«Prebentzioa garestia da, baina garestiagoa da interbentzioa». Gizakia Helburu fundazioko zuzendari teknikoa da Kristina Illescas, eta argi eta garbi esan du prebentzioa dela gakoa drogen kontsumoaren eta adikzioen gatibu izateari uzteko: «Prebentzio egoki bat egiteak interbentzio gutxiago egitea dakar, eta sufrimendua eta baliabideak aurrezten dira horrela». Areago, azpimarratu du adikzioen aurkako borrokan prebentzioa erronka nagusia dela: «Arazoa errealitatea denean hasten gara prebentzioaz hitz egiten, baina xedeak izan beharko luke arazoa aldez aurretik saihesteak». Horretarako, «ezinbestekoa» da, Illescasen irudiko, eragile zein administrazioaren arteko elkarlana; hitzetatik ekintzetara pasatzea, alegia, eta prebentziorako tresna eraginkorrak sortzea. Hain zuzen, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak Adikzioak Prebenitzeko 2025-2030 IV. Plana osatzeko parte hartze prozesu zabal bati ekin dio.
Sektore ezberdinetako elkarte eta erakundeekin batera elkarlanean ariko da gobernua. 2018 eta 2023. urteen artean egindako III. Planaren ebaluazioaren emaitzak izan dituzte abiapuntu.
Adikzioak Prebenitzeko III. Planaren ebaluazioa iragan urteko lehenbiziko seihilekoan egin zuten, NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren gidaritzapean, eta 27 eragilek parte hartu zuten, Nafarroako Gobernuko hainbat entitate eta tokiko beste hainbeste eragile tarteko. Halaber, III. plana egiteko ardatz izan diren hainbat profesional «sakon» elkarrizketatu zituzten, «emaitzen ikuspegi integral bat izateko eta planaren inplementazio maila ebaluatzeko». Emaitza horiek oinarri, IV. plana egiteko prozesua hasi zuten irailean: egoeraren diagnostikoa eta dokumentuen analisia egin ostean, iragan azaroan ekin zioten fase parte hartzaileari, eta, ordutik, plan berriaren oinarria izanen den dokumentua idazten dabiltza partaideak.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren egoitzan toki entitateekin iaz egindako bilera, iruñean. HITZA
Datorren otsailean izanen dute prest IV. planaren zirriborroa, eta hilabeteko epea zabalduko da proposamenari ekarpenak aurkezteko; Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekia espazioan egin ahal dira proposamen horiek. NOPLOIren arabera, plana egiten lagundu nahi duten norbanakoek zein erakundeek ekarpena egitea da prozesuaren helburua, «ikuspuntu inklusibo eta parte hartzailea bermatze aldera». Behin proposamenak jaso eta horiek azterturik, IV. planaren behin betiko testua onartuko dute organo eskudunek, eta egitasmoa zabaltzeko ekinbideak eginen dituzte martxoaren 1etik apirilaren 15era bitartean. Ondoren, planaren jarraipena eginen dute, 2030era arte.
Emaitzek, ardura
III. planaren ebaluazioak emandako emaitzak gazi-gozoak dira datuei erreparatuz gero. Illescasen aburuz, aurrerapausoak eman ziren 2018tik 2023ra, baina ez da nahikoa izan: «Prebentzioan egiten den lan guztia aurrerapauso bat da, baina inoiz ez da nahikoa izanen». Esaterako, Nafarroako Gobernuaren arabera, sustantzia nagusiak kontsumitzen hasteko adina atzeratzea lortu du III. planak, baina, Illescasen arabera, «oso aldaketa txikiak dira horiek: zifretan hamarren batzuk baino ez». Espainiako Gobernuak bi urtean behin egiten duen Estudes inkestan jasotako datuak aipatu ditu: Nafarroan 13,1 urtetik 13.9ra atzeratu da alkohola kontsumitzen hasteko adina, «eta ongi dago atzeratzea, baina ezin da normalizatu adin horietako gazteek alkohola hartzea».
14 eta 18 urte arteko gazteengan murriztu egin da tabakoaren, kalamuaren eta alkoholaren kontsumoa, baina kale edanak gora egin du, III. planaren arabera. «Arazo handiak sortzen dituen droga da alkohola, eta oso normalizaturik dago gizartean; horren emaitza da kale edanaren hazkundea», esan du Illescasek. «Sanferminak dira alkoholaren normalizazioaren adibide argi bat».
«Sarean lan egitea izan da adikzioak prebenitzeko planaren lorpenetako bat»
KRISTINA ILLESCAS Gizakia Helburu fundazioko zuzendari teknikoa
Baina helduengan ere jarri nahi izan du fokua Illescasesk: «Askotan soilik gazteengan jartzen dugu arreta, baina helburuak zabalagoa izan behar du, helduak gazteen eredu baitira». Izan ere, III. planaren ebaluazioaren arabera, tabakoaren, alkoholaren, kalamuaren, kokainaren eta jokoaren ohiko kontsumoak gora egin du, nabarmen, eta Espainiako Estatuko batez bestekoa gainditu du. Gizakia Helburu fundazioko zuzendari teknikoak jokoan jarri du azpimarra: «Asko aldatu da jokatzeko modua. Orain Internet bidez edonon eta edonoiz egin daitezke apustuak». Halaber, erantsi du Euskal Herrian apustuaren kultura «oso barneraturik» dagoela. Ordea, bada gazteen eta helduen artean hazi egin den sustantzia bat: hipnosedanteak; antsiolitikoak, bereziki. «Bereziki, emakume gazteengan hazi da sustantzia horien kontsumoa, eta arriskutsuak izan daitezke beste droga batzuekin nahastuz gero; alkoholarekin, batez ere».
Alta, sustantzia horien kontsumoaren arrisku pertzepzioak gora egin du gizartean, eta, III. planaren arabera, positiboa da hori. Illescasek, ordea, ez du hori sumatzen: «Zifra haziko zen, eta ona da hori, baina uste dugu sustantzia horien kaltearen pertzepzioak baxua izaten jarraitzen duela. Aurrerapauso txiki bat da, baina helburua askoz handiagoa da». Adibide bat jarri du: 1980ko hamarkadan handia zela gizartearen ardura, prebentzio kanpaina asko egin zituztela eta horrek eragina izan zuela. «Orain gizarteak ez du kontsumoen inguruko kezkarik».
Denak batera
Gazi-gozoa denak badu gozorik ere. «Sarean lan egitea izan da planaren lorpenetako bat», esan du Illescasek. «Oso aberasgarria izan da ikustea sektore ezberdinetako eragileek batera parte hartu dugula, orotariko ikuspuntuak mahai gainean jarriz». Izan ere, halako plan batek funtziona dezan, «bulegoetatik at» lan egin behar dela adierazi du: «Nafarroako Gobernuak oso ongi kudeatu du prozesua eta interesa azaldu du».
III. planaren inplementazioari dagokionez, parte hartu duten eragileek aurrerapausoak identifikatu dituzte. Planari atxikitako tokiko erakundeek eta eragile sozialek urtero 1.500 familia baino gehiagorekin egin dituzte ekintzak. Halaber, adikzioen prebentzioan formakuntza jaso duten irakasleak gehiago direla azaldu dute: seiehun ziren 2018an, 1.066 2022an. Dena den, III. planaren ebaluazioak zaurgarriagoak diren taldeengan prebentziorako ekintza gehiago egiteko beharra mahaigaineratu du.
IV. plana egiteko prozesua ere antzekoa izaten ari dela esan du Illescasek: «Talde motore bat eratu dute eta sektore ezberdinetako hainbat profesional bildu dira bertan: prebentzioan dihardutenak, hezkuntzan…». Hark dioenez, Nafarroako egoeraren analisi bat egin dute gabeziak eta lorpenak identifikatzeko, eta orain elkarrizketa indibidualak egiten ari dira prozesuan parte hartu duten eragileekin. Gizakia Helburuk iaz III. planaren ebaluazioan parte hartu zuen, eta aurten ere buru-belarri dabil IV.a osatzeko lanetan. «Orain saio parte hartzaileetan murgildurik gaude: elkarrizketak ari dira egiten pertsona eta eragile gakoei, bakoitzak prebentzioan ditugun ekinbideak ezagutzeko».
Asko hobetzeko
III. planaren ebaluazio prozesuan aritu direnek, halaber, IV.aren oinarri izanen diren gomendio estrategikoak ezarri dituzte. Batetik, ondorioztatu dute eragileen arteko koordinazioa eta sare lana gehiago indartu behar dela, sektore eta entitateen arteko harremana indartzeko. Eraginkorrak izan diren prebentziorako tresnak erabiltzen segitzea ere gomendatu dute. Bestetik, premiazkotzat jo dute familien babesa hobetzea, sendi bakoitzaren bereizitasuna aintzat hartuz eta berau osatzen duten kide guztiek adikzioak prebenitzeko orduan duten egitekoan arreta jarriz.
Era berean, langile profesionalen formakuntza trinkotzea beharrezkoa dela iritzi diote, adikzioen prebentziorako nahikoa prestakuntza dutela bermatzeko. Prebentzio neurri horiek gazteengana iristeko beharra ere sumatu dute, eta, horretarako, sare sozialen bitartez eta Joven-Osasungaztea webgunearen bidez komunikazioa indartzea ezinbestekotzat jo, prebentzioa ardatz duten mezuak iturri fidagarrietatik sustatze aldera. Nafarroako Gobernuko Osasunaren Sustapenerako atalak pertsonen ongizate emozionala zaindu behar dela ere azpimarratu du, lagungarria izan baitaiteke adikzioak saihesteko eta horiek hobeto kudeatzeko.
«Prebentzio lana lehen hezkuntzara aurreratzea ezinbestekoa da; prebentzio kanpaina gehienak institutuan egiten dira, baina askotan kontsumoa hasita dago jada. Estrategiak eta tresnak aldez aurretik eskaini behar zaizkie gaztetxoei»
KRISTINA ILLESCAS Gizakia Helburu fundazioko zuzendari teknikoa
Illescasek Adikzioak Prebenitzeko Planaren funtzionamendua goraipatu du: «Guztiok parte hartu dugu, ikuspuntu desberdinekin, eta Nafarroan dauden errealitate ezberdinak ezagutu ahal izan ditugu». Ezinbestekotzat jo du lurraldean dauden berezitasunak aintzat hartzea: «Nafarroa iparraldean eta hegoaldean dagoen egoera guztiz bestelakoa da: hegoaldean, esaterako, etorkin gehiago bizi dira, beste behar batzuk dituzte, eta esku hartzerakoan kontuan hartzekoa da hori». Izan ere, fundazioko zuzendari teknikoak esan du drogen kontsumoaren inguruko ikuspuntua ezberdina izan daitekeela: «Kultura bakoitzak ikuspuntu, ohitura eta pertzepzio ezberdinak ditu, eta arazoak, beraz, ezberdinak izanen dira». IV. planak ere emakumeengan fokua areagotuko duela azaldu du Illescasesk: «Emakumeengan kontsumoa ezberdina da, eta, hortaz, prebentzioan egin behar den lana ere ezberdina da; bakoitzaren beharren arabera jokatu behar dugu».
Illescasek adierazle positiboak mantentzea eta gizartearen kontzientziazioa areagotzea aipatu ditu helburu nagusi gisa. «Gizartea berehalako kontsumoan dago oinarrituta, plazer inmediatoan, eta hori aldatzea ezinbestekoa da prebentzio eraginkor bat egiteko». Horretarako, esan du hezkuntzak duen papera ezinbestekoa dela: «Prebentzio lana lehen hezkuntzara aurreratzea ezinbestekoa da; prebentzio kanpaina gehienak institutuan egiten dira, baina askotan kontsumoa hasita dago jada. Estrategiak eta tresnak aldez aurretik eskaini behar zaizkie gaztetxoei».