benetan garatzen ari direnengana heltzea. Hori funtsezkoa da. Lehen sektorean 13.000-14.000 pertsona daude, baina haietako 3.000 bakarrik dira nagusiki lehen sektoreko langile. Garai batean zehaztutako eskubide historiko batzuen bidez, euren jarduera nagusia lehen sektorean garatzen ari ez diren batzuek ere jasotzen dituzte laguntzak. Hori aldatu behar da.
«Joko arauak zehaztu behar dira, nekazari denek aukera izan dezaten baldintza beretan lehiatzeko»
Orain artekoez bertzelako neurriak hartzeko beharra ere aipatu duzu. Zer asmo duzue?
Uste dugu garrantzitsua izan daitekeela joko arauak aldatzeko lege bat garatzea; gure departamentuan hasi ginen landa garapenerako araudi berri hori jorratzen. Kontua da Lurralde Kohesiorako Departamentua bertze lege bat prestatzen ari zela jendegabetzeari aurre egiteko, eta, azkenean, adostu dugu bat egitea eta lege bakarra osatzea. Lan horretan ari gara. Gure helburua da landa eremua toki bizia izatea.
Klima aldaketaren egungo jokalekuan, ekologistek zalantzan jarri dituzte nekazarien eskaera batzuk. Nola uztar daitezke klima aldaketaren aurkako neurriak eta lehen sektorearen aldekoak?
Karrikara atera diren nekazarien artean, nahasketa handia dago; denak ez dira berdinak, eta guztiek ez dituzte egoera eta baldintza berak ere. Egia da batzuek ezbaian jarri dituztela Europako politika berdeak. Klima aldaketaren auziak gizarte osoari eragiten dio, eta denon artean aurre egin behar diogu. Lehen sektoreari dagokionez, tokiko eta kalitatezko produktuen alde egin behar dugu, elikadura segurtasuna eta subiranotasuna bermatze aldera.
Nekazari batzuek merkataritza gune handien aurrean ere egin zuten protesta; bertzeak bertze, kanpoko produktuak direlako nagusi anitzetan.
Gogoeta piztu nahi zuten merkataritza gune handietan saltzen dituzten produktuen inguruan, eta elikadura kateko etekinak banatzeko moduaren inguruan ere bai. Ulertzen dugu kezka hori izatea, eta, horregatik, konpromisoa hartu genuen, batetik, elikadura kateari buruzko mahai bat osatzeko, eta, bertzetik, ikuskaritza gehiago egiteko.
Bete duzue konpromiso hori?
Bai: mahaia osatu dugu, eta ikuskaritzak egiten ari gara. Emaitza ona dela uste dut.
Belaunaldien arteko aldaketarik eza da lehen sektorearen arazo nagusietako bat. Kargua hartzean, erronkatzat jo zenuen auzi hori konpontzea. Zertan ari zarete?
Lehen sektoreko eragileekin aztertu ditugu prestatutako neurriak. Batetik, sektorearekin bat egin nahi dutenek jaso beharreko laguntzak handitu ditugu. 40.000 eurokoa da gutxienekoa, eta 100.000rainokoak izan daitezke, lehen sektorean hasi nahi duen horrek, adibidez, nekazaritza ekologikoaren alde egiten badu edo mendialdeko eskualderen batean aritu nahi badu. Bertzetik, martxan diren eta errentagarriak diren haztegi batzuetako arduradunekin ari gara lanean; haztegi horietan jarraitzeko asmoa duen inor ez bada, lehen sektorean aritzeko interesa dutenekin jarri nahi ditugu harremanetan, behar den belaunaldi aldaketa lortu ahal izateko. Egoera horretan dauden dozena bat haztegi ditugu jada, eta lehen sektorean aritzeko interesa duten hamalau pertsona. Bertze hainbat asmo lantzen ari gara: itxitako haztegi batzuk berriz irekitzeko aukera aztertzen ari gara, lehen sektorean hasi nahi dutenek probak egiteko lekuak prestatzen, eta Pirinioetako Artzainen Eskola martxan jartzeko lanean. Asmoa da eskola horrek 2025ean egitea lehen urratsak. Formakuntza sustatu nahi dugu, eta, gainera, hartzaren presentziak eragindako planarekin uztartuko dugu eskola.
Azken urteotan, handituz joan da hartzen populazioa Pirinioetan, eta Nafarroan ibiltzen dira mendebaldeko gunean bizi diren hartzetako batzuk. Zer asmo duzue?
Bilerak egin ditugu Erronkaribarko Batzordearekin eta hango abeltzainekin. Hainbat neurri zehaztu ditugu, eta araudietan aldaketak egin ditugu eraso bat gertatuz gero artzainek jaso beharreko ordaina handitzeko. Abeltzainak artzainekin, mastinekin eta artzain elektrikoekin laguntzeko aukera ere jaso dugu planean.
Artzainak, mastinak… aspaldiko neurriak dira horiek. Abeltzainek ez dituzte erabiltzen?
Artzain batzuek ez dute halakorik nahi. Aurten, halere, halakoak jasotzeko eskaera gehiago ailegatu zaizkigu.
Artaldeak hartzak dauden eremuan egoteagatik ere jasotzen dute diru laguntzaren bat, lehen bezala?
Araudia aldatzeko helburuetako bat hori izan da: hartzak mugitzen diren tokian dauden abeltzainek diru laguntza handiagoa jasoko dute hektarea bakoitzeko. Erasoren bat gertatzen denean ere, abeltzainek kalte ordain handiagoa jasoko dute hurrengo urtetik aurrera.
Jose Mari Aierdi Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, Iruñeko bere bulegoan, abenduaren 10ean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ingurumenaren esparruan, hartza ez da izan aurtengo agendako gai bakarra: Nafarroako Klimaren Aldeko Aliantzak auzitara jo du Nafarroako Gobernuaren aurka, Klima Aldaketarako eta Energia Trantsiziorako Legea ez betetzeagatik. Mantso zoazte klima aldaketaren aurkako bidean?
Egia da berandu hasi garela lanean, legea onartu eta gero, Espainiako Estatuak auzitan jarri baitzuen artikulu batzuk konstituzionalak ote ziren; gainera, hauteskundeak izan ziren gero. Martxan jarri gara, halere. Klima Aldaketako Bulegoa sortu dugu, eta hamabost pertsona ari dira hartan lanean. Hiritarren Batzarra osatzeko urratsak ere egiten ari gara. Herritarrek abenduaren 20ra bitarte [gaur arte] dute izena emateko aukera.
Ekologistek salatu dute batzar hori «desitxuratu» nahi izan duzuela, parte hartzaile kopurua murriztuz.
Nafarroako populazioa kontuan hartuta, proportzioan bertze erakunde batzuek sortutako batzarrek baino kide gehiago ditu gureak.
Orain 30 dira, baina hasieran erran zenuten 50 izanen zirela. Zergatik murriztu duzue kopurua?
Batzarraren funtzionamendua errazteko. Batzar horrek bertze bi talderen laguntza izanen du: talde batek kudeaketa lanak eginen ditu, eta bertzea hamabi adituk osatuko dute. Batzarrak bost saio eginen ditu, 2025eko udarako txosten bat prestatzeko asmoz. Gero, batzarra berrituko dugu, bertzelako gaiak azter ditzan.
«Hartzak mugitzen diren tokian dauden abeltzainek diru laguntza handiagoa jasoko dute hektarea bakoitzeko»
Abiadura handiko trenaren eragina izan daiteke gai horietako bat? AHTa uztargarria da klima aldaketaren aurkako borrokarekin?
Halako proiektuek eragina dute ingurumenean, baina funtsezkoak izan daitezke ikuspuntu sozioekonomikotik edo salgaien garraioaren ikuspuntutik.
Aditu anitzek diote AHTak ezinen duela salgairik garraiatu. Hala bada, zer?
Nik argi dut baietz.
Nafarroako Trenaren Alde plataformak egungo trenbidea moldatzeko proposamena egin du. Zuen gobernuak aztertu du?
Baietz uste dut. Badakigu klima aldaketak neurriak hartzera behartzen gaituela. Eraginkorragoak izateko ari gara lanean.