Lantzen aurkitutako duela 2.000 urte inguruko idazkun batek piztu du adituen jakin-mina

Lantzen aurkitutako duela 2.000 urte inguruko idazkun batek piztu du adituen jakin-mina

2022an Irulegiko Eskua izan zen, eta, aurten, Lantzeko meatzeguneko idazkuna: Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikerketa taldeak inskripzio paleohispaniko bat aurkitu du Aierdi VIII leize zuloan, Lantzeko meatzegunean. Duela 2.000 urte ingurukoa da. Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko arduradunek urrian eman zuten egindako aurkikuntzaren berri, jendaurrean, eta nabarmendu zuten hain iparrean ez dela inoiz halakorik aurkitu Nafarroan; ez eta Iberiar penintsula osoan ere, meategi baten barruan.

Aranzadi zientzia elkarteko kide eta arkeologo Mattin Aiestaranek berretsi du idazkuna aurkitu duten tokia «garrantzitsua» dela, BERRIAn urrian egindako elkarrizketa batean: «Lantzeko idazkuna berezia da, toki produktibo batean aurkitu delako», erran zuen, orduan. Aiestaranek Irulegiko Eskua aurkitu zuen lantaldea zuzentzen du, eta, haren hitzetan, Lantzeko idazkunak indartu egiten du Irulegiko Eskuarekin egindako hipotesia: baskoiek idazkera propioa zutela euren hizkuntzan komunikatzeko. Lantzeko idazkuna eta Irulegiko Eskua garai eta testuinguru berekoak direla azpimarratu du.

Lantzeko metazeguneko Aierdi VIII leize zuloaren sarreratik 61 metrora eta 18 metroko sakoneran aurkitu dute idazkuna. Sabaiaren azpian egina dago, iparraldera ematen duen paretan. Identifikatu dituzten hiru ikurrak buztinean eginda daude, tresna ziztakari batez. Ikur bilduma paleohispaniko batekoak dira, eta ikae edo igae gisa transkribatu dituzte.

Urbizuren bakarkakoa

Nafarroako Gobernuak duela bi hilabete eman zuen Lantzeko aurkikuntzaren berri; urte hasieratik, bertze hainbat auzik izan dute toki nabarmen bat kulturaren esparruan. Nagusietako bat izan da Gorka Urbizuk urtarrilean aurkeztu zuen bakarkako bere aurreneko diskoa: Hasiera bat. Musikariak hamar kanta jaso ditu lan horretan. Otsailean hasi zituen diskoa aurkezteko kontzertuak, eta Donostian egin zuen lehendabizikoa.

Gorka Urbizu musikaria, urtarrilean, Lekunberrin. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Urbizuk lehen lana eman du, eta Chill Mafiak, berriz, oholtza uztea erabaki du. Taldeak Agur Eta Ohore X Allá Va La Despedida diskoa plazaratu zuen irailean, eta agur erran haren bitartez. 2021eko otsailean egin ziren ezagun, batik bat Gazte arruntaren koplak abestia sareratzearekin batera, eta ibilbide arrakastatsua egin dute orain arte.

Bertsolaritzaren esparruan, Bardoak taldekako txapelketa egin dute aurten; irailaren 13an hasi zen, eta urriaren 26an egin zuten finala, Garesko Zamariain pilotalekuan. Bortzirietako Hor Gu bertsolari taldeak irabazi zuen: Ekhiñe Zapiain, Maddi Ane Txoperena, Kattin Madariaga, Esti Arozena, Ane Telletxea, Lide Igoa, Uxue Mesa eta Iratxe Muxika bertsolariek osatu zuten taldea.

Iruñeko Zaldiko Maldiko elkarteak ondutako Julia Fernandez Zabaletari buruzko pastoralaren atzean ere lan kolektiboa dago. Maiatzean estreinatu zuten, San Frantzisko eskolan. Bertzelako oholtzatan aritzen dira Led Silhouette dantza taldeko kideak, eta haien lanak saria jaso du aurten: Espainiako Irrati Publikoaren El Ojo Critico; gainera, taldeko kide Martxel Rodriguezek Nafarroako Ikastolen Elkartearen aurtengo saria irabazi du.

Iruñeko NAK jaialdiak hamar urte bete ditu 

Iruñeko NAK Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiak hamar urte bete ditu. Irailaren 3tik 14ra egin zuten, Iruñean. Adiskidantza hitza hartu zuten antolatzaileek aurtengo jaialdiaren ardatz: «Soinuak ez ezik, adiskidetasun harremanak ere sortu ditugu urteotan, eta horrek ezaugarritu egiten gaitu: lantaldearen elkartasuna eta konpromisoa jartzen ditu agerian», azaldu zuen jaialdiko zuzendari artistiko Yolanda Camposek, abuztuan egindako aurkezpenean.

 

Garaikideak Musika Garaikidearen Zentroak sustatutako jaialdia da NAK. Datorren urteko aldia prestatzen hasi dira jada. Musika garaikidea zabaltzea dute helburu.