Bihozkadak

Bihozkadak

Bihozkada bat izan nuen 2019ko Urtezahar gauean, familian urte berriari ongietorria emateko mahatsak kontatzen ari ginela: 2020a urte ona izango da. Konbentzimendu osoz pentsatu nuen, eta ez nintzen bakarra izan; ahots goran esan eta lehengusina batek arrazoia eman zidan; berak ere argi zeukan. Baikortasun partekatu horrek, ordea, ustekabeko errealitate batekin egin zuen talka: pandemia. Eta, halere, aurten 2025arekin izan dudan susmoa beteko delakoan nago; datorrena urte borobila izango da.

Bihozkadak, susmoak eta sineskeriak ia saihetsezinak izaten dira urte bat agurtu eta beste bat irekitzen dugunean. Erritualei eusten diegu —hamabi mahatsetatik hasita kulero gorriak janzteraino—, keinu «magiko» horiekin etorkizunean eragina izango bagenu bezala. Kontua da: zergatik egiten ditugu halakoak? Urte berri bati aurre egitea, ziurgabetasunari aurrez aurre begiratzea delako. Hala, aurreikusi ezin dugunaren aurrean, etorriko denaren gaineko ilusioa mantentzen saiatzen gara.

Zygmunt Bauman filosofo eta soziologoak zioen ziurgabetasuna dela dugun ziurtasun bakarra, eta, nahiko paradoxikoa dirudien arren, ez zitzaion arrazoirik falta. Pandemiak ongi gogorarazi zigun lezio hori. Ziurgabetasunak haztamuka ibiltzera behartzen gaitu, eta askotan, gure itxaropena eta espektatibak bihurtzen dira iparrorratz, iragar daitekeen etorkizun baten ideia irudipen hutsa baita muinean.

Zygmunt Bauman filosofo eta soziologoak zioen ziurgabetasuna dela dugun ziurtasun bakarra, eta, nahiko paradoxikoa dirudien arren, ez zitzaion arrazoirik falta.

Arlo pertsonal zein kolektiboan, gure bizitzako bazter guztietan sartzen da ziurgabetasuna, espero ez dugun edo ezezaguna zaigun horretara egokitzeko moduak bilatzera behartzen gaituelarik. Urrun joan gabe, BSHren Ezkirotzeko plantako 655 langileak datozkit burura. Nola onartu, aurretiazko inolako iragarpenik gabe, zure lantokia itxiko dutela? Nola barneratu, egun batetik bestera, zure egonkortasun ekonomikoa kolokan jartzen duen albistea?

Gure kontrolpetik at dagoena kudeatzen ikastea zaila da, oso. Kasu honetan, gainera, enpresa erabaki baten ondorioa da langile horien guztien egoera; lehiakortasuna edozein preziotan saritzen duen sistema kapitalista baten erabakia, alegia. Logika horrek ez du kontuan hartzen orain ziurgabetasunean murgilduta dauden pertsona horien egoera, erantzunik gabeko galderaz betetako etorkizun bati aurre eginean dabiltzanena.

Eta halakoetan, gure senak xuxurlatzen digun horri jaramon egiteko joera izaten dugu, gure barruko ahotsak dioenari erreparatzekoa, bihozkada horiek entzutekoa. Baina zer da horren atzean? Izan daiteke egoera ezezagun baten aurrean norabide bat proiektatzeko dugun beharra. Edo izan daiteke ezjakintasunaren aurrean erresilientzia lantzeko dugun ahalmenaren seinale ere. Etorkizunak zer dakarren jakiterik ez dagoen arren, gurea da datorrenari aurre nola egiteko erabakia. Modu batean edo bestean, indarra hartu eta itxaropena eremu emankor bihurtzeko gaitasuna lantzea.