Etxeetan da herriaren izaera

Etxeetan da herriaren izaera

Euskal Herrian ohitura handia da etxeei izena emateko. Belaunaldiz belaunaldi jaso dira izen horiek, etxearen eta herriaren historiaren transmisioan lagunduz. Beran, nahiz eta etxeen izenak bazekizkiten, orain arte ez dituzte agerian izan. Mugerri elkarteak eta Berako Udalak, elkarlanean, plaka ipini diete 160 etxeri, izena agerian: Etxe hauetan bizi da gure herriaren oroimena. Halaxe izendatu dute ekinaldia, eta, izenarekin batera, etxea dokumentaturik agertzen den datarik zaharrena jarri dute.

Proiektuak 2017an du hastapena. Berako Udalak Ilekueta auzoko etxeen izenak ipini zituen orduan, eta haren asmoa zen beste hainbeste egitea herriko etxe guztietan. Arrazoi batzuk tarteko, ez zuen halakorik egin. Iaz, Mugerri elkarteari proposatu zion horretan jarraitzea, eta bai jarraitu ere.

Dokumentazio eta bilketa lanak eginak zituzten lehendik. 1989an, Beraren mapa bat egin zuten: toponimia guztia bildu zuten han, eta, tartean, etxeen izenak. Berrikustea eta okerrik baldin bazegoen zuzentzea izan da oraingo lana. Horretarako, Bortzirietako Euskal Mankomunitateak txosten bat eskatu zion Euskaltzaindiari; etxeen izenak egoki idazteko gida bat, alegia.

«Etxe gehienek orain arte ez dute agerian eduki etxearen izena, eta horrek ez du laguntzen ez erabileran, ez ezagutzan»
JON ABRIL Mugerri elkarteko kidea

«Etxeen izenak ez dira galdu, baina erabiltzeko ohitura galdu da. Kezka hortik heldu zitzaigun», adierazi du Jon Abrilek, Mugerri elkarteko kideak. «Etxe gehienek orain arte ez dute agerian eduki etxearen izena, eta horrek ez du laguntzen ez erabileran, ez ezagutzan». Gaia landu bitartean, etxe batzuen izenak deskubritu dituzte, baina bakanak izan dira halakoak. Beste batzuetan, izena modu batean zegoen dokumentatua, eta, gero, bertako nagusiarekin hitz egitean, ohartu dira eskritura zaharretan beste izen bat zegoela. «Halakoetan, Euskaltzaindiarekin eta etxearen jabeekin solastatu gara, ados jartzeko».

Marrazkiak ere bai

Izenen plakez gainera, etxeen marrazkiak ere jarri dituzte. Pello Iratzokik marrazki bana egin zien etxe guztiei, auzoka, eta, orain, Mugerri elkarteak herri osoan ipini ditu, hamaika panelen bidez.

«Izenak ezagutaraztea da helburua, eta berariaz ikusten genuen toponimia eskoletan landu beharra», esan du Abrilek. Horretarako, haur eta gazteentzako jolas bat prestatu dute. Eskoletan banatzeko fitxak egin dituzte, eta baita karriketan jolasteko ginkana moduko bat ere. Etxeen izenen ezaugarriak landu nahi dituzte. Adibidez, jakinarazi dute Nafarroa iparraldean eta Ipar Euskal Herriko hainbat tokitan baita atzizkia eransten diotela etxe izen askori. Edo enea, etxe jabe edo etxea sortu zuenaren izena duenean. Ofizioak ere ikusten dira, herriko toki baten erreferentzia edo etxearen ezaugarri batena. «Asmoa da izenak nondik heldu diren ulertzea, eta belaunaldiz belaunaldi gureganaino transmititu direla ohartzea».